Kirola. Mendiko lasterketak

Amateur, baina profesional

Javi Domingueuzek eta Silvia Triguerosek eguneko orduak xurgatu egiten dituzte lanak eta familiak utzitako tarteetan entrenatzeko. Lehiatzen direnean, baina, parez pare aritzen dira profesionalekin.

Dominguez, lanetik aterata entrenatzen eta lanean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Lendinez
Elgoibar
2013ko irailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zer da zuretzat mendian korrika egitea? «Mendia dena da niretzat», laburbildu du Silvia Triguerosek. «Errepidean zarata handia dago, usain txarra, autoak. Mendian, berriz, bakardadea, isiltasuna, txoriak eta haizea. Mendian ez dago zaratarik, eta, gainera, orduak egin ditzakezu inorekin topo egin gabe». Gauza bera dio Javi Dominguezek, beste hitz batzuekin: «Korrika egiteak lasaitu egiten nau, askatu. Mendian korrika egitean, errepidetik urrun, naturaren parte naizela sentitzen dut. Bakardadeaz eta isiltasunaz gozatzen dut, baina baita beroaz, haizeaz, hotzaz eta euriaz ere. Ikaragarri gustatzen zait aldapa batean gora bihotza taupada bizian sentitzea. Ikusten dudana beste era batera sentitzeko aukera ematen dit».

Mendiko korrikalariak dira, baina ez dira profesionalak. Lan egiten dute, familia dute eta denbora librean egiten dute korrika. Dominguez eta Trigueros Chamonixetik (Frantzia) iritsi berri dira. Beste hainbat euskaldunek bezala Mont Blanc-eko Ultra Trailean (UTMB, 170 km, 10.000 m desnibel) hartu dute parte. Bi horiek, ordea, parte hartu ez ezik, amaitu eta postu ikaragarriak lortu dituzte: Javik hirugarren egin du, eta Silviak, bosgarren.

Javi Dominguezek 39 urte ditu, eta Fisikan doktorea da. Gasteizen bizi da, baina Elgoibarren (Gipuzkoa) egiten du lan, Ideko-IK4 enpresan, eta egunero goizean goiz hartu behar du autoa lankideekin lanera joateko. Zortzi orduko lanaldiaren ostean hasten da haren entrenamendua, arratsaldeko 18:00ak inguruan. «Etxera iritsi eta berehala kirol oinetakoak janzten saiatzen naiz, nagitu aurretik. Egunero saiatzen naiz hori egiten, baina ez dut beti lortzen [barrez]».

Silvia Triguerosek 37 urte ditu, abadiñarra da eta bi seme-alaba ditu. Arrasaten (Gipuzkoa) egiten du lan, Prebentzio eta Ingurumen Saileko arduraduna da Fagor-Ederlan enpresan. «13:00etan ateratzen naiz lanetik, lanaldi murriztua daukat-eta orain. Normalean lanean bertan arropa aldatu eta segidan joaten naiz entrenatzera. Lanean ohituta daude ni kirol jantziekin ikusten [barrez]». Lanaz gain, ordea, Silviak badu beste zeregin bat ere: familia. «Zorionez, senarrak asko laguntzen dit haurrekin, eta horri esker moldatzen gara etxea, lana eta entrenamenduak uztartzeko. Gainera, senarra oso mendizalea da, eta asko animatzen nau korrika egitera eta lehiatzera».

Plangintza bai, plangintza ez

Biek ala biek lasterketen arabera antolatzen dute denboraldia. Egutegia hartu, lasterketa batzuk aukeratu eta ondoren antolatzen dituzte entrenamenduak. Bien artean, ordea, bada alde bat: Silviak entrenatzailea dauka; Javik ez. Egunero ordubete edo ordu eta erdi entrenatzen omen dute astean zehar, eta asteburuan iristen dira saio luzeak.

«Plangintza bat egiten saiatzen naiz, baina ez dut lortzen [barrez], nahiko anarkikoa naiz horretan», Dominguezen esanetan. «Bi egunetan segidan entrenamendu berbera ez egiten saiatzen naiz. Esaterako, egun batean serieak egiten baditut, hurrengoan ordu eta erdiko korrikaldia egiten dut. Asteburuan bai, asteburuan saio luzeagoak egiten ditut, 3 ordutik 7-8 ordura bitartekoak. Pixkanaka, orduak, kilometroak eta desnibela pilatzen saiatzen naiz, baina jauzi handirik egin gabe. Bolumen progresiboa egiten dut, denboraldi hasieratik amaierara», gehitu du gasteiztarrak.

Silviak entrenatzailea dauka, eta hark esandakoa betetzen du: «Astean zehar 2-3 egunetan entrenatzen dut, 2 orduz edo 2 ordu eta erdiz. Saiorik gogorrenak asteburuan izaten dira: larunbatetan 3 ordu egiten ditut normalean, eta igandeetan, 5-6 ordu. Bizikleta estatikoa ere tartekatzen dut, giharrei atseden emateko. Haurren ordutegira ere egokitu behar izaten ditut entrenamenduak, eta, horregatik, batzuetan oso goiz ateratzen naiz, eta beste batzuetan, berriz, oso berandu».

Afizioa ofizio?

Dominguezek 21 ordu eta 17 minutuan amaitu zuen UTMB, eta 3. postuan sailkatu zen. 28 ordu eta 13 minutu behar izan zituen Silviak munduko mendi lasterketarik gogorrena amaitzeko. Bosgarren izan zen helmugan, eta onenen artean amaitu zuen abadiñarrak. Amateurrek moduan entrenatuta profesional eta faborito askoren aurretik helmugaratu ziren biak. Korrika egitea afizioa da oraingoz bientzat, baina afizioa ofizio bihurtuko al da haientzat hemendik aurrera?

«Ez, ezingo nuke, ezta nahi ere», dio, garbi, Dominguzek. «Honetatik bizitzeko pribilegiatua izan behar duzu: alde batetik, entrenamendu saio ikaragarriak onartzen dituen gorputza izan behar duzu; eta, bestetik, gogoa ere izan behar da hau egiteko. Denbora gehiago edukiko banu eta gehiago entrenatuko banu, ez dakit buruak onartuko lidakeen. Zaindu ere gehiago zaindu beharko nuke». Eliteko kirolariak asko entrenatzen dira, eta asko zaintzen dira. Dominguez fisikaria da, eta harentzat hori da lehentasuna. «Gainera, beste hainbat gauza ere egiten ditut, eta ez ditut horiek alboratu nahi: lagunekin irten, Gasteizen Hala Bedi irrati librean aritzen naiz tarteka, mendi-eskia ere ikaragarri gustatzen zait...». Hala ere, «aukera suertatuko balitz eta lanarekin ongi egokituko banu, lasterketa batzuk egiteko konpromisoa hartuko nuke markaren batekin, baina nire bizimodua honetara mugatu gabe». Mendian korrika egitea gustatzen zaio, «baina ez dut obsesionatu nahi».

Triguerosek uste du «ezinezkoa» dela mendiak korrika egitetik bizitzea, «edo oso zaila dela». «Oso jende gutxi bizi da korrika egitetik. Berez, gustatu gustatuko litzaidake, baina oso zaila da. Egia da lasterketa hau oso handia dela eta profesionala izan gabe profesional batzuen aurretik geratu naizela, talde handietako lasterkarien aurretik. Baina alde handiago dago lasterketa handi batean postu on bat egitetik, honetatik bizitzera».

Elikadura eta gastuak

Entrenamenduaz eta materialaz gain, jatekoa ere asko zaindu behar da maila gorenean lehiatzeko. Eta zenbait gauza ere alboratu behar izaten dira askotan.

Dominguez dieta begetarianoa egiten saiatzen da, baina ez duela lortzen dio. «Bestela ezingo nintzateke sekula lagunekin afaltzera joan, ezta amarenera bazkaltzera ere [barrez]». Zaintzen saiatzen da: «Oso haragi gutxi jaten dut, baina gainerakoan, denetarik sartzen dut elikaduran. Gainerakoan, parrandaren bat edo beste egin dut Gasteizko jaietan, eta noizean behin, lagunarteko garagardoei ere ez diet muzin egiten».

Triguerosek ere denetarik jaten du, «oso jatuna» da. Parranda gutxi egiten ditu, «baina ez kirolarengatik edo gustatzen ez zaidalako, seme-alabak ditudalako baizik! [barrez]». Bizio txiki bat ere badauka: izozkiak. «Udan nahiz neguan, urte osoan jaten ditut. Afalostean, haurrak ohean sartu eta gero, izozki bat jaten dut ia egunero».

Dominguezek eta Triguerosek biek ala biek euren patrikatik ordaintzen dute ia dena: izen emateak, bidaiak, materiala... Trigueros Gasteizko mendi taldean sartuta dago, eta «hitzarmen moduko bat» daukate denda txiki batekin, materiala merkeago lortzeko. Lasterketetara joateko bidaiak eta izen emateak berak ordaintzen ditu. Horrez gain, entrenatzailearen gastua ere badauka. Zer eta nola egiten dudan kontrolatzea gustatzen zaio, eta taula bat egiten du urtero. Dena idazten du bertan: lasterketan egindako denbora, postua, baita gastuak eta diru sarrerak ere. «Dena den, neskok zorte handia daukagu», dio, «gutxiago gara, eta postu ona eginez gero, dirua irabaz dezakegu, edo gutxienez, gastuak kitatzeko beste atera».

Dominguezek ere hitzarmena dauka «Gasteizko denda txiki horrekin» zenbait lasterketa egitearen truke materiala merkeago lortzeko. «Laguntza handia da egia esan, gainerako guztia nik neuk ordaintzen baitut». Lasterketaren batera gonbidatu dute inoiz, baina ez besterik. Bidaietan ere oraingoz ez du diru asko gastatu, Euskal Herrian eta inguruan egiten baititu lasterketa gehienak. «Aurten UTMBn eta Mallorcako Ultran egon naiz, baina ez da ohikoena. Eta hemendik aurrera, auskalo. UTMB egin ostean markaren batek esan dit deituko didala, baina oraingoz ez dut proposamen zehatzik jaso. Nire bi pasioak korrika egitea eta bidaiatzea dira, eta aukera sortuko balitz, babesleren batek hala eskatuko balit, prest egongo nintzateke lasterketa batzuk egiteko konpromisoa hartzeko, horri esker bidaiatzeko aukera izango banu».

Dominguez asfaltoan hasi zen korrika. Maratoia jarri zuen helburu, eta hori egin ostean deskubritu zuen mendia. Silvia, berriz, betidanik izan da mendizalea, baina orain arte oinez baino ez da ibili mendian. Noiz arte iraungo die, baina, zaletasun honek?

Gorputzak utzi arte

Korrika eginez gozatzeari uzten dion arte Dominguezi, «gorputzak, buruak edo bestelako kontuek (familia, lana...) uzten didaten bitartean». «Gorputzak kito esan arte» Triguerosi.

Urteko helburu nagusia izan da UTMB bientzat, baina lasterketak ez dira oraindik amaitu. Urtea korrika amaituko dute biek, eta 2014rako helburuak zehazten ere ari dira pixkanaka. «Bi hilero bat egingo dut, gutxi gorabehera», dio Triguerosek, «Euskal Herrian Hiru Handiak eta Ehunmiliak (edo G2H) seguru egingo ditut. Kanpoan ere egingo ditut lasterketak, eta baliteke datorren urtean ere Chamonixera joatea».

Dominguezek irailaren 21ean Cavalls del Vent (100 km, Katalunia) egingo du. Ondoren, beste lasterketaren bat, baina laburragoa. Eta urtero bezala, Elgoibarren amaituko du denboraldia, Karakateko igoeran. Datorren urterako, berriz, hainbat helburu dauzka: «Ehunmiliak proba egingo dut, esaterako, eta segur aski, Tor des Geants egiten ez badut behintzat, berriz ere Chamonixen-en ikusiko dugu elkar!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.