Naturaren kaos ordenatuan orroka jausten den Simbuwa Khola ibaiaren ertzetik doa bidezidorra.
Mendi izoztuak, errododendroz osatutako baso ainubea, malda pikoak, luiziak. Non da herria? Luze ibilita, zelai isil batean hortxe Torton herria. Basoan murgildurik. Hiru etxe. Hamabost biztanle. Naturarekin oreka perfektuan.
Dawaren sukaldean lurrinak ingurua lausotzen du, basoa leihotik sartzen delarik. Tomba edaten gaudela, urrezko belarritakoak dituen emakume nepaldar dotore batek azaldu digu irakurri duen berria. Geografia, orografia, nekazari izaera, etnia ezberdinen arteko bizikidetza, naturarekin bizimolde orekatu perfektua ikusita, gobernuak hori babestuko duela erabaki du. Non-nahi ur-jauziak dituztenez, herri bakoitzak doako zentral hidroelektriko txiki bat izango du, eta nahi adina argindar eskuratuko du, sukaldeetarako, berogailuetarako, dutxetarako... Torton guztiek anbulatorio aurreratua izango dute. Lurra aberatsa izanik, elikagai berriak sustatu eta ekoitziko dituzte: ahuakateak, tomateak, laranjondoak, sagarrondoak,... Tortondarrek ez dute zergarik izango; enpresa handiek ordainduko dituzte haienak. Erakundeetako auto ofizial guztiak desagerraraziko dituzte, gudarostea deuseztatuko. Ez dute errepide gehiago irekiko ezinezko orografia honetan. Nepaleko eredu perfektua. Pertsona naturarekin uztarturik, bizitza orekatua modernitatearen erosotasun guztiekin.
Jauzi bortitz batek esnatu nau. Amets bat izan dut. Jeepa zuloz eta harri handiz betetako pista mehar beldurgarri batetik behera doa, amildegiaren ertzetik, errebuelta beldurgarriak hogei metrotik hogei metrora. Besoburuan mina dut, lokarturik ditut belaunak. Taplejun herrian, The Himalayan News egunkarian irakurri genuen Nepaleko gobernu marxista-leninistak pista berriak –180.000 kilometro!!!– egiteko lanak esleitu dituela. Suitza, Txina eta Indiako enpresek negozio ederra dute begi-bistan. Errepide horietatik kontsumorako gaiak Tortonera helduko dira. Ez doako argindarrik, ez elikagai berririk; bai, ordea, zergarik. Pertsonak kontsumitzaile bihurtuz. Iratzartze garratza izan da.