Artistak Mariren erreinuan

Gipuzkoan sartu, eta bertako parajerik ederrenetakoez gozatu dute Urmuga egitasmoko abenturazaleek: Aizkorriko ertza eta Urbiako zelaiak. Bat-batean, hiru funanbulista agertu dira, eta kantuz bete dute Mariren bizilekua.

Artistak Mariren erreinuan.
Joxemi Saizar.
2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Arantza artean Rodrigo Baltzategi artzainari Ama Birjina azaldu zitzaionean,1469an, eta 1522an Ignazio Loiolakoa pasatu zenean, inork ez zuen pentsatuko urte askoren ondoren haren omenez halako santutegia eraikiko zenik, euskal arte eta kulturako izen nagusiak elkartuz: Oteiza, Txillida, Basterretxea, Sainz de Oiza, Laorga, Eulate…

Arantzazutik (Oñati, Gipuzkoa) abiatu, eta Durun barrena igo dira urmugalariak Eskistara, txabola eta iturria bertan. Artalde ugari. Artzain eskola ez dago urruti. Aizkorritxo pasatu, eta laster igo dira ertz aldera. Arbelaitz da lehen tontorra, eta aurretik eta ondoren kontuz ibili behar da zati batzuetan. Putreak inguruan bueltaka. 1.500 metrotik gorako zortzi tontor dira inguruan. Horietako lau pasatu dituzte: Iraule, Aitxuri, Aketegi eta Aizkorri. Bista ederrak daude hortik; tartean karabana bat agertu da, zirku konpainia bailitzan, eta, Arbelar aldean, sakonunetxo batean instalatu dira. Hor datoz, musikariak eta teknikariak, ikuskizuna eskaintzeko prest.

Dena muntatu bitartean, albokari eta trikitilari espontaneo batzuk hasi dira giroa alaitzen. Eguraldi ederra, ikusleak belarretan eserita eta etzanda. Abereak inguruan, zintzarriak ondo afinatuta, erritmoa markatzeko prest. Maddi Oihenart zuberotarrak hasi du bere aitortza, inguruko bazterrak maite dituela adieraziz, lanbroak ezkutatzen dizkionean. Eta, behin kutxa magikoaren estalkia irekita, hango eta hemengo sortzaileen gaiak jorratzen jarraitu du, Iparraldekoak nagusiki. Alboetan, malabarista eta magoa: Juantxo Zeberio teklen arduradun, eta Gorka Benitez saxoari eta flautari haize eginez. Ikuskizuna udan kantari den txori erresiñulari dei eginez amaitu dute, ikusleen gozamenerako. Arantzazura bueltan, laster ilunduko du, eta Mari agertuko da hegan, suzko lorratz bat utziz.

BIHARKO ETAPA:

Uztailak 22: Aralar (Aizpearro) 18:00

Donostiako Orfeoia, Et Incarnatus Orkestra, Txomin Artola, Leire, Kristina eta Xabier Berasaluze Leturia, Xendarineko ahizpak, Oreka TX, Gorka Benitez (saxoa), Juantxo Zeberio Etxetxipia (pianoa) eta Enrike Solinis (gitarra).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.