Frantziako Pierra Menta lasterketatik iritsi berri dira biak. Lau eguneko lasterketa da, Grand Course zirkuituaren barruan dagoena. Aurretik, otsailaren amaieran, Mendiko Eskiko Munduko Txapelketa jokatu dute Italian, Espainiako selekzioarekin. Urte biribila daramate Pablo Oderizek (Iruñea, 1997) eta Txomin Ortiz de Zaratek (Asteasu, Gipuzkoa, 2001). Gaur egungo eta etorkizuneko eskiatzaileak dira biak ere. Denboraldiaren hondarretan, urte honetako esperientzien berri eman diote BERRIAri.
Lehenik eta behin, nola joan da Pierra Menta?
PABLO ODERIZ: Niretzat, munduan dagoen lasterketarik onena da: giro bikaina, maila ikaragarria, eta hango ibilbideak oso alpinoak, teknikoak eta ikusgarriak izaten dira. Lasterketaz gain, oso giro ona izaten dugu elkarren artean, bai italiarrekin, frantziarrekin, suitzarrekin...
TXOMIN ORTIZ DE ZARATE: Oso lasterketa polita izan da, eta 11. postua lortu dut Paul Vignes frantziarrarekin bikotea osatuz. Denboraldia amaitzeko bi lasterketa gelditzen zaizkit oraindik, eta ea denboraldia ondo bukatzen dudan.
Azken urteetan, lasterketa asko egindakoak zarete, baina nondik datorkizue eskirako zaletasuna?
P.O.: 3 urterekin hasi nintzen eskiatzen. Gero, eski alpinoan lehiatzeari ekin nion, baina aitarekin eta Candanchuko [Aragoi, Espainia] lagun batzuekin saiakera batzuk eginak nituen mendiko eskian. Haiek hasiberriak ziren diziplina horretan. Duela hiru urte hasi zitzaidan mendiko eskiaren mundua interesatzen. Nire klubari esker hasi nintzen zaletzen eta entrenatzen.
T.O.Z.: Gurasoek txikitatik eraman naute mendira gauza desberdinak egitera: eskalatzera, eskiatzera, mendian ibiltzera, arroilak jaistera... Ordutik datorkit zaletasuna.
Etxean beste eskiatzailerik izan al duzue?
P.O.: Egia esan, beti izan ditut eskiatzaileak etxean. Bai aitaren aldetik eta bai amarenetik, eta horietako asko goi mailan ere lehiatu izan ziren. Txikitatik mundu honen barruan ibili izan naiz, eta uste dut oso garrantzitsua izan dela nire bilakaeran.
T.O.Z.: Bai. Gurasoak eta anaia eskiatzaileak dira, eta asko bultzatu eta lagundu didate mundu honetan sartzen.
Beste kirolik egiten al zenuten eskiatzen hasi aurretik?
P.O.: Eskia izan zen egin nuen lehen kiroletako bat, lehena ez bazen. Oso txikitatik hasi nintzen. Madrilen bizi ginen, eta asteburuero Candanchura joaten ginen gurasoekin, anaiak eta biok eski alpinoa egin genezan. Era berean, eskolako futboleko eta atletismoko taldean aritzen nintzen. Kirol asko egindakoa naiz, eta ordu asko sartu ditut bai tenisean, bai padelean, pare bat urtean hockeyan, waterpoloan, baina bereziki golfean. Uda osoa pasatzen dut golfean, bai entrenatzen eta bai lehiatzen.
T.O.Z.: Eskiatu, 3 urte nituenetik eskiatu dut, baina, lasterketetan hasi baino lehenago, mendiarekin zerikusia duten kirol asko egin izan dut. Horiez gain, txirrindularitza eta izotz hockeya ere probatutakoa naiz.
Diziplina askotan lehiatzen zarete, baina non aritzen zarete gustuen?
P.O.: Gaur egun, diziplina guztietan lehiatzen naiz. Datorren urtera begira, bi diziplinatara mugatu nahi nuke: bakarkakoan eta esprintean saiatu nahi nuke; azken horretan, gehienbat. Uste dut espezialista bihurtzea dela etorkizuna. Adibide bat jartzearren: zu 10 kilometroko lasterketa baterako eta 1.000 metroko baterako batera entrenatzen bazara, batetik galdu egin behar duzu bestean irabazteko. Ezaugarri eta ahal fisiko ezberdinak behar dituzte. Berdin gertatzen da mendiko eskian. Bakarkakoa da gehien gustatzen zaidana, eta erosoen sentitzen naizena, baina esprintean aritzen naiz ondoen.
T.O.Z.: Mendiko eskian lau modalitate daude: esprinta, hiru edo lau minutuko lasterketa bat, ibilbide motzekoa eta aldaketa askokoa; bertikala, igoera bakarreko lasterketa, normalean 450 metro eta 600 metro arteko desnibelarekin; banakakoa, ibilbide luzea, mendian, hainbat igoera eta jaitsierarekin, mila metroko desnibelarekin gutxi gorabehera; eta binakakoa, banakakoaren antzeko ibilbidearekin, baina bikoteka. Banakakoa eta binakakoa gustatzen zaizkit gehien, hori baita mendiko eskia.
Zuk, Oderiz, lasterketa asko egin dituzu azken urteetan Iñigo Martinez de Albornozekin. Europan etorkizun handiena duen lasterkari horietako bat al da?
P.O.: Iñigok eta biok gauza asko partekatu ditugu gure bizitza guztian, eta ia-ia kirol ibilbide osoa ere bai. Txikitatik, eski alpinoko talde berean geunden. Orain ere elkarrekin entrenatzen gara, eta ia lasterketa eta lehiaketa guztiak partekatzen ditugu. Talentu handiko kirolaria da Iñigo, Italiako Munduko Txapelketetan ikusi dugun moduan. Hala ere, haren onena iristeko dago oraindik.
Zuk, Ortiz de Zarate, postu onak lortu izan dituzu umetatik. Horrek presio handiagoa eragiten al dizu?
T.O.Z.: Normalean, ez dut presiorik izaten, baina lasterketa garrantzitsu batean beti dago presio hori.
Nolako esperientzia izan da Italiako Munduko Txapelketetakoa?
T.O.Z.: Oso esperientzia polita izan da. Mundu guztiko lasterkariak ezagutu ditut, oso giro ederra zegoen gure artean, eta ibilbideak ere oso politak izan dira. Gainera, laugarren postua lortu genuen erreleboen modalitatean Pablorekin eta Julia Casanovas kataluniarrarekin. Oso garrantzitsua izan da ikustea munduko txapelketa batean podiumetik hain gertu ibil gaitezkeela.
P.O.: Iaz ere aritu nintzen Munduko Kopan eta Europako Txapelketetan, baina Munduko Txapelketan lehiatzea beste gauza bat izan da. Koska bat igotzearen modukoa da. Hango maila Europako Txapelketa baten parekoa da, baina lehiaketari beste begirada batekin begiratzen diogu, agian gogo gehiagorekin. Izugarrizko esperientzia izan da.
Nola sentitu zarete munduko onenekin lehian?
P.O.: Lehen lasterketetan txikia sentitzen zara munduko onenen ondoan. Zera pentsatzen duzu: zer egiten dut nik hemen? Izututa sentitzen zara gainera zer datorkizun pentsatzen jartzen zarenean. Gero, bakoitza geure lekua hartuz joaten gara, jendea ezagutzen duzu, eta erosoago sentitzen zara.
T.O.Z.: Ni ere, Pabloren antzera, hasieran lekuz kanpo sentitzen nintzen, eta pixka bat beldurtuta-edo; baina gero zure lekua hartuz joaten zara, baita eroso sentitzen ere. Oso sentipen polita da munduko onenen artean zaudela sentitzea.
Zerk motibatzen zaituzte mendiko eskian jarraitzeko?
P.O.: Mendiak eskaintzen dizkidan ikuspegiak, talde polit batekin joatea eta bertan izaten dugun giroa. Oro har, mendiak betetzen nau. Entrenatzeko ezberdina da, orduan helburu bat behar izaten dut. Gogorra izaten da eguraldi txarrarekin irtetea, zerbait egin behar duzunean irtetea, edo oso ondo egon gabe ere irten beharra. Helburu jakin bat izatea gustatzen zait denboraldi hasieran, eta gero bi edo hiru helburu txiki.
T.O.Z.: Mendiko eskiak dituen gauza guztiek erakartzen naute. Ez da eskiatzea bera bakarrik: eguraldia, elurra, norekin zauden eta abar. Hori guztia da mendiko eskia. Askotan sufritu behar izaten da. Hala ere, beti gozatzen dut.
Zu, Ortiz de Zarate, Espainiako txapeldun izan berri zara kadeteetan. Zer esan nahi du horrek?
T.O.Z.: Niretzat, erronka ikaragarria izan da Espainiako txapeldun izatea. Kontuan izan, hemen Gipuzkoan, ez dugula elurrik, eta beste lasterkari asko elurretan bizi direla; esaterako: Kataluniakoak, Aragoikoak... Oso pozik nago.
Gustura al zaudete orain arteko denboraldiaz? Espero zenituzten emaitzak lortu al dituzue?
P.O.: Denboraldia ondo doa oro har. Munduko Kopako zirkuitu osoa egiten ari naiz, eta hori sari baten modukoa da. Munduko Txapelketan 4. eta 6. postuak lortu ditut, eta 5. postua Munduko Kopan. Horrez gain, Espainiako Txapelketan urrea lortu nuen esprint diziplinan. Urteko helburua Munduko Txapelketako esprinteko diziplinako finalean egotea zen. Ezin izan dut lortu, baina zaila izaten da iritsi eta dena lortzea. Ondo etorri zait lanean buru-belarri jarraitzeko.
T.O.Z.: Espero nituen emaitzak lortzen ari naiz, eta espero ez nituenak ere bai [barreak].
Zer gustatzen zaizue gutxien mendiko eskiaz?
T.O.Z.: Dena gustatzen zait.
P.O.: Oro har, ez dut ezer desatseginik. Gauza batzuk besteak baina gutxiago gustatzen zaizkit, baina dena gustatzen zait.
Nola uztartzen dituzue ikasketak eta eskia?
T.O.Z.: Ez da erraza. Denboraldia hasten denetik bukatu arte, asteburuero lasterketak izaten ditut, eta tartean azterketak daude. P.O.: Txominek esan bezala, hori da zailena. Industria ingeniaritza ikasten ari naiz, eta denbora asko behar dut. Egutegia da okerrena. Mezu asko bidali behar izaten dizkiet irakasleei, azterketak aldatzeko, lanak entregatzeko... Klaseko ordu asko galtzen ditut gainera, eta oso zaila da horiek berreskuratzea.
Kilian Jornet ezagutzen duzue, eta harekin egoteko aukera ere izan duzue. Nolakoa da?
P.O: Iaz ezagutu nuen, orduan sartu bainintzen selekzioan. Ikaragarrizko pertsona da, baina kirolari gisa ez du parekorik. Beti dago zerbait irakasteko prest, inoiz ez diozu uzten harengandik zerbait ikasteari. Lasterketaren aurretik, harekin joaten gara zirkuituak ikustera; ikuspuntu oso ezberdina du lasterketez: non eraso egin, jaitsieretan nondik joan, denbora non irabazi... Azkenean, gauza txiki horiek guztiek denbora aurrezten dizute lasterketan.
T.O.Z.: Nik ere iaz ezagutu nuen Kilian, eta aurten ere harekin egoteko aukera izan dut. Oso pertsona ona eta jatorra da mundu guztiarekin, eta, nire ustez, eredu bat da mendizale guztientzat.
Oderiz, zein dira Ortiz de Zarateren doaiak?
P.O.: Mutil bikaina da Txomin. Mendiko eskia egiten hasi nintzenean ezagutu nuen, eta berarekin ibili naiz taldean. Aurten, Munduko Txapelketan ere elkarrekin ibili gara. Beti hor izaten da garai txarrenetan, bere gurasoen antzera. Bera ikusteko kilometro mordoa egin behar izaten dute. Oso jende oneko familia da Txominena.
Eta, Ortiz de Zarate, zertan da indartsua Oderiz?
T.O.Z.: Oso pertsona gogorra eta indartsua da Pablo. Oso lehiakorra da, eta oso serio hartzen ditu entrenamenduak. Etorkizun handiko eskiatzailea da.
Lehen esan duzunez, Oderiz, zure beste kirola golfa da. Zer moduz aritzen zara golfean?
P.O.: Onena zera da: eskiarekin bateragarria dela, bat udan eta bestea neguan egiten direlako batez ere. Okerrena, berriz, zera da:ordu asko sartu behar direla eta oso zaila dela urte osoan aritu gabe mailaz igotzea. Eskia amaitzen dudanean, golfean murgiltzen naiz. Ia egunero jokatzen dut, eta klubean ere laguntzen diet gazteen prestakuntzan. Aurtengo udan agian gutxixeago jokatuko dut golfean, eski denboraldia hobeto prestatzeko.
Pablo Oderiz eta Txomin Ortiz de Zarate. Mendiko eskiatzaileak
«Askotan sufritzen da, baina beti gozatzen da»
Etxetik jaso dute mendirako eta eskirako zaletasuna, eta umetatik dakite zer den mendiko eskian gozatzea eta goi mailan lehiatzea. Lehia eta emaitzak baino gehiago, ordea, eskiatzaileek elkarrekin izaten duten giroa nabarmendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu