Eneko Aliende. Mendi lasterketetako euskal selekzioko hautatzailea

«Aurpegi berriak egongo dira, baina askok errepikatuko dute»

Ez da erraza Alienderen lana: korrikalari on askoren artean aukeratu behar du, zaindu egin behar ditu, eta haien lanari distira ateratzen saiatu behar du, Euskal Herrian eta nazioartean, baliabide gutxirekin.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Gasteiz
2015eko martxoaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ikasketaz soin heziketako irakaslea izan arren, gaur egun tailer batean egiten du lan Eneko Aliendek (Gasteiz, 1976), mendi lasterketetako euskal selekzioko hautatzaileak. 2010ean hartu zuen hautatzaile kargua. Aurretik, Goio Larrañaga, Rosa Lasagabaster eta Gaizka Itza izan ziren kargu horretan.

Nolatan hasi zinen mendi lasterketetako euskal selekzioko hautatzaile lanetan?

2006an Marta Oteiza bikotekidea selekzioan zegoen, eta oso gertutik ezagutu nuen euskal selekzioa. Ahal nuen guztietan bidaiak partekatzen nituen, pare bat aldiz autoa gidatu nuen, eta anoa guneetan laguntzen aritua naiz. 2009an, Jokin Lizeagak bultzatuta, laguntzera sartu nintzen. Selekzioko hautatzaile lanetan, berriz, 2010ean hasi nintzen, betiere beste norbaiten laguntzarekin: hasieran Kepa Larrea izan nuen lagun, gero Oihana Azkorbebeitia eta, orain, Iñaki Uribe-Etxebarria. Iñaki fitxatzea hautu paregabea izan da, korrika ere ederki ibiltzen da eta.

Nork eta noiz sortu zuten euskal selekzioa?

Ez nago ziur, baina Antxon Bandres zenaren garaian sortu zela esango nuke, 2000. urtean. Orduan, Goio Larrañagak zuzentzen zuen selekzioa. Urte zailak izango ziren: lau korrikalari eta lasterketa gutxi ziren gurean, kritika gogorrak jaso zituzten federazio barrutik eta kanpotik... uf. «Mendira korrika?», galdetzen zieten.

Zein izan ziren zure lehen selekziokideak? Eta nola hautatu zenituen?

Taldea erdi egina zegoen. Jokin Lizeagak gogor estutzen zituen selekziokideak. Izen handiko korrikalariak zeuden: gizonetan, Fernando Etxegarai eta Jose Felipe Larrabazal, eta, nesketan, Alizia Olazabal, Oihana Azkorbebeitia eta Ainhoa Jauregi ziren indartsuenak. Urte horretan, besteak beste, Zigor Iturrieta, Aritz Kortabarria eta Txus Romon sartu ziren selekzioan. Baina, oker ez banago, ni hautatzaile nintzela Elena Calvillo, Aitziber Ibarbia eta Oier Ariznabarreta izan ziren hautatu nituen lehen korrikalariak. Lehen, oso lasterketa gutxi antolatzen ziren, eta korrikalari guztiak joaten ziren. Hautatzailearen lana errazagoa zen: ez zegoen zalantza egiterik. Halere, korrikalariak aukeratzeko, onena haiekin hitz egitea da. Galdera sinplea da: «Jendea gogor estutzen ari da, ezta?».

Zein izan zen selekzioarekin atzerrira egin zenuen lehen bidaia?

Lehen urtean, gertuko bidaiak egin nituen, autoan: Kataluniara, Portugalera eta Frantziara. Bidaia errazak izaten ziren. Tartean hegaldirik ez dagoenean, ez dago arazorik, ordutegiak malguagoak direlako. Hegazkina hartu behar denean berriz, uf... maleta handiak, galdutako maletak, baten bat beti berandu iristen da... Beti dago zerbait, saltsa. Italiara joan nintzen lehen aldian denetik gertatu zitzaigun.

Nork antolatzen ditu bidaiak?

Iñakik [Uribe-Etxebarria] eta biok, Euskal Mendi Federazioko zuzendari teknikoaren laguntzarekin: lasterketaren antolatzaileekin harremanetan jarri izen emateak egiteko; lo egiteko lekua bilatu, ahal bada apartamentuak; Skoda Menabin autoak eskatu; urrun joan behar badugu, hegazkin txartelak erosi; eta korrikalariak antolatu. Horrela esanda, erraza ematen du, baina denbora gehiena hori guztia antolatzen ematen dugu. Ikusten ez den lana da, baina horixe da gogorrena.

Nola izaten da euskal selekzioaren lasterketa egun bat atzerrian?

Oso atseginak izaten dira, ditugun korrikalariekin taldean bidaiatzea oso erraza baita. Adibidez, Italiara joateko, ostiralean irteten gara, normalean Zaragozatik (Espainia), prezio apaleko hegaldi batean. Gauean iristen gara apartamentura. Lo egin ondoren, korrikalariak hankak luzatzera ateratzen dira, ahal bada lasterketaren ibilbidetik. Guk, bitartean, erosketak egiten ditugu. Guztion artean bazkaria prestatu, lo kuluxkatxo bat egin, eta dortsalaren bila joaten gara. Lasterketa aurreko antolatzaileen hitzalditxoa entzun, gainerako korrikalariekin elkartu, eta, ondoren, afaldu. Afaltzeko garaian lasterketarako estrategiak komentatzen ditugu, eta orduan erabakitzen dugu lasterketaren zein lekutan egongo garen gu, korrikalariei erreferentziak eta Maxim gelak eta edaria emateko. Giro ederra sortu ohi da; urduritasuna hurrengo goizerako uzten dugu. Igandean, lasterketa bukatu eta gero, mahai inguruan komentatzen dugu gertatutakoa. Astelehen goizean, etxerako bidea hartzen dugu.

Zein da selekzioaren egitura?

Orain, egia esan, ez dakit [barrez]. Aldaketa ugari izan ditugu, baina esan dezakegu oinarri finko bat badaukagula skyrace motako lasterketak egiteko. Aurten, estreinako aldiz parte hartuko dugu ultra lasterketen eta kilometro bertikalen Espainiako Txapelketan. Talde bat baino gehiago izango dira; oraindik osatzeke daude, beraz pentsa nola gabiltzan. Gainera, hasiera batean, kilometro bertikalen kopa ere egin nahi dugu.

Nola antolatzen duzue denboraldia?

Aurrekontuaren eta lasterketen arabera. Helburu nagusia Munduko Kopan lehiatzea da beti. Lau probatan lehiatu behar da gutxienez. Helburua da ahalik eta korrikalari gehien sartzea lehenengo hamarren artean. Gero, Espainiako hainbat txapelketa eta kopa ditugu. Aurten, gertutasunagatik eta erakargarritasunagatik, ISF Nazioarteko Skyrunning Federazioko National Series-ak egingo ditugu. Euskal Herrian lau proba egingo dira: bi Gipuzkoan (Zegama-Aizkorri eta Zumaiako Flysch Trail), bat Bizkaian (Zeanuriko Gorbeia Suzien) eta beste bat Nafarroan (Izabako Camille Extreme). Gainerakoak Andorran eta Katalunian dira.

Selekzioaren oinarriak Urnietako (Euskal Herriko Txapelketa, igandean) eta Zegamako lasterketen ondoren zehaztuko ditugu. Aurpegi berriak egongo dira, baina askok errepikatuko dute.

Bakoitzak bere prestatzaile fisikoa dauka, ala Jokin Lizeagak prestatzen ditu guztiak?

Guk guztiei eskaintzen diegu Jokinen laguntza, baina gero bakoitzak erabakitzen du. Jokin, oso korrikalari ona izateaz gain, maisua da entrenamenduak jartzen. Goi kirolari asko dauzka bere esanetara, eta emaitzak bikainak izan dira: Aritz Egea, Iban Letamedi, Manuel Merillas...

Zenbateko aurrekontua izaten duzue?

Gutxi, 24.000 euro. Bidaiak, esfortzu probak eta planifikazioa ordaintzeko izaten dira.

Federazioaren laguntza nahi adinakoa da?

Ahal dutenarekin laguntzen digute. Egungo zuzendaritza batzordeak erabateko babesa eman digu, eta ahal duten guztia ematen digute. Pozik gaude, inoiz izan ez dugun harremana daukagu federazioarekin.

Krisiak eragin al dio selekzioari? Iazko emaitza onek izan al dute islarik babesle berriak lortzeko orduan?

Bai noski. Federazioak diru gutxiago jaso du, eta laguntzak murriztu ditu, ez bakarrik mendi lasterketetan, arlo guztietan baizik. Halere, aurten zortea izan dugu. Iazko emaitzei esker, betiko babesleei eutsi diegu eta bi berri lortu ditugu, Jaso eta Ampo. Horiei esker gauza gehiago egitera animatu gara. Ternuak eta Lorpenek arropa ematen digute, korrika egitekoa eta kalekoa; Hernaniko (Gipuzkoa) Ibaimendi dendak oinetakoekin laguntzen digu; Maximek janari energetikoarekin; eta Skoda Menabik autoak uzten dizkigu, bidaiak egin ahal izateko. Euskal Herriko selekzioa izanik, garrantzitsua da etxeko babesleak izatea, kanpora joaten garenean herrialdearen irudia baikara. Korrikalariek beraiek ere bilatu eta lortu izan dituzte babesleak. Aurten, gainera, Aritz Gordoren laguntza izango dugu argazkiekin, eta inoiz izan ez dugun lekua izango dugu sare sozialetan. Asko zor diogu Gordori.

Zenbat diru gehiago kostako zaio selekzioari ultretako eta kilometro bertikaletako selekzioak izatea?

Dirutan ez dakigu, egia esan, baina ahaleginak merezi duela uste dugu. Hankamotz gelditu gara skyrace lasterketetan bakarrik lehiatzen. Kirol hau asko hazi da, eta lasterketa mota gehiagotara iritsi behar genuen. Korrikalariek ondo hartu dute, eta laguntzeko prest azaldu dira. Eskertzekoa da.

Maite Maiora edo Oihana Kortazar lasterkariak ezin hautatu izanak buruhauste handiak sortzen dizkizu? Nola ikusten duzu nesken etorkizuna?

Egia esan, ez da buruhauste handia. Harreman ona dugu biekin, biak pasa dira selekziotik eta etxea ondo ezagutzen dute. Biek jaso dute Espainiako Txapelketan gurekin parte hartzeko gonbita, eta bietako batek bere babesleari komentatu nahi dio. Gainera, uste dut ilusioa egin diola eta, beraz, agian sorpresatxo bat izango dugu Espainiako Txapelketan. Nesken maila asko igo da, eta aurten lehia politak izango ditugu: Leire Agirrezabala, Nahia Quincoces, Elena Calvillo, Aitziber Ibarbia, Sandra Sevillano, Uxoa Irigoien, Maria Zorroza… Etorkizuna ziurtatuta daukagu!

Aurten Gaizka Barañano Espainiako Ultren Txapelketan izango da ziur, Jone Urkizurekin batera. Zer iritzi duzu Barañanoz?

Zer esan Gaizkari buruz... Ameslari bat da, pertsona kritiko bat; horregatik, beti gustatu izan zait haren iritzia aintzat hartzea. Gazte-beterano bat da niretzat. Lankide ona izango da datozen urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.