Beñat Doyharzabal eta Maitane Garmendia. Raidetako parte hartzaileak

«Badakizu txakalaldi bat, bi edo lau izango dituzula»

Raidak: kirol sorta zabala, naturan; ordu asko aurrera eta atzera, eta atsedenerako denbora gutxi; barne eta kanpo abenturak; eta hori guztia taldean, lagunekin. Doyharzabal eta Garmendia Euskal Herrian eta nazioartean lehiatzen dira.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Tolosa
2015eko irailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lekutan gelditu da 2012an Esteribarren (Nafarroa) jokatu eta irabazi zuten lehen raid hura. Geroztik, Euskal Herriko ligako txapeldun izan ziren iaz, Europako Ligan hirugarren postua lortu zuten Aran ibarrean (Herrialde Katalanak) eta, orain dela gutxi, Europako Raid Txapelketan 13. postu bikain batekin itzuli dira Irlandatik. Tartean, Euskal Herriko hainbat herritan irabazitako proba ugari. Ez da nolanahiko kirola Maitane Garmendiak (Ibarra, 1987) eta Beñat Doyharzabalek (Ibarra, 1985) maitatzen dutena.

Zer da abenturako raid bat?

MAITANE GARMENDIA: Orientazioa oinarri hartuta, hainbat kirol modalitate elkartzen dituen taldekako abentura proba: trekkinga, mendiko bizikleta, korrika, piragua, espeleologia, eskalatzea, rappela, arroil jaitsiera, coasteering-a [kostaldeen zeharkaldia: oinez, jauzi eginez, urpekaritzaren bidez, igerian...], ferrata bideak...

Zein dira berezitasunak?

BEÑAT DOYHARZABAL: Hasteko, iraupen ezberdinekoak izan daitezkeela: Euskal Herriko ligako probek zazpi orduko irauten dute [bikoteka hartzen da parte]. Espainiako txapelketak 24 orduko probak dira [hiru partaide, gutxienez emakume bat] eta Europako ligakoak 72 ordukoak [lau partaide, gutxienez emakume bat]. Mundu mailakoak [World Series] bost egunekoak izaten dira. Bestetik, raid batean ez dago ibilbide markaturik. Hasi baino lehen, talde bakoitzak probako mapak jasotzen ditu. Mapan, kontrolguneak (baliza) agertzen dira, sakabanatuta. Horretan oinarrituta, talde bakoitzak bere ibilbide propioa diseinatzen du, ahalik eta puntu gehien eskuratu ahal izateko. Lasterketa irabazten du denbora jakin baten barruan puntu gehien biltzen duenak. Gainera, raida ataletan banaturik egoten da, eta bakoitzean kirol ezberdinak egiten dira. Atal baten eta hurrengoaren artean trantsizio guneak daude. Han behar ez den materiala utzi, hurrengo atalerako behar dena hartu, eta jan eta edateko aukera egoten da.

Nolatan hasi zineten raidetan lehiatzen?

GARMENDIA: Raidetan hasi aurretik ere betidanik ibili izan gara kirolak egiten. Euskal Herrian ligaxka bat bazela ohartu ginenean, probatzea erabaki genuen. Izan ere, gustuko ditugun kirolak proba berean egiteko aukera ematen zigun. Ez genekien orientazioan zer moduz moldatuko ginen, zer-nolako mapak izango ziren... eta horrek erreparo pixka bat ematen zigun, baina, probatzeko gogo handia genuenez, Zubiriko raidera joatea erabaki genuen.

Nola entrenatzen dira raidak?

GARMENDIA: Horixe jakin nahiko genuke guk ere! [kar-kar]. Batekin eta bestearekin hitz egin eta konturatzen zara bakoitzak entrenatzeko oso modu ezberdinak dituela. Mendi bizikletan eta korrika egiten oinarritzen dira gure entrenamenduak. Intentsitate handiko saioak beharrean, normalean iraupen luzekoak egiten ditugu. Asteburua aprobetxatzen dugu entrenamendu luzeak egiteko. Aste barruan etxe inguruan egiten ditugu saioak, baina asteburuan furgoneta trastez bete eta batera edo bestera mugitzen gara leku berriak ezagutzera, entrenatzeko aprobetxatuz.

Nola banatzen dituzue lanak probetan?

GARMENDIA: Proba hasi aurretik hasten dira lehen lanak, logistikari dagozkionak, batez ere iraupen luzeko raidetan: derrigorrezko material guztia lortu, trantsizioetarako materiala eta janaria antolatu lasterketan ahalik eta denbora gutxien galtzeko, bizikletak prestatu... Roadbook-a aztertu eta atal bakoitzaren iraupena kalkulatu, estrategia pentsatzeko. Ondoren, lasterketa bera dator. Normalean, taldean rol ezberdinak hartzen ditu bakoitzak. Kapitaina, orientatzailea, logistikaz arduratzen dena, mekanikoa, roadbook-a daramana... Hala ere, taldeko kirola denez, garrantzitsuena da taldekideen artean elkar ondo ulertzea, laguntzea eta animatzea. Gure kasuan, Beñat da mapekin taldea orientatzen duena eta ni arduratzen naiz estrategiaz eta logistikaz.

Ezin izan zenuten Espainiako Txapelketa bukatu, 12 orduan lehian aritu eta gero. Zer sentitzen da horrelakoetan?

DOYHARZABAL: Ufa! Proban ikusi izan baninduzu... Iraupen luzeko lehen proba genuen. Ilusioz beterik joan ginen Riglosera [Huesca, Espainia], lan txukuna egiteko asmoz. Hiruko taldeak zirenez, herrikide bat fitxatu genuen, Luis Lasa. Lehen atalak ondo egin genituen, baina laster hasi nintzen lehen sintomak nabaritzen: egonezina, ahuldadea, goragalea, zorabioak... Zazpi ordu generamatzan lasterketan eta bero handia egiten zuen. Bost orduko trekkinga genuen aurretik eta buelta emango niolakoan ekin genion. Baina segituan jabetu nintzen ez zela txakalaldi soil bat, botaka egiten hasi nintzen. Jaten edo edaten nuen guztia botatzen nuen. Taldekideei esker lortu nuen trekkinga amaitzea, arrastaka bazen ere... Azkenean, hamabi orduren ostean, erretiratzea erabaki genuen, erabat deshidrataturik bainengoen.

Zer pentsatu zenuen?

DOYHARZABAL: Alde batetik, sekulako lasaitua hartu nuen, sufrimendua amaitu zelako; baina, bestetik, ezintasuna, pena, amorrua eta negargura sentitzen nituen, nire erruz beste bi taldekideek ezin baitzuten jarraitu. Lastima izan zen, ondo prestatuta baikindoazen probara, eta haiek oso ondo sentitzen zirelako. Horrelakoetan asko pentsatzen duzu: zergatik izan ote den txakalaldia, deshidratazioa, gutxiegi edo gehiegi entrenatu izana agian, beroagatik bakarrik izan ote den… Baina garbi daukagu talde gisa parte hartzen dugula, denok bat garela eta ezinbestekoa dela elkar ulertu eta laguntzea.

Nolatan egin zenuten jauzia Euskal Herriko ligatik nazioarteko probetara?

GARMENDIA: Iazko ligaren amaiera aldera, taldetxo bat osatu genuen, Euskal Raid eta Aralar Kirolak taldeak elkartuz. Helburua aurtengo Arango Raidean parte hartzea zen. Europako ligako proba da, eta ahalik eta maila onena erakutsi nahi genuen. Urte hasieran taldea finkatu genuen, eta prestakuntzari ekin genion ilusio handiz. Taldeko kapitainak, Imanol Garaizabal elgoibartarrak, bakarrik zeukan eskarmentua halako proba batean. Gu biontzat lehen aldia zen, baita Haitz Larrinaga ondarroarrarentzat ere. Talde gaztea izanik, ez genekien gure errendimendua nolakoa izango zen. Ondo prestaturik bagindoazen ere, kezkak genituen hiru egunean gure gorputzek behar bezala erantzungo ote zuten ala ez. Lasterketaren hasieran puntuekin ez arriskatzea erabaki genuen, eta estrategia hori baliagarria izan zen hirugarren postua lortzeko.

Horrelako proba luzeetan, zerk agintzen du gehiago, sasoiak ala estrategiak?

GARMENDIA: Horrelako lasterketa batean aurrean ibiltzeko guztiak ondo atera behar du. Estrategiak eta sasoiak bezainbesteko garrantzia dute ondo orientatzeak eta buruz indartsu egoteak. Osagai guztien arteko oreka bat aurkitu behar da eta, ondoren, lasterketan ahalik eta akats gutxien egiten saiatu. Hala ere, sasoiak zein buruak zeresan handia dute proba luzeetan. Hiru eguneko lasterketa batean badakizu lehenago edo beranduago txakalaldi bat, bi edo lau izango dituzula, nahiz eta fisikoki oso ondo prestatua egon. Txakalaldi horiek ondo kudeatzen jakitea eta aurre egitea da gakoetako bat, eta horretarako oso garrantzitsua dataldearen elkartasuna. Gainera, denok ez ditugu beheraldiak une berean izaten, eta horrek askotan lasterketako estrategia momentura egokitzera behartzen zaitu.

Beste talde baten gonbidapenari esker Europako Txapelketan aritzeko aukera izan duzue. Nolako esperientzia izan da?

DOYHARZABAL: Arango Raida buru-belarri prestatzen ari ginela jaso genuen Vallfosca taldearen deia, Irlandara joateko. Horrelako aukera bat ezin zen alferrik galdueta baietz esan genien. Guretzat izugarrizko esperientzia izan da; horrelako maila duen talde batekin Europako Txapelketa batean parte hartzea. Gainera, Euskal Herria eta Katalunia ordezkatuz hartu dugu parte. Asko ikasi dugu, eta oso aberasgarria izan da.

Hiru eguneko raidetarako entrenamendu berezirik egin al zenuten?

GARMENDIA: Azken bi hilabeteetan entrenamendu luzeagoak egin genituen, pare bat asteburutan 15-20 orduko saioak Pirinioetan, bizikleta eta trekkinga tartekatuz. Ordu ezberdinetan entrenatzen saiatzen ginen, egunsentian, gauean, arratsaldean... Garrantzitsua da probaren aurretik taldekideok elkarrekin entrenamenduren bat egitea, bakoitzaren erritmoak, gabeziak edota indarguneak ezagutzeko. Arango Raidaren aurretik Euskal Raid-eko taldekideok elkarrekin ibili ginen. Irlandarako prestakuntzan, aldiz, ezin izan ginen probara arte laurok elkartu.

Zenbatekoa da denboraldi osorako aurrekontua?

DOYHARZABAL: Laguntzarik ezean proba hauek gastu handia dakarkigute. Izen emateetan bakarrik aurten 2.000 euro ordaindu ditugu taldeko. Horri bidaien kostuak gehitu behar zaizkio (gasolioa, bidesariak, hegazkina, asistentzia...): 2.500 euro taldeko.Lasterketan edatekoa eta jatekoa, bizikleten mantentze lana, arropa teknikoa... Raid bakoitzean eskatzen diguten materiala bati eta besteari eskatzen ibili behar izan dugu; material oso zehatza denez, oso garestia baita hau dena erostea.

Babeslerik edo laguntzarik izan al duzue orain artean?

GARMENDIA: Ate-joka ibili gara batean eta bestean, baina lehen esan bezala, kirol hau Euskal Herrian oraindik oso ezaguna ez denez, oso zaila da babesleren bat lortzea. Orain artean Aralar Kirolak eta Four Factorsen laguntza jaso dugu arroparekin eta materialarekin, eta benetan eskertzekoa da. Edozein laguntza estimatuko genuke.

Zer esango zeniekete raidetan hasi nahi dutenei?

DOYHARZABAL ETA GARMENDIA:Kontuz! Behin probatuz gero, errepikatu egin nahiko duzu eta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.