Balentria izotz gainean

Josu Feijoo, Jon Goikoetxea eta Victor Izquierdo mendizaleek Groenlandia zeharkatuko dute ekialdetik mendebalderaBidaia «antzinako eran» egin nahi dute, Nansenek XIX. mendean egin zuen gisara

Josu Feijoo, Victor Izquierdo eta Jon Goikoetxea Groenlandiako maparekin. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Fridjtof Nansen izeneko norvergiar gazteak 27 urte besterik ez zituen 1888.urtean Groenlandia zeharkatu zuenean. Garai hartan 700 km-ko zeharkaldia egiteko bi hilabete behar izan zituen. Espedizio hura «infernurako bidaia» baten modura definitu zuen Nansenek. Orain, balentria hura errepikatzen saiatuko dira hiru euskal herritar: Josu Feijoo, Jon Goikoetxeaeta Victor Izquierdo. Haiekin batera Nestor Lopez joango da, gidari lanetan.

Esploratzaile norvegiarrak egindako bideari jarraiki, Groenaldia ekialdetik mendebaldera zeharkatuko dute. Haren espedizioaren antzeko baldintzetan egin nahi dute, gainera: txakurrik gabe eramango dituzte lerak, eta ez dute inolako baliabide mekanikorik erabiliko. Euren esfortzua izango dute bidelagun bakarra. Hala, 1.100 kilometro baino gehiago 125 kiloko zama arrastan eramanez egingo dute. «Helburua da Groenlandia antzineko eran zeharkatzea», Josu Feijoo mendizaleak komunikabideei azaldu dienez.

Erronka ez da makala izango. Orain arte hamar taldek baino ez dute gauza bera egin. Eurek hamaikagarrena izan nahi dute. «Erronka pertsonala da», dio Feijook. Zeharkaldia 38 egunetan egin nahi dute. Hilaren 28an irtengo dira Euskal Herritik, eta maiatzaren 7aren bueltan aurreikusi dute helmugara iristea.

Gainera, espedizioa amaitzea lortuz gero, erronka bikoitza beteko du Feijoo mendizaleak: izan ere, halako ibilaldi bat egiten duen lehen mendizale diabetikoa izango da. Ez da bere lehen abentura izango, ordea. Gaixotasun hori duen arren, abenturazale amorratua da: Everest gailurra igotzea lortu du, bi poloetara iritsi da, eta kontinente bakoitzeko gailurrik garaienak igo ditu.

Baldintza gogorrak

Jantzi eta janari bereziak, lozaku beroak, denda isotermikoak... material berezia behar beharrezkoa izango dute hango klima gogorrari aurre egiteko. Zero azpitik 30 eta 40 graduko tenperaturak izan ohi dira Groenladian, eta haize katabatikoak baldin badaude, izozteko arrisku handia egongo da. Basamortu zuria da Groenlandia, eta egunak eta egunak izotza eta elurraren zuritasuna baino ez dute izango begi aurrean mendizaleek. Hori izango da, ezbairik gabe, erronkarik handiena. Izquierdok argi dauka: «Hotzera ohituta gaude eta ez diogu beldurrik, moldatuko garelako. Erronka zailena psikologikoa izango da, ordea. Paisaia gogorra izango dela uste dut».

Ibilbidea samurragoa izan dadin, inguruetako hainbat mendi eskalatzea erabaki dute. Eskarmentu handiko alpinistak izaki, «ilusio handia» egiten die espedizioan mendiak igotzeko aukera izatea. «Ibilbidearen monotonia apurtzeko balio izango ditu», azaldu du Feijook. Sekula zanpatu ez diren mendiak igoko dituzte, eta gailurra eginez gero, hiriaren omenez bataiatuko dituzte, gainera: Gasteiz Green Peak izena jarriko dietela agindu dute.

Bidaia ongi prestatuta daramate, espedizioa «arriskutsua» delako. Pitzaduraz beteriko izotzezko ibilbidea topatuko dute hasieran, eta ostean 800 metro igoera duen aldapa igo beharko dute, ondoren berriro jaisteko. Baina «benetako arriskua» otso artikoa dela diote mendizaleek. Hasierako bi egunetan topatu ditzakete animaliok, eta horregatik errifleak eramango dituzte. «Espero dugu erabili behar ez izatea», dio Feijook. Egunean zortzi ordutako etapak egingo dituzte: orotara, 28 kilometro egunean. Garai honetan hogeita lau orduz argia dago Groenlandian, eta hori bidaiatzeko lagungarri izango zaie. «Loan, ordea, eragina izango du».

Isabel Martinez Gasteizko udaleko Ekonomia Sustapenerako zinegotzia espedizioaren aurkezpenean egon da Feijoo, Izquierdoeta Goikoetxearekin. Haren hitzetan, espedizioak «abentura handia izateko» osagai guztiak ditu. «Erronka handia dute eskuartean». Gainera, Arabako hiriburua mundu zabalean ezagutzera emateko balio izango duela azpimarratu du, eta horregatik pozik daude udal agintariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.