Bi podium eta hiru bikote lehen hamarren artean, aurtengo Altitoyn

Hirugarren izan dira Pantxo Saint Martin gizonetan eta Leibar-Campos bikotea emakumeetan

Eskiatzaileak, Altitoyko ibilbideko ertzetan aurrera egiten. MAYAYO OXIGENO.
Unai Ugartemendia.
2017ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Iragan den asteburuan jokatu zen Pirinioetan, Luz-Saint-Sauveurren (Okzitania), X. Open Altitoy Ternua saria. Aurten ere lasterkariek ezin izan dute Andoni Areizagak bere garaian amesten zuen ibilbidea egin. Grand Courseko egutegitik kanpo jokatu den arren, bertan ikusitako maila handia izan da. Urtero bezala, euskal herritarrak bikain ibili dira, eta protagonista izan dira azken sailkapenetan: gizonetan, Pantxo Saint Martin hirugarren izan da, eta lehen hamar postuetan Euskal Herriko hiru bikote sailkatu dira; emakumeetan, berriz, hirugarren postua lortu du Lide Leibarrek eta Igone Camposek osaturiko bikoteak.

Gizonetan Wilfrid Jumere eta Loic Thevine izan ziren garaileak. Jumerek garaipena lortu zuen duela bi urte, orduan Alain Bellagambarekin. Antoine eta Jean Rodriguez izan ziren bigarren, eta Pantxo Saint Martin senpertarra eta Mickael Sans hirugarren.

Euskal Herriko bikoteen artean Mikel Navarro gipuzkoarrak eta Juanjo Goikoetxea nafarrak osaturiko bikotea izan zen lehena, sailkapen nagusiko zazpigarren postuan. Horien atzetik, Jabi Dominguezek eta Arkaitz Iruretak osatutakoa, bederatzigarren. Eta hamargarren postuan, berriz, Iñigo Lariz eta Igor Alzelai sailkatu ziren.

Emakumeetan, irteeran faborito zirenek irabazi zuten: Lula Martinez eta Ares Izard katalanek. Ez zuten aurkarien itzalik sentitu ere egin asteburu guztian. Bi egunetan, bi garaipen. Bi ibilbideak osatzeko 7 ordu eta 36 minutu behar izan zituzten. Euskal Herriko parte hartzaileen artean Lide Leibar eta Igone Campos gipuzkoarrak izan ziren asteburuko albisterik pozgarriena. Bi egunetan lorturiko denborei esker sailkapen nagusiko hirugarren postua lortu zuten.

Bide gogor eta ikusgarriak

Aurten ere Altitoyk bi ibilbide izan ditu. A ibilbidea, ia 40 kilometrokoa eta 5.000 metroko desnibel positibokoa, bi egunetako ibilbideak aintzat hartuta. 132 bikotek lortu dute amaitzea, tartean emakumeen sei bikotek. Ibilbide luzeei eta malda handiko aldapei aurre egin behar izan diete. Lasterketa herrikoiagoa duen B ibilbidean, berriz, guztira 117 bikotek parte hartu dute. Emakumeetan Agurtza eta Itziar Gurrutxaga ahizpak izan dira garaileak; gizonetan, Gorka Otamendik eta Jon Altubek bigarren postua lortu dute.

Bitxikerien artean, aipagarria da Carlos Soria (78 urte) alpinista espainiar ezagunak Altitoyn parte hartu duela, Carlos Muñoz-Repisorekin (75 urte) bikotea osatuz, B ibilbidean. Soriak, baina, lesio bat izan zuen lehen egunean, eta ibilbidea amaitu ezinik geratu ziren.

Aurtengo atsedenaren ondoren, datorren urtean berriro ere mendiko eskiko Grande Course zirkuituan izango da Altitoy Ternua saria. Berriro ere, beraz, kirol horretako izarrak izango dira irteera puntuan: Kilian Jornet, Damiano Lenzi, Laetitia Roux...

Lehiak bukatuta, gustura zegoen Jaione Rubio antolatzailea: «Lasterketa osoan ez dugu inolako arazorik izan, eta hori oso garrantzitsua izaten da bi egunetako proba hauetan. Orokorrean, jendea oso gustura gelditu da bi ibilbideekin, eta, alde horretatik, hitz onak besterik ez dugu izan».

Orain, Bandres-Karolo

Altitoykoaren ondoren, Antxon Bandresen eta Carlos Imirizaldu Karolo-ren omenez egiten den lasterketa jokatuko da asteburuan Izaban (Nafarroa). Euskal Herriko mendizaleen eta eskiatzaileen artean oso maitatuak ziren biak, eta oso estimatua dute haien oroimenezko proba. Larunbatean kronoigoera jokatuko da, eta igandean, berriz, lasterketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.