Fontainebleauko jauna esaten diote Iker Arroitajauregiri (Bilbo, 1988), baso itxi horrek ezkutatzen dituen sekretu eta harribitxietan galtzea gustatzen zaiolako. Arroita-k 11 urterekin jantzi zituen katu-oinak lehenengoz. Ordutik horma lau eta etzanenetan dihardu. Leku bakartiak gustatzen zaizkio, baina lagunez inguratua bada, hobe. «Isila eta lotsatia» hala deskribatu du bere burua. Eskalatzen, baina, ausart dihardu: 8C zailtasuneko bigarren bidea kateatu du, Jour de chasse.
Fontainebleauko jauna esaten dizute. Asko joaten zara Frantziako baso hartara eskalatzera. Zergatik?
Fontainebleau erreferentzia bilakatu da munduan, bloke-eskaladan. Eskalatzeko harri asko dauzka basoak, mota askotakoak, gainera. Hori horrela, jende asko egoten den arren, beti daukazu aukera txokoren batean lasai egoteko. Horregatik gustatzen zait Fontanaibleu, eta, bai, urtero joaten naiz hara eskalatzera.
Masifikazioetatik ihesi ibiltzen zara orduan?
Neurri batean, bai. Egun, gero eta jende gehiagok eskalatzen du, eta zenbait lekutan talde handiak sortzen dira. Niri lasai egotea gustatzen zait, naturaz eta inguruaz bete-betean gozatuz. Hala ere, lagunekin eskalatzea beti da gozagarria.
Blokea oso eskalada berezia da gainerakoetatik. Zer dauka gainerako estiloekin alderatuz?
Eskalada mota guztiekin alderatuz, blokea da askatasun handiena ematen didana. Harriarekin egiten den jolas dibertigarria da blokea, eta zailtasun osoa norberak bakarrik egiteko aukera ematen duena.
Gainerako eskalada motak baino zailagoa da?
Ezberdina da, zailtasuna mugimendu gutxitara mugatzen delako. Horregatik, bloke eskaladan indarra nagusitzen da.
Oso harri lauetan aritzen zara eskalatzen, heldulekurik apenas duten haitzetan.
Bai, blokean zailtasuna da helburua, eta, horregatik, haitza zenbat eta gogorragoa izan, orduan eta helduleku txikiagoak dauzka.
Orduan, halakoetan indarra da gakoa?
Bai, blokean ondo aritzeko indarra ezinbestekoa da, baina urteek ematen duten esperientziak ere asko laguntzen du hobetzen.
8B eta 8C zailtasuneko bideetan zabiltza. Zein izan da gogorrena?
Eskaladan zaila da zailtasuna neurtzea, nork bere gaitasunen arabera neurtzen duelako beti. Horregatik, erabiltzen ditugun zenbakiak eta letrak horixe besterik ez dira niretzat, orientazio puntuak. Garrantzi handiegia ematen zaiela uste dut. Nik neuk bloke politak eskalatzea nahi izaten dut, nire mugen barnean daudenak.
Txapela-ren gradua (8C) zuk zeuk proposatu zenuen. Nola ikusi zuten gainerakoek?
Zaila da Txapelari (Albarracin, Aragoi, Espainia) neurri bat jartzea, baina, nire ustez, eskalatu dudan bide politenetakoa da. Nik neuk gradu bat proposatzen dudanean, iritzi bat baino ez da. Zailtasuna oso pertsonala da, nire ustez, eta gradua ezartzerakoan inork ez du arrazoi erabatekoa.
Iaz, 8B zailtasuneko bi bide kateatu zenituen gau berean: Kheops assis eta Gecko assis.
Kheops eta Gecko Fontainebleauko bloke ezagun, polit eta gogorrenetarikoak dira. Niretzat ametsa zen egunen baten horietako bat kateatzea. Horregatik, gau berean eta espero gabe biak egin ahal izatea harrigarria izan zen, nire bizitzako egun berezienetariko bat zalantzarik gabe.
Aurtengo udaberrian Jour de Chasse kateatu duzu, zure bigarren 8Ckoa.
Jan Hojer alemaniarrak zabaldu zuen bidea, 2013ko abenduan, eta, ondoren, Guillaume Glairon-Mondet frantziarrak baino ez zuen errepikatu. Zulo askoko hondoratze bat zeharkatzen du Jour de chasse bideak, eta, ondorioz, mugimendu luzeak egin behar dira. Horregatik uste nuen ez zela niretzat aproposa. Azkenean ekin nion, eta sei egun behar izan nituen egiteko. Bide zail eta teknikoa da.
Noiz hasi zinen eskalatzen?
Oso gazte hasi nintzen. 1988an Bilboko Txurdinaga auzoan ospatu zen Ibilaldiaren jaia. 11 urte neuzkan nik. Kaleko tunel batean rokodromo txiki bat egokitu zuten, haurrek eskalatzeko. Orduan probatu nuen kirol hau, eta erabat harrapatu ninduen.
Bestelako eskalada estiloetan ibiltzen zara?
Lehenengo urteetan, sokarekin ibiltzen nintzen, horma luze nahiz laburretan. Psicobloc edo itsas bazterretan sokarik gabe eskalatzea ere asko gustatzen zait, baina egun blokean aritzen naiz gehien.
Eskalada kirola da, orduan, zuretzat?
Kirola da bai, baina baita bizimodu bat ere. Bidaiak bizimodu horren alde garrantzitsuak dira oso, eskaladak leku eta jende asko ezagutzeko aukera ematen baitu. Horrez gain, arreta osoa mugimenduetan jartzera behartzen zaitu eskaladak, meditazio puntu bat da, eta, nire ustez, eskaladaren ezaugarri horrek harrapatzen gaitu horrenbeste.
Zein da zure hurrengo helburua?
Egiten dudanarekin gozatzea, hori da beti helburua eta gauza guztietarako gakoa. Helburu zehatzik ez daukat, baina haitzak bezainbeste ilusio dauzkat [barrez].
Euskal Herrian non ibiltzen zara gustura?
Zoritxarrez, Euskal Herrian ez daude blokean eskalatzeko leku asko; sokarekin ibiltzeko, ordea, badaude, eta oso onak, gainera. Dena den, lagun artean eta giro lasaian edozein leku da aproposa eskaladaz gozatzeko.
Iker Arroitajauregi. Eskalatzailea
«Blokea da askatasun handiena ematen didan eskalada»
8B zailtasuneko hainbat bide eskalatu ondotik, 8Cra egin du jauzi Iker Arroitajauregi eskalatzaile bilbotarrak. Fontainebleaun aritzen da batez ere, Frantzian. Oso ondo ezagutzen ditu hango sekretuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu