1925eko ekainaren 7a zen. Hamalau lagun 03:30ean meza entzutera joan ziren, Tolosako Santa Maria elizako gaueko gurtza, hain zuzen. Eta ordu erdi geroago, mendirantz abiatu ziren, goizean goiz, oilarraren kukurrukuari eta egun argiari aurre hartuta. Izan ere, 70 kilometro egiteko asmotan ziren, mendiz mendi, Gipuzkoa eta Nafarroa artean: Tolosatik Gaztelura, Ulitik barrena Gorritira eta handik Lekunberrira, Larraungo hiriburutik Atako haranean gora Done Mikel Aralarkoaren santutegira, han bazkari legea eginda Guardetxera eta Igaratzara, Arritzagako haranean behera Amezketara, eta handik Alegian barna buelta Tolosara. Erokeria bat, garai hartarako. Hamalau haien ibili hura izan zen, gerora, 14 Orduko Ibilaldiaren ernamuina.
Francisco Larrañaga, Patxi Txortxi izan zen egitasmo haren burua, eta harekin batera hauek izan ziren ibilaldian parte hartu zuten beste mendizaleak: Ramon Barrio, Jose Albero, Paco Tuduri, Eduardo Laborde, Juan Jauregi, Anthon Subijana, Teodoro Agote, Ricardo Diaz, Francisco Labaien, Ricardo Azaldegi, Manuel Laborde, Victor Arrillaga eta Simon Arrue.
Aurten, beraz, 100 urte beteko dira 14 Orduko Ibilaldiaren lehen aldi hartatik, eta, mendeurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu Aralarko Adiskideak elkarteak. Hala, asteazken arratsaldean ibilaldiari buruzko erakusketa zabaldu zuten Tolosako Aranburu jauregian, eta ekainaren 7ra arte izango da ikusgai. Xabier Agirre izan da erakusketako komisarioa, bera arduratu da ekitaldiz ekitaldiko kartelak, argazki zaharrak, diplomak, opariak, liburuxkak, ordutegi kontroletako fitxak eta bestelakoak biltzeaz, lan eskerga eginda. Elkarteko beste hainbat kide ere bidelagun izan dira zeregin horretan.
«Hara, 1996ko kartela, gogoan dinat; hor parte hartu ninan nik lehenbiziko aldiz», adierazi dio erakusketa ikusten ari den batek ondokoari. «Gogoratzen duk 2016koa, zer kazkabar jasak harrapatu gintuen?», galdetu dio beste batek lagunari. Eta lagunak erantzun: «Bai, iazkoa ere ez huen hobea izan. Hura zaparrada hura! Arritzagan behera erreka bat zuan bidea». Hala, bisitarien artean mila bizipen azaleratzen dira erakusketako argazkiak eta kartelak ikusi ahala, milaka baitira iraupen luzeko martxa entzutetsu honetan parte hartu duten mendizaleak. Izan dira urteak 3.000tik gora lagun parte hartutakoak.
Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak martxa honen «ondare immateriala» azpimarratu zuen erakusketaren inaugurazioan, besteak beste kultura, kirola, mendia eta herria txirikordatzen baitira, pausoz pauso, ibilaldi honen inguruan. Xabier Agirre komisarioak ere, inauteriekin batera, Tolosaren altxorrik handienetakotzat jo zuen 14 Orduko Ibilaldia.

1925eko lehen ibilaldiaren ondotik, 1926an berriro errepikatu zuten martxa maiatzaren 30ean lehen aldian baino mendizale gehiagok. Eta 1943an eta 1967an ibilaldi neurtu modura antolatu zuen Aralarko Adiskideak elkarteak, lehia izaerarik gabe, ibilbide eta izen berarekin. 1972. urtetik aurrera, berriz, Municheko Olinpiar Jokoen harira, 14 Orduko Ibilaldia instituzionalizatuta geratu zen urte olinpikoekin bat etorriz. Hala, Euskal Herriko mendizale martxa ezagunena eta arrakastatsuena bihurtu zen.
Geroztik, 2020an izan ezik –COVIDak eten zuen urte hartan–, lau urtean behin berritu da ibilaldia, eta milaka eta milaka mendizale elkartu dira orain arteko hamahiru ekitaldi «olinpikoetan». Erakusketa, beraz, 100 urteko txangoa da, argazkiz argazki, kartelez kartel... Txoko batean, telebistako pantailan, azken ekitaldietako milaka eta milaka argazki ikus daitezke bata bestearen segidan, eta beste txoko batean, Pablo Dendaluzeren bideo emanaldi bat, modu jarraituan. «Hara, Joxe Albero, duela 100 urteko hartan parte hartu zutenetako bat», bota du batek pantailako irudian Albero Berazubiko estadioan sartzen agertu denean. «Hara, Xebe Peña ere bai», besteak, eta iragan minez, 100 urteko txangoan abiatu dira erakusketara bertaratutakoak.
Ekainaren 7ra arte izango da ikusgai erakusketa, Aranburu jauregian, 17:30etik 20:30era. Ekainaren 5ean, 19:00etan, berriz, Topicen, «14 Orduen mendeurrenean» hitzaldi-proiekzioa izango da Francisco Tuduriren eskutik, martxaren jatorriari eta bilakaerari buruz. Ondoren, Pablo Dendaluzek (Tolosako Kaxoia) eginiko bideo bat proiektatuko dute.