Ander Gerrikaetxebarria: «Oso arriskutsua iruditzen zait ultren erruletan sartzea: ultrak ez dira edozer gauza»

Bi kilometro falta zirela Unai Dorronsoro beasaindarrari aurre hartuta irabazi du Ander Gerrikaetxebarriak Ehunmiliak proba. Uste du horrelako ultretan «sekretua buruan» dagoela.

Ander Gerrikaetxeberria 2025eko Ehumiliak probaren irabazlea
ARIANE VIERBÜCHER /GOIERRIKO HITZA
Unai Ugartemendia.
2025eko uztailaren 14a
10:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Ia hamar urte egon arren ultra distantziako lasterketarik jokatu gabe, zer-nolako kalitatea duen erakutsi zuen asteburuan Ander Gerrikaetxebarriak (Zornotza, Bizkaia, 1996) Ehunmiliak lasterketan, 125 kilometroko ibilbidea osatuta. Azken hamar urteetako gorabeherak ahaztu, eta onena emateko irrikaz dago berriro ere.

Lasterketa gorabeheratsua izan zenuen. Orokorrean zer moduz sumatu zenuen zeure burua?

Ibilbidea 171 kilometrotik 125 kilometrora laburtu zutenez, lasterketari errespetu pixka bat galdu nion. Beldurra galdu nion, nolabait, eta uste baino indartsuago atera nintzen. Lidergoan jartzeko aukera ez nuen baliatu, eta Tolosara bidean jada txakalaldia izan nuen. Lau orduan miseriak pasatu behar izan nituen, harik eta Txindokiko igoeran indarrak berreskuratu nituen arte. Handik aurrera, berriro ere indartsu nabaritu nuen neure burua.

Noiz hasi zitzaizkizun sentipen txarrak?

Herniotik Tolosarako jaitsieran, zorabioak eta urdaileko arazoak nabaritzen hasi nintzen, beroaren eraginez. Larraitzera [55. kilometroa] oso gaizki iritsi nintzen, baina hurrengo igoeran bestelako sentipenak izan nituen.

Zu maratoilaria izanik, aldekoa izan zen ibilbidea laburtzea?

Ez nuke hori esango. Ni buruz oso prestatuta nengoen 170 kilometroko lasterketa korritzeko. Beroak kalte handia egiten didanez, nahiago nuen zatirik handiena gauean egin, berorik ez izateko. Kasu honetan, lau ordu bakarrik egin ditut gauez, eta eguneko ordurik okerrenetan ibili gara korrika. Ez dakit ondo edo gaizki egin nuen, baina indartsu amaitu nuen. Ez nuke esango nire mesederako izan zenik lasterketa laburtzea. Beti pentsatu izan dut ehun kilometro egiten dituenak berrehun ere egin ditzakeela. Sekretua buruan dago.

Ostegunean, lasterketa laburtuko zutela iragarri zutenean, asmoak pikutara joan zitzaizkizun?

Asko aldatu zitzaidan pentsaera. 170 kilometroko probarako denborak nituen erreferentziatzat hartuak, baina batere obsesiorik gabe. 25 orduren inguruan ibili nintekeela pentsatzen nuen, baina 45 kilometro laburtuta, kalkuluak egin behar izan nituen berriro. Kalkulatu nuen zortzi ordu gutxiago izango ziren, eta jarraian pentsatu nuen G2Hren eta Gorbeia Suzien lasterketen batuketa zela. Gehixeago estutu nezakeela pentsatu nuen, eta buruan ideia hori nuela atera nintzen.

«Zegama-Aizkorri eta gero, entrenamendurik luzeena 34 kilometrokoa izan da. Beti izan naiz ondo asimilatu daitezkeen entrenamenduak egitearen aldekoa»

Zer zeneukan aurreikusita?

Aurreko urteetako bideoak ikusten aritu nintzen, eta, haietako batean, Javi Dominguezek aipatzen zuen bera beti erritmo eramangarri batean irteten dela, lasterketa amaitzeko moduko erritmo batean. Nik ere berdin egitea erabaki nuen. Hasi bezain pronto konturatu nintzen bizi nindoala baina eramangarria zela. Estrategia horrekin atera nintzen.

Aurrean ibiltzea espero zenuen?

Izen emandakoetatik, iazko irabazlea, hau da, Fidel Fernandez, eta Igon Manzisidor ezagutzen nituen, baina ez nuen podiumean pentsatzen. Ahalik eta ondoen egin nahi nuen, besterik gabe. Halere, banekien onena edo okerrena emateko gauza nintzela. Banekien posible zela 60. kilometroan erretiratzea ere! Lasterketa laburragoetan ere gertatu izan zaizkit horrelako gauzak.

Noiz ohartu zinen irabazteko moduan zeundela?

Andraitzetik [105. kilometroa] behera zegoen anoa gunean ohartu nintzen aukerak nituela. Oso ondo nabari nuen neure burua. Aipatu zidaten lau minutuko atzerapena neramala. Mutiloan jada [112. kilometroa] bi minutura jaitsi nuen tartea, eta, handik aurrera, beste lau minutu jan nizkion helmugan. Bi kilometro falta zirela aurreratu nuen Dorronsoro.

Ander Gerrikaetxebarria 2025eko Ehunmiliak probaren irabazlea
Gerrikaetxebarria, Larraitzen, bere burua freskatzen. ARIANE VIERBÜCHER / GOIERRIKO HITZA
Zer izan da zuretzat Ehunmiliak irabaztea?

Denboraldiari amaiera polit bat ematea. Aurtengo lasterketak ez dira nahi bezain ondo atera, nahiz eta jabetu iaz baino indartsuago nengoela eta emaitza hobeak lor nitzakeela. Beste poz batez ekingo diot udako geldialdiari.

Nola prestatu zara Ehunmilietarako?

Ez dut prestaketa berezirik egin lasterketarako. Aurtengo helburua Zegama-Aizkorri zen, eta hura prestatzen aritu nintzen. Baina ez zen nik nahi bezala atera. Ordurako jada izena emanda nengoen lasterketa honetarako. Zegama-Aizkorri egin eta gero, entrenatzen jarraitu dut, baina entrenamendurik luzeena 34 kilometrokoa izan da. Halere, 30 kilometro inguruko entrenamendu dezente egin ditut. Bestalde, bizikletan sei edo zazpi orduko entrenamendu batzuk egin ditut Nafarroan, desnibel handikoak.

Posible da hain lasterketa luzea egitea horrela entrenatuta?

Bai. Izan ere, 25 kilometroko entrenamenduak eginda, biharamunean ere atera zaitezke entrenatzera. Hirurogei kilometroko entrenamenduak eginda, berriz, astebete egon behar duzu atseden hartzen edo kalitatezko entrenamendurik egin gabe. Beti izan naiz entrenamendu justuak edo ondo asimilatu daitezkeen entrenamenduak egitearen aldekoa. Ez dut gehiago entrenatzeko beharrik sumatu.

Ehunmiliak ez dira izan distantzia luzeko zure lehen lasterketa. 2016an, Hiru Handiak lasterketa jokatu zenuen.

Hala da. Hastapenetan, ultra distantziako lasterkaria nintzen. 18 urte nituenean, berrogei urteko jendearekin ibiltzen nintzen mendian, eta nire lehen lasterketa Hiru Handiak (100 kilometro, +4.310 metro) izan zen. Geroztik, besterik jokatu gabea nintzen. Azken urteetan, maratoira arteko lasterketetan ibili naiz bereziki.

Hastapenetan euskal selekzioarekin ere ibili zinen lehiatzen.

Bai. 2017an deitu zidaten lehenbizikoz, eta mugarri bat izan zen hura niretzat. 21 urte nituen, eta ez nintzen gai izan egoera hura ondo kudeatzeko. Lagunak herrietako festetan ibili ziren hara eta hona, eta ni, berriz, uda guztia korrika, Andorran, Italian… Erreta amaitu nuen. Orain erraza da ikustea, baina nik ez nuen hori nahi. Bost urteko geldialdia egin eta gero itzuli nintzen, orain dela hiru urte. Orain beste mentalitate batekin hartzen ditut gauzak.

«Gaur-gaurkoz nahiago dut maratoi arteko distantzian jarraitu eta gorputza zaindu. Luzera begira, ez dakit zer ondorio ekarriko dizkidan, baina ziur ez direla onak izango»

Zer egin zenuen geldialdi luze horretan?

Gauza asko [barrezka]. Oposizioak prestatu nituen suhiltzaile izateko, eta, batez ere, parrandan ibili nintzen. 20 urteko gazteek egiten dituzten gauzak egin nituen. Halere, kirola ez nuen albo batera utzi. Astean hirutan egiten nuen korrika. Parrandak albo batera utzi, berriro ere bizitzan zentratu, eta lagunek berriro ere konbentzituta, lasterketa batzuk jokatzea erabaki nuen. Orain dela hiru urte baino hamar kilo gutxiago ditut orain. Itzulera gogorra izan zen, baina bide onean noa.

Ultra distantzian aritzeko asmoa duzu aurrerantzean ere?

Ez! Gauza puntuala izan da hau. Ez dut baztertzen etorkizunean halako beste lasterketaren batean lehiatzea, baina gaur-gaurkoz nahiago dut maratoi arteko distantzian jarraitu eta gorputza zaindu. Luzera begira, ez dakit zer ondorio ekarriko dizkidan, baina ziur ez direla onak izango. Oso arriskutsua iruditzen zait ultren erruletan sartzea: ultrak ez dira edozer gauza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.