Ez zegoen Hernion (1.075 metro) halako marka jartzeko saiakeren aurrekaririk. Eñaut Sorarrain mendi korrikalariak (Alkiza, Gipuzkoa, 1980) jarri zituen eguna, denbora muga eta erronka: Alkizatik abiatu, eta 24 orduan zenbat aldiz igo Herniora. Irailaren29an hasi zuen erronka, 16:30ean, eta Alkiza-Hernio-Alkiza ibilbidea hamabi aldiz egitea lortu zuen, 23 ordu eta 17 minutuan.
«Nik uste baino hobeto egin nuen dena; baldintzak ezin hobeak ziren», esan du Sorarrainek. Ibilbidea lehorra zegoen, eta eguraldi «oso ona» egin zuen. Jasotako laguntza nabarmendu du korrikalariak.
Pozik dago lortutakoarekin, baina gogoan ditu zailtasunak ere: «Hamargarren igoera kostatu zitzaidan gehien, baina gero indarberritu egin nintzen eta, azkenekoa, esaterako, oso ondo egin nuen». Erronkaren zenbakiak ultra gogorrenen parekoak dira: 126 kilometro eta 9.750 metroko desnibel positiboa.
Sorarrainek aspalditik zuen begiz joa Hernioko saiakera. Irailean egin du, abuztuaren amaieran Mont Blanceko Ultratrailean korrika egin eta gero —28 ordu eta 20 minutuan egin zuen—.
Ez du berehalakoan ahaztuko azken igoera egin eta herrira sartu zen momentua: «Maitatua sentitu nintzen, eta oso hunkituta amaitu nuen».
Antzeko marka bat jarri den bigarren aldia da denbora gutxian. Hernioko markaren asteburu berean, Aitor Garmendia beasaindarrak hamahiru aldiz igo zen Txindokira (1.342 metro), 23 ordu eta 12 minutuan.
Mendia
Eñaut Sorarrain hamabi aldiz igo da Alkizatik Herniora

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu