Eneko Agirre. Lera gidaria

«Erosi, orain artean txakur bakarra erosi dudala uste dut»

Ez da erraza Euskal Herrian lera gidaria izatea, baina badira pasio horri eusten dioten hainbat lagun, nazioarteko lehiaketetan nabarmentzea ere lortu dutenak. Horietako bat da Eneko Agirre.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Zizurkil
2018ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Gorputz hezkuntzako irakaslea da, eta txakurrekin ibiltzea du zaletasun handiena Eneko Agirrek (Donostia, 1987). Horretarako leku aproposa aurkitu du Zizurkilen (Gipuzkoa). Lana bukatu eta zuzenean joaten da txakurrengana. Txakurrek urrutitik ikusi dute nagusia, eta gerturatu orduko gainera joan zaizkio. Martxoan Lekkaroden (Frantzia) jokatuko den lasterketara begira jarrita dago aspaldi honetan.

Txakurrekin hasi baino lehenago, zein kirol egiten zenuen?

Oso umetan, eskola kirolean eta pilotan aritzen nintzen. Pilotan, Donostiako Trinitate plazan. Jokatzeko, aurrena txakurren kaka guztiak garbitzen ibiltzen ginen, eta askotan pertsonenak ere bai. Gero, arraunean hasi nintzen.

Zenbat urtetan ibili zinen arraunean?

12 urte nituenetik 23 urtera arte. Txirrindularitza egin nahi nuen, etxean ere aita asko ibiltzen zelako, baina, neguan zerbait egin behar nuenez, arraunean hasi nintzen Arraun Lagunak taldean.

Zergatik utzi zenuen arrauna?

Udan, udalekuetan ibilitakoa naiz urte askotan. 18 urterekin, sukaldari laguntzaile lanetara joateko aukera izan nuen, eta urte pare batean horrela aritu nintzen. Seniorretako bi urteak Arraun Lagunak-en egin nituen. Lehen urtean, nahiko ondo ibili nintzen, baina bigarren urtea oso gogorra egin zitzaidan. Ikaragarri entrenatzen ginen, batzuetan Martutenen, besteetan Zarautzen... 23:00etan iristen nintzen etxera. Udan, Lizarrako kanpinean lana sortu zitzaidan, eta uztea erabaki nuen. Gero, irakasletza ikastera joan nintzen Gasteizera. Han, Trintxerpen hasi nintzen arraunean. Hiru urte egin nituen arraunean, eta beste bi prestatzaile fisiko gisa.

Eta txakurren zaletasuna, nondik datorkizu?

Ama beratarra da, eta aita, etxalartarra. Harakinak izan dira ofizioz; betidanik Agirre harategia izan dute Donostiako Bretxan. Astean sei egunez lan egiten zutenez, larunbat arratsaldeak eta igandeak Beran genuen etxe batean igarotzen genituen. Nik, ordea, Berako amonaren etxean pasatzen nituen asteburuak. Han beti izan dugu txakurra. Asteburu askotan aitarekin bizikletan ibiltzera joaten nintzen. Garai hartako txakurra gurekin etortzen zen. Berdin zion 30 edo 40 kilometro egitea, bera beti ondoan izaten genuen. Jendeak ez zuen sinesten. Orain txakur hura banu! Aitonari ez zion grazia handirik egiten, berriro ere etxera itzuliko ez ote zen beldurrez [barreak].

Eta zure lehen txakurra, noiz izan zenuen?

Etxean inoiz ez dugu txakurrik izan. Unibertsitatean nenbilela, pisukide batek txakurkumeak zeuzkan, eta bat eskaini zidan. Hartu egin nion, eta etxean sartu nuen. Buck zen, golden retriever bat. Orduan arraunean ibiltzen nintzen, eta, askotan, traineruaren barruan eramaten nuen. Urte hartan, 2008an, Errenterian txakur krosa antolatzen hasi ziren. Txakurrarekin korrika ibiltzen nintzen, baina beti aske eramaten nuen. Bigarren urtean, txakur krosean parte hartu genuen lehenbizikoz anaiak eta biok. Ikaragarri gustatu zitzaidan, eta, negu horretan, furgoneta hartu, eta Pirena ikustera joan ginen neska-laguna eta biok.

Liluratuta bueltatu zinen.

Bai. Han sartu zitzaidan benetako harra. Handik bueltan, nitaz ahazteko esan nien arraun taldekoei, txakurrarekin mendian korrika hastera nindoala. Juan Mari Lujanbiorekin egin nituen lehen entrenamenduak txakurrari lotuta. Hark orduan txakur alaskar bat zuen, eta probatzeko utzi zidan, harentzat astunegia zelakoan. Harekin ibiltzea beste mundu bat zen. Denborarekin, oparitu egin zidan.

Txakur krosean zenbat urte igaro zenituen?

Utzi, utzi, ez dut oraindik erabat utzi. Tarteka parte hartzen dut: Zizurkilen, Azkainen... Hiru denboraldi egin nituela esan dezaket.

Gero zertan hasi zinen?

Patinetean. Umeek erabiltzen dutenaren antzekoa da, baina gurpil handiekin. Hor hasi nintzen bi txakurrekin ibiltzen. Horretan, txakurrak asko entrenatu behar izaten dira. Hiru urte pasatu nituen patinetean. Oso emaitza onak lortu nituen, eta, ondoren, eskiekin hasi nintzen.

Nork gomendatuta?

Iskander Rodriguez lagunak komentatuta eta zirikatuta. Ni ez nintzen eskiatzen asko ibilia. Urte hartan elur asko egin zuen, eta irteera batzuk egin genituen. Bi txakurrekin ibiltzen nintzen, eta ikaragarri tiratzen zuten txakurrek. Hurrengo urtean Euskal Herriko Txapelketa antolatu genuen Linzan [Aragoi, Espainia]. Jende asko etorri zen kanpotik: Kataluniatik, Valentziatik, Madrildik... Diziplina guztientzako txapelketa izan zen hura; Alex Txikon bera ere etorri zen, pentsa.

Eskiekin amaitu eta txakurrekin hastea dena batera izan al zen?

Eskiatzen bi urte pasatu nituen. Euskal Herriko Txapelketa irabaztea ere lortu nuen. Espainiakoan bigarren izan nintzen. Munduko Txapelketera ere joan nintzen Bernaura, Alemaniara. Oso sasoi onean joan nintzen, eta hamaseigarren egitea lortu nuen. Txapelketa berean, Itoitz Armendarizek munduko txapeldun izatea lortu zuen sei txakurrekin eta lerarekin. Oso pozik bueltatu ginen. Beste txapelketa batera joateko gogoz geunden, baina txapelketa bertan behera utzi zuten eta ez ginen joan. Itoitzek, orduan, harekin batera lerarekin hasteko aukera eskaini zidan.

Eta zuk ezezkorik ez.

2016an izan zen. Bere txakur pare bat eta bere lera batekin ibiltzeko aukera eskaini zidan. Harekin pixka bat ibilia nintzen, baina ez nuen baliabide handirik hemen ibiltzeko. Entrenatzen hasi eta La Valgaudeko [Frantzia] lasterketara joan ginen: zortzi etapa bederatzi egunean. Zortzikotea osatu nuen, Andoni Azpillaga lagunak utzitako beste bi txakurrekin. Itoitzek irabazi zuen, eta nik hirugarren egin nuen. Puztu-puztuta itzuli ginen etxera.

Valgaudekoaren ondoren, inoiz egin duzun lasterketarik luzeena egitera joan zinen Lekkarodera.

Iaz bertan behera utzi zuten Valgaudeko lasterketa. Urte txarra izan zen elur aldetik. Denboraldia amaitutzat emateko zorian egon nintzen. Itoitz Armendariz eta Kataluniako lagun bat Lekkarodera joatekoak ziren, eta antolatzaileei deitzeko esan zidaten, ea nik ere bertan egoteko aukera izan nezakeen galdetzeko. Baietz erantzun zidaten. Asmo bakarrarekin joan nintzen: lasterketa bukatzea.

Izugarrizko lasterketa omen da.

Ikaragarria. Lekkarodekoa beste gauza bat da. Norvegiako eta Suediako lasterketak kenduta, Europan dagoen lasterketarik garrantzitsuena da. Galibier, Madeleine... 300 kilometro inguru egin genituen. Azken sei etapek 1.500 eta 1.800 metro arteko desnibel positiboa zuten. Beldurrak airean joan nintzen hara, baina laugarren amaitu nuen. Dena ondo atera zen, eta oso gustura gelditu nintzen.

Bederatzi egunetarako txakurren janaria zuek eraman behar izaten al duzue horrelakoetan?

Bai, dena. Gure otorduak antolakuntzak ordaintzen ditu, baina txakurren mantenu osoa gure esku izaten da. Azkenean hamabi egunerako janaria eraman behar izaten da, lasterketa baino bi egun lehenago ateratzen garelako, eta lasterketa amaitu eta hurrengo egunean itzultzen garelako.

Zein da txakur baten egunerokoa bederatzi egunean?

Kontuan hartu behar da lasterketak 18:30ean jokatzen direla. Lasterketa baino ordu eta erdi lehenago txakur bakoitzari litro bat ur bero ematen diogu janari pixka batekin nahastuta, salda antzeko bat. Hori hartu eta gero, atoian sartzen ditut, bero egoteko. Ordu erdira, txiza egitera ateratzen ditut, eta berriro barrura. Lasterketa jokatu baino ordu erdi lehenago jartzen dira martxan. Lasterketa amaitzean, berriro ere salda beroa, janariarekin. Handik bi ordura, berriro ere janaria eta lotara. Goizean, jaikitzean, berriro ere janaria. Egunean lau otordu egiten dituzte.

Federazioaren laguntzarik izaten al duzue?

Askorik ez, egia esan. Bizkaiko Federazioak gehiago laguntzen badu ere, ez dugu askorik izaten urte osoan.

Zein dira txakur batentzat lehian ibiltzeko urterik onenak?

3 eta 5 urte arteko garaia da onena. 3 urterekin izugarrizko bizitasuna izaten dute, baina kontrolatu egin behar izaten dira. 5 urterekin, bizitasun hori badute oraindik, baina, gainera, badakizu segurtasuna dutela. 9 urtera arte luzatu dezakegu haien jarduna, baina agerian gelditzen dira gazteagoen ondoan.

Horrelako bidaia luzeak egiteko, lanean laguntzarik izaten al duzu?

Bai, asko. Pasaia Lezo Lizeoan lan egiten dut, eta beti lagundu izan didate. Oso eskertuta nago. Soldatarik gabeko egunak hartzeko aukera izatea gauza handia da.

Zenbat txakur erosi dituzu zure bizitzan?

Erosi, bakarra erosi dudala uste dut. Mundu honetan jendearekin ondo konpontzen bazara eta tratu onak egiten badituzu, gauzak asko errazten dira.

Zenbateko kostua izaten duzue horrelako lasterketa luzeetan?

Pentsa, izena ematea bakarrik 400 euro izaten dira; bidaia, 1.500 kilometrokoa; gastuak; txakurren janaria eta mantenua... mila eurotik oso goitik. Saria, berriz, bi lagunentzako bidaia Alaskara joateko.

Lasterketa bat irabazteko lehian, inoiz ikusi al duzu lera gidariren bat txakurren bati tratu txarrik ematen?

Nik ez dut ikusi. Inoiz entzun dut, baina orduan traturik txarrena nagusiak berak jasotzen du. Antolakuntzakoek argi dute horrelako zerbait ikusiz gero kanporatua izango dela, inongo zalantzarik gabe, gainera.

Aurten zer asmo dituzu?

Berriro ere Lekkarodera joango naiz martxoan. Ikusiko dugu aurten nola amaitzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.