Neguko espedizioen bilakaeran mugarria jarri dute Simone Morok, Denis Urubkok eta Cory Richardsek, Karakorum mendikateko Gasherbrum II mendia (8.035) igota. Kostata igoziren, sufrituta eta eguraldi baldintza muturrekoetan; are eta nekezagoa egin zitzaien, ordea, jaitsiera: gorriak pasatu zituzten beheko kanpalekura iritsi aurretik harrapatu zituen elur-jausitik irteteko. Utzi dute beheko kanpalekua, eta gozatzeko egunak dituzte oraingoak. Mendian bizitakoak, Karakorumgo negua eta etorkizuneko erronkak izan ditu hizpide, besteak beste, Simone Morok, Pakistandik, Skarduko hotelaren epeletik, BERRIArekin izandako solasaldian.
Denis Urubkok eta zuk zeuk Makalu igota itxi zenuten Nepalgo zortzimilakoen neguko atea, 2009an; Karakorumgoa ireki duzue orain. Zer garrantzi ematen diozu hori?
Oso pozik gaude, historikoa izan dela uste dut. Pakistanen neguan zortzimilako bat igotzeko lehenengo saioa duela 25 urte egin zen, eta ordutik ahalegin guztiak ustelak izan dira. Ni neroni 2007an eta 2008an tontorrera iritsi gabe itzuli nintzen Broad Peaketik. Oraingoan, ordea, lortu dugu. Poloniarrek 1980an hasi zuten neguko bidea, Everest igota—Krzysztof Wielickik eta Leslek Zichyk igo zuten—, eta Karakorumen mende laurdena behar izan da lehenengoa guk 2011n igotzeko. Neguko azken hiru igoeretan parte hartu dut [Shisha Pangma eta Makalu igo ditu aurretik, 2005ean eta 2009an], eta esango nuke neguan Karakorumera joateko pizgarri eta akuilua izan dela hori mendizale batzuentzat. Aurten, esaterako, K2 izan ezik beste lau mendietan izan da espedizioren bat. G- II zegoen libre, eta horregatik joan gara hara, inorekin lehiaketarik ez genuelako nahi.
Shisha Pangma eta Makalu aipatu dituzu. Zer alde dago neguan Nepalen eta Karakorumen artean?
Eguraldiaren baldintzak gogorragoak dira Karakorumen, eta espedizio baten logistika antolatzea zailagoa da. Himalayan eta Karakorumen bietan da negua haizetsua, baina hotza desberdina da. Eguraldi oneko tarteek Nepalen egun gehiago irauten dute. Ez da kasualitatea orain artean inguru hartakoak soilik igo izana neguan. Beheko kanpalekuetara iristeko ere alde handia dago; Pakistanen aste bat behar da, gutxienez, eta Nepalen azkarrago egiten da gerturatzea.
Baldintzen gogortasuna nabarmentzen duzue neguan zoazten mendizaleek. Zer erakargarritasun du zuretzat neguak?
Bi hitzetan laburtuta: esplorazioa eta abentura. Askotan erabiltzen ditugun hitzak dira, baina zer esanahi duten ez dakigu. Everestera bide normaletik udaberriko sasoian joaten bagara, esploraziorik edo abenturarik ez dugu aurkituko. Neketsua eta gogorra izango da igoera, arriskutsua ere bai, baina ez dago abenturarik. Esfortzua jende askorekin konpartitzen da. Neguan mendizalea bakarrik dago mendian. Nola igo pentsatu eta aztertu behar du, estrategia bat diseinatu; 40 edo 50 urte atzera egin eta erroetara itzultzeko modua da, Himalaya bakarti eta basatira bueltatzea. G-II mendian, adibidez, hogei bat espedizio elkartu daitezke ekaina-uztaila bitartean. Erakargarritasunik ez diot ikusten horri. Jada hogei lagun badira hamalau zortzimilakoak igo dituztenak, eta beste erronka batzuk saiatzeko unea dela uste dut. Neguan joatea da aukera bat.
Neguan espedizio astun eta pisutsuak ezinbestekoak direla zioen ustea irauli duzue.
Hala da. Horrek ez du esan nahi poloniarrak edo errusiarrak baino alpinista hobeak garela, igotzeko modua aldatu dugula baizik. Estilo arin eta azkarra sistema zaharrera egokitu dugu guk. Poloniarrek zazpi zortzimilako igo zituzten 1980ko urteetan, eta hurrengo hiru igoeretan nik parte hartu dut, estilo berri batekin; Shisha Pangma beheko kanpalekura iritsi eta 25 egunera igo genuen, Piotr Morawskik eta biok, 2005ean; Makalu, aldiz, iritsi eta 19 egunera. Orain 22 egunean igo dugu G-II. Horrek erakusten du gakoa azkar eta arin igotzea dela, eta zailagoa dela estilo klasikoan mendian kanpalekuak jarri eta pixkanaka igotzea. Neguan eguraldi oneko tarteak laburrak dira, eta horiek baliatzen jakin behar da. Altuerara behar bezala aurrez prestatzea eskatzen du horrek, eta estrategia antolatzea.
Azken horretan bete-betean asmatu duzue, ezta?
Eguraldi txarrarekin hasi genuen igoera, ekaitzaren erdian. Innsbrucken dugun eguraldi gizonaren iragarpenak funtsezkoak zaizkigu, eta konfiantza osoa dugu harengan. 'Simone, 30 orduko eguraldi oneko leihoa izango duzue', esan zigun Karl Gablek. Ez du hutsik egiten. 30 orduko leihoa ez da nahikoa estilo klasikoan igotzeko. Guretzat, ordea, ozta-ozta izan bada ere, nahikoa izan da.
Nola joan zen igoera?
Lehenengo egunean eguraldi txarra izan genuen bidelagun, eta 5.900 metrora igo ginen. Bigarren egunean 6.500 metrora iritsi ginen, eguraldi txarrarekin orduan ere. Hirugarren egunean Innsbrucketik iragarri zigutena bete zen: eguraldi onarekin igo ginen 7.100 metrora. Beste hamabi orduko leihoa genuen, eta gauez irten ginen tontorrera, 03:00etan. Gailurrera 11:38an iritsi ginen, eguraldia aldatu baino ordu laurden lehenago. Estrategia zehatza prestatzeko laugarren espediziokidea izan dugu Gabl.
Zer eguraldi zegoen tontorrean?
Haizea egiten zuen, eta zeropetik 40 graduko tenperatura. Sentipen termikoa 50etik beherakoa izango zen. Hotz handia egiten zuen, baina aurreko egunetan handiagoa egin zuen; 54 edo 56 gradura iritsi zela bagenekien.
Jaitsi artean, ordea, ez dago ospatzerik. Nolakoa izan zen jaitsiera?
Nire bizitzako zailena. Jaisten hasi eta lainoa sartu zen; 2-3 metroko ikusgarritasuna genuen, gehienez. Lanak izan genituen bide zuzena hartzen. Zorionez, igotzen ari ginela jarri genituen banderatxoak jarraituz iritsi ginen dendara, 7.100 metrora. Hurrengo egunean jaitsi ginen lehenengo kanpalekura, eta azken egunean beheko kanpalekura.
G-II neguan joateko mendirik arriskutsuena dela esan duzu. Hala iruditu al zaizu?
Ez dut halakorik esan igo dudalako, zintzoki pentsatzen dudalako baizik. Hormara iritsi aurretik derrigorrez glaziar bat zeharkatu behar den mendi bakarra da G-II; bost kilometroko zeharkaldia egin behar da, eta glaziarra arriskuz beteta dago, pitzaduraz eta zuloz josita. Elurrak estali egiten ditu, baina zuloak hor daude. Guk zati hori kainaberazko 200 bat banderarekin markatu genuen, arrakalak non zeuden markatzeko. Halere, elur-jausi batek harrapatu gintuen, eta, zorionez, ni neu ez ninduen estali elurrak. Irten eta Coryri eta Denisi laguntzeko modua izan nuen. Horren ondotik, arrakaletan bi aldiz erori zen Cory. Zortea izan dugu, eta eskarmentua lagungarri.
Urubkok eta zuk zeuk espedizio asko antolatu dituzue elkarrekin. Zer iritzi duzu osatzen duzuen sokaldiaz?
Hamabi urte daramatzagu elkarrekin eskalatzen, eta lagunak gara mendizaleak bainoago. Gure arteko harremanaz pentsatzen jartzen garenean gustatzen zaigu beste bikote batzuetan pentsatzea: Felix eta Alberto Iñurrategi, Messner eta Kammerlander, Kukuczka eta Wielicki, Troillet eta Loretan… Haien guztien bidean gabiltzala uste dut. Lagun pare apartekoa gara eta elkar ederki ezagutzen dugu.
Italiarra zara zu, kazahkstandarra Urubko. Ekialdeko alpinistekin beti izan duzu harreman estua.
Kontua ez da jatorria, mendira joateko modua berdin ulertzea baizik. Europako mendebaldeko eta Amerikako herrialdeetan alpinista gutxi ezagutzen dut neguan Himalayara joateko behar besteko gogo, motibazio eta eskarmentua duenik. Badira, noski, gaitasuna dutenak, baina ez dute joan nahi. Euskal Herrian bertan badira igoera zailak osa ditzaketen mendizale apartak: Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza, Ferran Latorre… Horiek guztiek igo dezakete neguan zortzimilako mendi bat.
Cory Richardsekin lehenengo aldia izan duzue, eta harentzat ere lehenengo espedizioa izan da neguan. Nolako mendizalea da?
Cory ez dakizun nondik aterako den (kar-kar). Ez nuen harekin orain arte eskalatu, baina Lhotsera joan ginenetik ezagutzen genuen elkar. Halako espedizio batek nolakoa behar duen izan lehen unetik barneratu du. Esperientziarik ez zuen neguko zortzimilakoetan, eta lehen aldia zuenez, gure aholkuei jaramon egin die. Teknikoki oso ona da, ez da hasiberria. Igoera honen arrakasta taldean oinarritu dugu, eta ez da erraza halako erronka batean taldearekin asmatzea.
Karakorumera itzuliko zarete neguan?
G-IIra joan aurretik lotua nuen 2012ko neguan K2ra joateko espedizioa. Litekeena da, ordea, helburuz aldatzea. Errusiako talde handi bat joango da K2ra; lagunak gara, baina mendira joateko beste estilo bat darabilte haiek: talde handian doaz. Ez naiz lehiaren zalea, eta errusiarrak K2ra badoaz libre dagoen zortzimilako batera joango gara. Poloniarrek aurten igotzen ez badute, Broad Peakera, akaso —Artur Hajzer buru duen espedizio handi bat dago mendi hartan—. Igo gabeko zortzimilako batera joango gara, ziur.
Urubkorekin eta Richardsekin?
Ez itzultzeko aukera aztertzen ari da Denis, baina hipotesi bat baino ez da. Nire asmoa hurrengo urtean ere biekin joatea da, eta ziur naiz elkarrekin joango garela.
Igo gabe dagoenetako bat da Gasherbrum I. Alex Txikon dago, besteak beste, bertan. Nola ikusi dituzu?
Bide berri bat ireki nahi dute, eta badut kezka bat: ez da bide arriskutsua, baina bai luzea. Lehen zatia harkaitz eta izotz horma batetik igo nahi dute, eta handik gora ertz luze batetik jarraitu. Segurtasun aldetik egokia iruditzen zait, baina tontorrera iristea lan nekeza izango dute.
Pakistanen mendiaz haratagoko asmoak ere badituzu, ezta?
Shimshal eskualdean alpinismo eskola bat ireki genuen, gazteak goi mendirako eta trekkingerako gidari prestuak izan daitezen. Herrialde islamiarra da Pakistan, eta hau da neska-mutilak elkarrekin hartzen dituen eskola bakarra. Etorkizuneko gidariak trebatzeko bidea egin nahi dugu.
Mendia. Neguko espedizioak. Simone Moro. Alpinista
«Erroetara itzuli gara neguan»
Gasherbrum II mendiaren neguko lehenengo igoera osatuta, mugarria jarri dute Simone Morok, Denis Urubkok eta Cory Richardsek; Karakorum mendikatean neguan igotako lehenengo zortzimilakoa izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu