Euskal eskalatzaileek estreinatu dute aurtengo txapelketen egutegia. Urtero jokatu ohi den Boulder Ligako lehen proba jokatu zen larunbatean, Gasteizko Estadio kiroldegiko rokodromoan. Giro paregabea sortu zen parte hartzaile eta ikusleen artean, kanpoan zegoen eguraldiak kiroldegi barruan egotera bultzatzen zuen eta. Guztira, 62 eskalatzailek parte hartu zuten, hiru mailatan banatuta. «Lehen probarekin nahiko gustura sentitu gara antolakuntzakoak; eskalatzaile gazte asko animatu zen parte hartzera eta Euskal Herriko hainbat lurraldetatik, gainera», adierazi du Iñaki Garai Boulder Ligako koordinatzaileak.
Elitekoen mailan parte hartzaile gutxi izan ziren, baina horrek ez zuen ikuskizuna eta lehia zapuztu. Gizonezkoetan, bost eskalatzailek parte hartu zuten, eta Dani Perez Gonzalez eta Dani Perez Reinares hornitzaileek proposaturiko blokeetako batek zuen saltoak saio ugari egitera behartu zituen lehiakideak. Azkenean, Mikel Inoriza aritu zen hobekien Eneko Infante eta Alex Rodriguezen aurretik. Emakumezkoetan, Zuriñe Arruek nagusitasun handia erakutsi zuen Sare Gurrutxaga eta Alba Lumbrerasen aurretik.
16 urtezazpiko mailako eskalatzaileak izan ziren lehiatzen lehenak. Lau neska eta hamazazpi mutil aritu ziren blokeetan, gora eta behera, norgehiagoka. Azkenean, Marta Camarak irabazi zuen nesketan, Aitziber Urrutia eta Mailen Rojoren aurretik. Mutiletan, Bittor Esparta izan zen indartsuena, Tasio Martin eta haren anaia Andoni Espartaren aurretik. 10 urteko parte hartzaile batek emandako ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten ere bertaratuek. Mikel Ziarrusta izena jarri zioten 16 urtez azpiko mailari, eskalatzaile zenduaren omenez. «Boulder ligan aritutakoa zen Ziarrusta; txapelketa gehienetara aurkeztu ohi zen eta oso gaztetatik, gainera. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zitzaigun nolabait omentzea», azaldu du Garaik.
Herrikoien mailakoak lehiatu ziren gazteenen ostean. Maila horretan izan zen parte hartzaile gehien: lau emakumezko eta hogeita lau gizonezko. Irune Garciak jantzi zuen txapela emakumezkoetan, finaleko blokeetako bat burutzen bakarra izan baitzen. Goizane Saez de Olazagutiak eta Maitane Ariznabarretak osatu zuten podiuma, hurrenez hurren. Gizonezkoetan, Martxel Gerekak irabazi zuen Gontzal Agirre eta Iñigo Agirre anaien aurretik. Sasoi bikaina erakutsi zuten lehiakide guztiek proba osoan.
Sailkapen orokorraren gorenean mantentzeko, puntuak biltzea ezinbestekoa da, eta horretarako, Amurrioko Bañueta kiroldegian izango dute hurrengo lehiaketa, otsailaren 16an.
Mendia
Eskalatzaile gazteak nagusi Gasteizen jokatu den Boulder Ligako lehen proban
62 eskalatzailek parte hartu dute, elite, herrikoi eta 16 urtez azpikoen mailatan banatuta

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu