Felipe Uriarte
TASHI DELEK

Eskutitza Teresari

2023ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
-Nola duzu izena?

- Tzu Namu Putixa.

Eta irribarrea egitean zulotxoak ireki zaizkio masailetan. Ramtang deituriko lekuan dute aterpetxea Tzu Namuren gurasoek, Tzim Putti amak, eta Dorjee Kantza aitak. Ghunsa herrikoak dira. 3.475 metroan dago Ghunsa, Ramtang-etik egun bat oinez, errekak, basoak, mendi maldak zeharkatuz. Udazkenean goi mendiko sasoia pil-pilean dagoela, Ramtango gurasoen jatetxe xumean lana handia izaten da. Mendizale asko igarotzen dira hemendik Pang Pemaruntz, Kangchenjungako iparraldeko oinarrizko beheko kanpamendurantz.

Tzu Namu Putixaren Ghunsako eskolan jaiegunak direnez, Dasai eta Tihar zortzi asteko festa luzeak ospatzen baitira, Tzu Namuk pozik jarduten du amari laguntzen. Amak su baxuan fideo zopa bi katilu prestatu, eta Tzu Namuk jaso eta arrotzei zerbitzatzen dizkie. Bezeroek, beren sakelako telefonoei begira, ez diote eskertu ere egin. Baina bost axola, amari laguntzen dio, eta horrekin pozik dago.

Sukaldeko su baxutik hormako oholen artean xirriztatzen den eguzki izpien artean etxola zeharkatuz arrotzen mahairaino, bidaia miresgarria burutzen du Tzuk, zopatik baratxuriaren lurrin gozoa zabaltzen delarik. Goi-goian, etxolatik baino askoz gorago, mendi harroak altxatzen dira, elurrez jantzirik. Aitak mendi haien izenak erakutsi zizkion, eta haiei begira izenak dastatzen ditu: Tha Nagphu, Nupchu, Girmingela, Ramtang, Kangbachen, eta distiratsuena Kumbhakharna.

Amari bazkaria ordaindu eta alde egin dute mendizaleek thank you esanez. Handik gutxira gu ere altxatu gara, hurbildu, eta zure argazkia erakutsi diot, badakizu zure masailetan zulotxoak agertzen diren argazki hura, zuri gustatzen ez zaizuna. Tzu Namuk argazkiari begiratu dio, gero burua altxatu, eta irribarrea eskaini dit. Haren masailetan ere zulotxoak agertu dira. Zureak bezain borobil eta alaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.