Etxekoa nagusi Amasako azken mendi duatloian

Eneko Gurrutxaga eta Maddi Olaetxea gailendu ziren larunbatean Amasako 31. mendi duatloian. Agurrekoa izan zen. Larunbat honetan jokatuko da, Aian (Gipuzkoa), zirkuituko laugarren proba eta Euskal Herriko Txapelketa.

Amasako 31. mendi duatloiko irabazleak
Gizonezkoetako hiru aurrenekoak. Ezker eskuin: Josu Urrestarazu bigarrena, Eneko Gurrutxaga irabazlea eta Aitor Regillaga hirugarrena. MARTINA KULTUR ELKARTEA
ramon olasagasti
2024ko urriaren 24a
10:30
Entzun

Euskal Herriko mendi duatloi probetan aitzindaria izan da Amasakoa, 31. ekitaldia izan zen aurreko larunbatekoa. Agurrekoa. Azkena egin eta duatloia antolatzeari uztea erabaki du antolatzaile taldeak. Abentura eder honek, ordea, nekez izan zezakeen amaiera dotoreagorik: lehiatzeko eta ikusteko eguraldi paregabea, azken urteetako partaidetzarik handiena —120 parte hartzaile eta 88 dortsal—, epikotasun puntu bat aurreko egunetako euriaren ondorioz, goizeko saioan ume mordo bat... Eta, hori guztia gutxi balitz bezala, herriko seme bat izan zen garaile mutiletan: Eneko Gurrutxaga. Emakumezkoetan, berriz, Maddi Olaetxea usurbildarra (Gipuzkoa) nagusitu zen, eta errelebokako lasterketan, Dani Iparragirre eta Koldo Herrera arantzarrak (Nafarroa) izan ziren bizkorrenak.

Gurrutxagak, ohi duen moduan, bizikletako sektorean oinarritu zuen garaipena. Korrikako zatian, amasarrak aurretik izan zituen Josu Urrestarazu, Aitor Regillaga eta Aitor Sansebastian, baina bizikletaren gainean eta lokatzetan atzetik aurrera egin eta denak gainditu zituen Gurrutxagak. Helmugan, 1.24.02ko denbora egin zuen. Josu Urrestarazu idiazabaldarra izan zen bigarren, 1.25.33ko denbora eginda, eta Aitor Regillaga tolosarra hirugarren, irabazlearengandik 2 minutu eta 20 segundora.

Josu Urrestarazu da zirkuituko lider sendoa. Garaipenik eskuratu ez badu ere, oso erregular ari da, bitan izan da bigarren, eta 33 punturen aldea ateratzen dio Xabier Agirre bigarren sailkatuari.

Emakumezkoetan, Maddi Olaetxea usurbildarrak (1.47.26) eroso irabazi zuen, ia 14 minuturen aldea atera baitzion Nekane Pradera gasteiztarrari (2.01.14). Hirugarren, berriz, Ainhoa Marquinez izan zen (2.02.20), gasteiztarra hau ere. Zirkuituko sailkapen orokorrean, Nekane Praderak ondo bideratua du azken garaipena, 43 punturen aldea ateratzen baitio Marquinezi proben erdiak jokatuta.

Erreleboetako proban, Dani Iparragirre-Koldo Herrera arantzarrak izan ziren bizkorrenak (1.20.03), Enaitz Roteta eta Iosu Mujika asteasuarrak (Gipuzkoa) bigarrenak (1.24.26), eta Alex Gaztañeta eta Aritz Segurola, horiek ere asteasuarrak, hirugarrenak (1.25.24).

Amasako 31. mendi duatloiko irabazleak
Hiru aurrenekoak emakumezkoetan. Ezker-eskuin: Ainhoa Marquinez hirugarrena, Maddi Olaetxea irabazlea eta Nekane Pradera bigarrena. MARTINA KULTUR ELKARTEA

Probaren irabazleak, Eneko Gurrutxagak, urte asko egin ditu duatloi hau antolatzen, eta, esan duenez, higadura, nekea, Gipuzkoako Aldundiaren trabak eta abar izan dira proba antolatzeari uzteko arrazoiak: «Belaunaldi aldaketa izan da, gizartea ere aldatzen ari da, eta antolakuntzak pisu dezentekoa du. Hori dela eta, nahiko nekatuta zegoen antolakuntza taldea. Bestalde, aldundiak ibilbidea aldatzeko eskatu zigun, nahiko traba jarri zizkigun, eta, nahiz eta azkenean baimena eman zigun egiteko, gustatu ez zaizkigun baldintza batzuk ezarri zizkigun. Ibilbidea aldatu behar izan genuen, eta askoz ere arriskutsuagoa geratu zen. Lehendik nekatuta egonik, antolakuntzak erabaki du gehiago ez jarraitzea».

Euskal Herriko Txapelketa larunbatean, Aiako mendi duatloian

Zirkuituko laugarren proba larunbat honetan bertan jokatuko da, Aian (Gipuzkoa): Aiako IV. Mendi Duatloia. Aurtengoa, gainera, Euskal Herriko Txapelketa ere izango da, eta, beraz, bertan bilduko dira espezialistarik onenak.

15:30ean hasiko da proba. Antolatzaileek 21 kilometro inguruko ibilbidea prestatu dute. Lehen sektorea korrika izango da, hiru itzuli zirkuitu bati, 6,21 km (275 m+) guztira. Ondoren, mendiko bizikletarekin 13,2 kilometro (642 m+) egin beharko dituzte. Lasterketan zehar, helmugatik pasatzen diren bakoitzean anoa postua izango dute partaideek. Izena emateko, Kirolprobak.com helbidera jo daiteke.

Kirol probatik harago, Aia ingurua ezagutuz egunpasa eder bat egiteko aukera eskaini nahi izan dute Aiako mendi duatloiaren antolatzaileek. Egun osoan hainbat ekitaldi izango dira, eta, arratsaldea amaitzeko, jaialdia izango da Aristerrazuko plaza ezagunean. DJ Bon arituko da han musikaren bidez giroa berotzen. Beraz, lasterketa amaitu ondoren dantzarako eta festarako gogoa duenak hor du aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.