Emmoa Euskal Mendizaletasunaren Museoa kide gisa onartu dute berriki IMMA edo Mendiko Museoen Nazioarteko Elkargoan, erakunde horrek apirilaren 30ean Sabadellen (Katalunia) eginiko urteko batzarrean. «Nazioarteak Emmoaren ondareari, euskal museoari eta gure herriaren historiari —azken batean Euskal Herriari— aitortza egiteko modu bat da IMMAko kidetzat onartu izana. Pozik gaude, urrats handi bat egin dugula iruditzen zait, eta horrek hainbat ate zabalduko dizkigu tokiko esparrutik kanpo ere lan egiteko eta nazioarteko lankidetzak abiatzeko», azpimarratu du Txomin Uriarte Emmoako presidenteak. Sabadelleko batzarrean izan zen Uriarte, Emmoaren hautagaitza defendatzen.
Duela hamabi urte eratu zen Emmoa, 2013an, Gasteizen. Duela mende bat, Mendi Federazioa sortu zenean, jada aipatzen zen amets hura —euskal mendizaletasunaren inguruko museo bat sortzea— gauzatu zuen horrela Emmoak, eta geroztik historia eta ondare hori berreskuratzeko, zaintzeko eta transmititzeko lanean jarraitu du etsi gabe, mendizaleek dohaintzan emandako altxor historikoak eskuratuz eta gordez, balioak transmitituz, erakusketak eginez, zabalkundea indartuz, gure historian sakonduz eta ikertuz...
«IMMAk oso ontzat jo du Emmoak eskaintzen duena ez izatea objektuen bilduma soil bat, baizik eta herri mendizale baten historia, mendizaletasunaren historia, jasotzen duen kontakizun bizi bat»
TXOMIN URIARTEEMMOAko presidentea
Liburutegia, dokumentu biltegia, hemeroteka, fototeka, objektu historikoak, elkarrizketak, eta erakusketak dira Emmoaren funtsak. Balio kalkulaezineko altxortegi horretan daude, besteak beste, Andres Espinosak Alpeetako eta Himalaiako bizipenen berri emateko eskuz idatzitako zazpi liburuxkak; Anjel Sopeñak Fraileburuko lehen euskal eskalada historikoan erabili zuen burdinazko iltzea; Everesteko gailurrean Pasang Tenbak astindu zuen ikurrina; Martin Zabaletak 1980ko maiatzaren 14 hartan erabili zuen lumazko jaka, eta tontorretik jaso zuen poloniarren arrosarioa, Aita Santuak bedeinkatua; Edurne Pasabanek K2ko gailurrean jantzita zeraman lumazko buzoa... Adibide gutxi batzuk baino ez dira horiek, guztira bederatziehun piezak osatzen baitute Emmoaren bilduma.
Ondare horren parte dira, orobat, Antxon Bandres Azkueren argazki bilduma historikoa —gerra baino lehenagoko 850 argazkiz osatua—; mendiari eta mendizaletasunari buruzko 4.500 liburuz osatutako bilduma bat, tartean direla Javier Eguskiza Kartajanari-k emandako 1.500 liburu —himalaismoari buruzko munduko bildumarik onenetakoa da—; 5.000 argazki digitalizatu; Euskal Herriko eta Espainiako argitaletxeek eta elkarteek argitaratutako mendiko aldizkarien 50 bilduma baino gehiago; 1922az geroztik prentsan mendizaletasunari buruz argitaratutako artikuluen gordailua; sei erakusketa iraunkor eta lau erakusketa ibiltari...
«Gure historiaren kontakizun bizia»
Orain arte, hamabi museok osatzen zuten Mendiko Museoen Nazioarteko Elkargoa, baina hamabi horietatik batzuk etnografikoak dira, orokorragoak, eta ez berariaz mendi-mendikoak. «Hori dela eta, balio handia eman diete gure mendiko ondareari eta historiari. Eta, orain arte ondare hori erakusteko leku finko bat izan ez badugu ere, ontzat jo dute hainbat erakusketa, hitzaldi, argitalpen eta ekinaldi antolatu eta bultzatu izana ere. Alde horretatik, ez zuten ulertzen nolatan ez dugun jaso erakunde publikoen babes handiagorik orain arte», nabarmendu du Txomin Uriartek. «Azken batean, IMMAk oso ontzat jo du Emmoak eskaintzen duena ez izatea objektuen bilduma soil bat, baizik eta herri mendizale baten historia, mendizaletasunaren historia, jasotzen duen kontakizun bizi bat».
Emmoan eragile esanguratsuak aritu dira errelato hori josten, ondare hori biltzen, jagoten eta zabaltzen: Antxon Iturriza, mendiko kronikari, idazle eta euskal mendizaletasunaren historialaria; Txomin Uriarte bera, 30 urtez Pyrenaica aldizkariko editore aritutakoa, EMFko presidente izandakoa eta Everesteko Tximist espedizioko kidea; Patxi Kortazar arkitektoa; Mari Jose Lasa euskal mendizaletasunaren esparruan eragin handiko pertsona eta Antxon Bandresen alarguna; Juan Mari Ansa mendizalea eta liburutegiaren arduraduna, eta beste hainbat.

IMMAk oso aintzat hartu du Emmoaren proiektua, euskal mendizaletasunaren museoa, «herritik eta herriarentzat sortua» izatea. Euskal alpinista ezagunek eta mendiarekin lotutako gainerako goi mailako kirolariek babesa eman diote proiektuari, baita mendi talde eta elkarte askok eta Hegoaldeko lau lurraldeetako federazioek ere. Euskal Mendizaleen Federazioa (EMF) eta Nafarroakoa (MEKNF) patronatuko kide dira, eta, baita Mendi Film jaialdia ere, guztiak ere mendiko euskal kulturaren jagole.
IMMA Mendiko Museoen Nazioarteko Elkargoa 2015ean sortu zen ,Nazio Batuen onarpenarekin, eta Turinen du egoitza nagusia (Italia), herrialde horretako Mendiko Museoan. Orain arte, museo eta dokumentazio zentro hauek ziren kide: Turin, Trento eta Sondrio (Italia), Chamonix eta Chambery (Frantzia), Banff (Kanada), Zakopane eta Jelenia Gora (Polonia), Sabadelleko Servei (Katalunia), Berna (Suitza), Pokhara (Nepal) eta Brasov (Errumania). Beraz, Emmoa elkargoko 13. kide bihurtu da.
IMMAk mendiko kultura kontserbatzearen, aztertzearen eta sustatzearen alde lan egiten du, baita ekologiaren eta ingurumenaren alde ere, lankidetzan proiektu komunak gauzatuz. Alde horretatik, azken zortzi urteotan Emmoak hartu-emana izan du IMMArekin, eta elkargoaren hainbat batzarretan eta ekinalditan parte hartu izan du. «Adibidez, duela hiru urte, mendiko kulturari buruzko nazioarteko biltzar bat antolatu zuen elkargoak Poloniako Zakopane hirian. Museo bakoitzak tokian tokiko mendiko kulturaren bereizgarri bati buruzko lan bat erakutsi zuen, eta guk mendiko buzoiei buruzko lan bat aurkeztu genuen, mendi federazioekin elkarlanean egindakoa. Mendiko buzoiena Euskal Herriko ohitura da, ez da halakorik beste inon, eta aurkeztu genuen lanak oso harrera ona izan zuen», oroitu du Uriartek. Aurrerantzean, beraz, bete-beteko kide gisa parte hartuko du Emmoak helburu horietan, hango eta hemengo ereduak zabalduz eta indarrean jarriz.