Mendiko eskiak beste ekitaldi garrantzitsu bat ere izan zuen iragan asteburuan: Espainiako Kopako eta txapelketako probak jokatu ziren Spoten (Kataluniako Pirinioak).
Larunbatean kronoigoera izan zen; igandean, berriz, esprinta. Mendiko eskiko euskal selekzioko lau kadete eta junior bat aritu ziren lehian, eta oso emaitza onak lortu zituzten. Kadete mailan, Maialen Uriz nafarrak irabazi zuen nesketan larunbateko lasterketa. Euskal selekzioko Carla Martinez eta Celia Olivar, berriz, hirugarren eta laugarren izan ziren, hurrenez hurren. Maila berean, Pablo Oderiz izan zen euskal herritar onena mutiletan, bosgarren postuan sailkatuta.
Juniorretan, berriz, Iñigo Martinez de Albornozek hirugarren egin zuen.
Igandeko proban, bestalde, euskal selekzioko kideak oso ondo aritu ziren: kadeteetan, Carla Martinezek bigarren egin zuen, eta Celia Olivarrek, hirugarren. Maila berean, gizonezkoetan ere bikain aritu ziren euskal herritarrak, eta Pablo Oderiz izan zen nagusi. Juniorretan ere Iñigo Martinez bikain aritu zen, eta bigarren izan zen helmugan.
Proba horietan Espainiako txapelketa ere jokoan zegoen, ordea, eta esprintean, Carla Martinez eta Celia Olivar bigarren eta hirugarren izan ziren, hurrenez hurren; eta maila berean, Pablo Oderiz lehenengo. Juniorretan Iñigo Martinezek irabazi zuen. Euskal selekzioko kideek bi asteburu barru izango dute hurrengo saioa, Izaban (Nafarroa), Euskal Herriko txapelketan, Antxon Bandres eta Karlos Imirizalduren omenezko lasterketan. Aurretik, baina, Carla eta Iñigo Martinez anai-arrebek Europako txapelketan parte hartuko dute asteburu honetan, Espainiako selekzioarekin.
Mendiko eskia
Euskal selekzioa bikain aritu da Espainiako txapelketan
Pablo Oderiz izan da nagusi Espainiako Kopako esprintean; juniorretan Iñigo Martinezek irabazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu