Espainiako eskalada Kopako bigarren lehian parte hartu dute euskal selekzioko eskalatzaileek. Terrassako (Herrialde Katalanak) Centre Muntayenyenc Sant Llorenç rokodromoan jokatu zen, asteburuan. Euskal selekzioko kideek emaitza onak eskuratu dituzte berriro ere: urrezko bi domina eta zilarrezko bat.
Nagusietan, Irati Anda laugarren sailkatu zen eta Zuriñe Arrue seigarren; gizonezkoetan, berriz, Iñaki Arantzamendik hamabigarren postua eskuratu zuen, eta Antton Zabala hamalaugarrena. 20 urtetik beherakoen mailan, Ibai Isusik urrezko domina eskuratu zuen, eta, haren atzetik, Mikel Madinabeitia geratu zen, zilarrezko domina eskuratuz. Emakumezkoetan, Miriam Mulas arrasatearra bosgarren postuarekin konformatu behar izan zen.
18 urtetik beherakoen mailan, Jone Ugartemendia zumaiarra izan zen euskal ordezkari bakarra emakumezkoetan; bosgarren sailkatu zen hori ere. Gizonezkoetan, Mikel Inoriza bakarrik pasatu zen finalera, azkenean, eta zortzigarren postua eskuratu zuen. Gorka Ruiz hamaikagarren gelditu zen eta Julen Berrueko hamaseigarren. Gaztetxoenetan, 16 urtez azpikoen mailan, Mikel Linazisorok urrezko domina eskuratu zuen; arrasatekoa bikain dabilela erakusten ari da aurten ere. Bittor Espartari podiumak ihes egin zion, eta, azkenean, bosgarren postua eskuratu zuen. Haren anaia, Andoni Esparta, hiru postu atzerago sailkatu zen, zortzigarren, hain zuzen ere. «Gure eskalatzaile gazteak bikain ari dira berriro ere», adierazi du Antxon Burciok, Euskal Mendi Federazioko zuzendari teknikoak, «EMFren kirol eskaladako arloarentzat belaunaldi gazteek esperientzia hartuz joatea da garrantzitsuena, eta izan ditugun emaitzek bide onetik goazela erakusten digute». Orain arte bezala lan egiten jarraituko dutela argi dute federazioko arduradunek.
Bigarren probaren ostean, nagusien mailan, Irati Anda bigarren postuan kokatu da sailkapen nagusian eta Zuriñe Arrue seigarren. Gizonezkoetan, Iñaki Arantzamendi hamaikagarren dago, eta Antton Zabala, hemeretzigarren.
Bihar eta etzi jokatuko dute Espainiako Kopako azken proba. Bartzelonan izango da, Climbat Foixardako rokodromoan, hain zuzen. Horrekin bukatuko dute denboraldia gazteek. Nagusiei, Espainiako txapelketa falta zaie denboraldia bukatzeko; datorren asteburuan jokatuko dute, Gijonen (Asturias, Espainia).
Mendia
Euskal Selekzioa gogoz, eskaladako Espainiako Kopan
Urrezko bi domina eta zilarrezko bat eskuratu dituzte Terrassan jokaturiko Espainiako Kopako bigarren proban
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu