G-I igotzeko asmoan azken ahalegin bat egingo dute

Eguraldi iragarpena jaso eta gorako lanari noiz berrekingo dioten gaur erabakiko dute Txikon, Rousseau eta Goschlek

Louis Rousseau, bidea irekiz, 6.600 metrora. ALEX TXIKON.
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Saiatzen ari direnik behintzat inork ez die ukatuko. Gasherbrum I mendia (8.080) neguan lehen aldiz igotzeko azken saio bat egiteko asmoa agertu dute Alex Txikon, Louis Rousseau eta Gerfried Goschlek. Gaur goizean jasoko dute Karl Gabl Innsbruckeko meteorologoak bidaliko dien eguraldi iragarpena, eta horren arabera hartuko dute azken erabakia. Txikonek, ordea, zalantzarako tarte gutxi du: «Martxoaren 21a gertu dago, eta oso eguraldi txarra datorrela iragarri beharko digu beste saio bat ez egiteko».

Mendizalearen ahotsaren tonuak ageriko uzten zuen bezperako egunarekin alderatuz mendizaleek izan duten umore aldaketa. Astelehenetik asteazkenera hegoaldeko horma gainditzen indarrak xahutu zituzten, eta atzoko atsedenak biziberritu egin ditu. «Nekeak jota jaitsi ginen, uste baino zailagoa delako ireki nahi dugun zatia.Izotz oso trinkoa dago, 70-75 graduko pendizan, eta babeslekuak jartzeko iltzeak nekez sar daitezke. Hotzak, nekeak eta ikusi genuen zailtasunak eragindako tentsioarekin lur-jota jaitsi ginen beheko kanpalekura», argitu zuen Txikonek.

Azken ahaleginak, ordea, azkarra beharko du izan. Negua bukatzeko hamar egun falta dira, eta denbora tarte handirik ez dute. Hegoaldeko horma gainditzetik 100 metro eskasera geratu dira asteon mendizaleak, eta horman soka finkatzen lanik zailena egina dute. Horregatik ere egin nahi dute azken saio bat: «Horma gainditu eta ertzera iritsiko bagina, 7.000 metrora geundeke, eta, hara iritsita, tontorrerako aukera asko genituzke».

Poloniarrak ere ezinean

Indian eta Nepalen lekututako zortzimilakoak ez bezala, neguan igo gabeak ziren orain artean Pakistango bost zortzimilakoak: K2, Broad Peak, Gasherbrum I eta II, eta Nanga Parbat. Bosteko zerrenda horretatik G-IImendia igo zuten otsailean Simone Moro, Denis Urubko eta Cory Richardsek. Zerrendatik G-I kendu nahian ari dira Txikon, Rousseau eta Goschl, eta Broad Peak ezabatu nahian Artur Hazjer buru duten poloniarrak. Haiek ere egunotan egin dute saioa, baina jarria zuten bigarren kanpalekua haize erauntsi batek txikitu die, eta beherako bidea hartudute. Haiek ere nekeza dute martxoaren 21a baino lehen helburua lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.