Irati Anda. Eskalatzailea

«Garaipena arraroa izan da, ez bainaiz bereziki prestatu»

Garai bateko garaipenak atzean utzita, maila apalagoan aritu izan da urteotan Irati Anda. Eskalada erraietan daramala argi erakutsi du, ordea, Espainiako zailtasun txapelketa irabazi berri baitu. Munduko txapelketa dauka orain buruan.

2014ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Euskal Herriko plazatan bertsotan ezagutu zuten askok Irati Anda (Gasteiz, 1982). Gerora, ordea, eskaladak zabaldu du haren izena lau haizeetara. 2005etik 2008ra izan zuen loraldia, Euskal Herriko eta Espainiako Txapelketak irabazita. Lesioak zirela tarteko, garaian garaiko egoeretara egokitu behar izan zuen, sekula amore eman gabe. Gutxiago entrenatuta ere, helduago eta ziurrago itzuli da, eta, aurten, Espainiako zailtasun txapelketa irabazi du.

Zer moduz joan da txapelketa?

Zeri ematen zaion garrantzia... Baina, nire ustez, ondo joan da. Euskal Selekzioa, oro har, oso fin ibili da: sei kidetik bostek lortu dugu finalerako sailkatzea. Gainerakoan, atentzioa eman dit oso jende gutxik hartu duela parte.

Hiru egun izan dira. Nolako probak gainditu behar izan dituzue?

Oso proba ezberdinak izan dira, tokiko hormaren araberakoak. Lehenengoa, Zaragozakoa, hasteko proba izan zen, eskalatzaileok nola gauden ikusteko eta aurtengo helburuak finkatzeko. Bigarren proba, Bartzelonakoa, oso fisikoa izan zen; azkenik, Lleidan, finaleko bidea ez zen aproposa izan eta txapelketa eskasa izan zen.

Txapelketaren lehenengo bi probetan zu izan zara garaile, baina hirugarrengoan Zuriñe Arrue izan zen azkarrena. Zeneukan denbora errentarekin lasai eta akatsik egin gabe eskalatzea erabaki zenuen?

Batetik, kirol eskaladan ezin dugu jakin beste lehiakideek zer egin duten gure aurretik, eremu berezi batean bakartuta egoten garelako gure txanda iristen den arte. Bestetik, finaleko bidea gogorra izaten da normalean, eta hala izango zela uste nuen oraingoan ere. Nik bidea osatu nahi nuen, horregatik, ahal nuen tokietan atseden hartzea izan zen nire estrategia, pasarte gogorrenerako indarra gordetzeko. Bideak, ordea, ez zeukan tarte gogorrik eta horrenbestez taktikak kale egin zidan. Horregatik uste dut hornitzaileek hanka sartu zutela Lleidako txapelketan. Ez da normala final batean zortzi eskalatzaile lehiatzea, eta bostek bidea bukatzea. Zailtasun eskalada ez da abiadura eskalada; baina berdinketa dagoenean, nolabait erabaki behar da zein izan den onena. Orain dela bi edo hiru urte arautegian abiadura kontuan hartzea erabaki zuten eta Lleidako txapelketan abiadurak erabaki zuen podiuma, ez zailtasunak.

Ekainaren amaieran Munduko Kopa jokatuko da Txinan baina ez zara joango, ezta?

Ez, aurten ez. Aurretik ere Munduko Kopan lehiatu naiz, eta badakit zer den han egotea. Oraintxe, ez daukat ez Munduko Kopan gustura lehiatzeko moduko mailarik ezta entrenatzeko astirik ere. Munduko Kopako pare bat probatan parte hartuko dut erritmoa lantzeko eta txapelketen hariari eusteko, baina ez besterik.

Hurrengo proba?

Chamonixeko Munduko Kopa. Tradizio handiko proba da, kopako lehenbizikoa eta oso giro ona sortzen da beti. Mendizale eta eskalatzaile ugari biltzen dira, eta txapelketa magikoa izaten da. Gustura lehiatzen naiz han. Ondoren, irailean, Gijongo Munduko Txapelketa egingo dut.

Zenbait urteren ostean, berriz ere gorenean zaude. Zer sentitu duzu berriz irabazita?

Aurreko urtean ere lehiatu nintzen, eta Espainiako kopan eta Txapelketan bigarren izan nintzen, baina zoritxarrez emaitza onak lortzen ditugunean baino ez dira entzuten gure izenak. Egia esan, aurten ez dut neure burua bereziki indartsu sentitzen, baina borrokalaria naiz, urte asko daramatzat lehiatzen, eta esperientzia horrek asko laguntzen dit. Uste dut hori izan dela aurtengo arrakastaren gakoa. Txapelketei ez diet jada beldurrik, eta uste dut nahikoa heldutasun lortu dudala Espainiako Kopan ongi aritzeko. Egia esan, arraroa ere izan da garaipena, ez baitut txapelketa bereziki prestatu. Azkenaldian, gogoaren arabera nabil: azken unean animatu eta zer egin dezakedan ikustera joaten naiz lehenbiziko probara. Proba horren ondoren, motibatu egiten naiz. Hala ere, beti joaten naiz dena ematera, lehia guztietara.

Lehia bigarren mailan ikusten duzu orduan?

Bai. Orain dela 5-6 urte, lesioen erruz, utzi egin behar izan nuen lehia. Lesioak beste bide bat hartzera behartu ninduen, eta Kirol Zientzietako ikasketak amaitu, eta lanean hasi nintzen. Orain,beste lehentasun batzuk dauzkat,eta ez diot zentzurik ikusten garai batean bezala eguneko 24 orduak soilik eskaladari emateari. Izugarri gustatzen zait lehiatzea, eta oraintxe oso motibatuta nago, baina neure bizitzako alderdi guztiei tartetxoa egitea erabaki dut. Gutxiengoan dagoen kirola da eskalada, eta aukera gutxi dago lehiaren aldeko apustua egiteko.

Nola uztartzen dira lana eta goi mailako kirola?

Kosta egin zait txipa aldatzea. Ondo entrenatuz lehiatzera ohituta nago, plangintza zehatza edukita eta indartsu noiz egongo naizen jakinda. Orain, berriz, lanean eta ikasten ari naiz, eta, entrenatzeko tartetxo bat daukadanean, ahalik eta ondoena aprobetxatzen dut. Horrek konfiantza txikia ematen zidan hasieran, ez dakidalako nola iritsiko naizen lehiaren egunera. Pixkanaka, ordea, egoera honetan ere gozatzen ikasi dut. Hauxe da oraingo egoera, eta dauzkadan piezekin puzzlea ahalik eta ondoena egiten saiatzea, beste aukerarik ez dago.

Nola ikusten duzu emakumeen eskalada?

Txapelketetan, emakumezkoen eskalada ez dago unerik onenean. Oso neska gutxik hartzen dugu parte, eta partaideen adina nahiko handia da. Belaunaldi gazteak falta dira. Txapelketen formatuak ere ez du asko laguntzen, eta autonomia erkidegoetako erakundeek ere ez daukate gaztetxoekin lan egiteko planik. Euskal Herrian, haitzean, neska ugari maila politean ari dira, baina txapelketetan ez da antzematen. Gutxi gara, eta, nazioartekoekin alderatuta, gure maila askoz apalagoa da.

Txapelketetatik harago, eskaladan beste ametsik baduzu?

Bai, haitzean bideak kateatzeko gogoa daukat. Baltzolako koban kateatzeko prest utzi nuen Baltzolita (8c) bidea aspaldi, eta azkenaldian askotan etortzen zait burura. Bide luzeak egiteko gogoa ere badaukat; baina, oro har, haitzera joatea eta eskalatzea da neure gogoa.

Zuk zeuk esan duzu, beste hainbat arlori ere egiten diezula orain tartea. Zertan ari zara?

Espainiako gaztetxoen eskalada taldeko hautatzailea naiz, eta zenbait gazteren prestatzailea ere bai. Gasteizko K2 gimnasioko rokodromoan egiten dut lan. Hitzaldiak ematen ditut tarteka, eta irrati saio batean kolaboratzaile aritzen naiz. Horrez gain, min hartu nuenean berriz heldu nion gaztetako zaletasun bati, bertsolaritzari, eta Arabako txapelketan parte hartzen ari naiz. Titiritero xamar nabil egia esan [barrez].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.