Goi mailako eskalada Opena Klimb Zarautzen

Klimb Zarautz rokodromoak antolatutako lehen boulder txapelketa izan zen larunbatean, maila handikoa eta ezustez betea. Rebeca Perez eta Enrique Beltran aragoiarrak izan ziren txapeldun.

Klimb Zarautz rokodromoak antolatutako boulder txapelketaren podiuma.
Podiuma osatu zuten eskalatzaileak, txapelarekin eta garaikurrekin. JAVI GOYA
Ioritz Gonzalez Lertxundi
2024ko martxoaren 4a
12:00
Entzun

Klimb Zarautz rokodromoak maila goreneko boulder txapelketa antolatu zuen larunbatean, lehenengo urteurrena ospatzeko. Ekitaldia irekia izan zen, aurreko asteko erreportajean iragarri moduan, eta boulderra maite dutenentzako aukera ezin hobea; izan ere, gaur egun modalitate horretan punta-puntan dabiltzan ekipatzaileek atonduriko blokeetan saiatzeko parada izan zuten eskalatzaileek. Euskal Herriko eta estatuko eskalatzailerik onenetakoak izan ziren txapelketan; asko eta asko Espainiako txapeldun izandakoak, Europako aurrenekoen artean ibilitakoak edota egun munduan dihardutenak, besteak beste.

Guztira 150 eskalatzailek hartu zuten parte lau txandatan banaturik, eta sei hauek igaro ziren finalera nesketan eta mutiletan: Maddi Agirre, Haizea Oses, Iune Lahidalga, Geila Macia, Rebeca Perez eta Paula Traverso alde batetik; eta Andoni Esparta, Eneko Carretero, Martzel Bikario, Alejandro Crespo, Baptiste Escalle eta Enrique Beltran bestetik. Hainbat euskaldun ziren finalisten artean, baina azkenean txapela bi aragoiarrek jantzi zuten: Rebeca Perezek eta Enrique Beltranek, hain zuzen. Bigarren Gaila Macia eta Alejandro Crespo izan ziren eta hirugarren Paula Traverso eta Baptiste Escalle baionarra.

Klimb Zarautz rokodromoak antolatutako boulder txapelketa
Geila Macia, boulderreko munduko txapeldunordea, finaleko blokeetako batean. JAVI GOYA

Parte hartzaileek hogeita hamar bloke zituzten egiteko, eta finalera igaro zirenek gehientsuenak egin zituzten. Ezustekoa mutilen sailkapenean jazo zen, Mikel Linazisoro ez baitzen sailkatu. Gaur egun, boulderrean Europan dagoen eskalatzailerik indartsuenetakoa da Linazisoro, eta, hain zuzen, bergararra finalera ez igarotzea Openean izan zen mailaren adierazgarri da. Nesken finalean ere faborito nagusia Geila Macia zen, boulderreko munduko txapeldunordea, baina hau ere txapelik gabe geratu zen azkenean. Esan daiteke, beraz, nazioarteko finala izan zela ikusgai.

Larunbateko txapelketaren ondoren, igandean 7 eta 15 urte bitarteko eskalatzaile gaztetxoen topaketa izan zen. Hor ere 150 eskalatzaile inguru bildu ziren, gaztetxoenei kirol horretaz gozatzeko aukera eskaintzeko asmoz. Helburua kirol eskaladan dihardutenentzako topaketa bat antolatzea eta eskalada ezagutzen ez dutenei kirol hori frogatzeko parada eskaintzea izan zen, ez baitzen izan ez lehiarik ez eta sailkapenik ere.

Eskalatzaileek I. Open Klimb Zarautzeko giroa nabarmendu zuten, blokeen maila goraipatzeaz gain, jendearen eta antolatzaileen gertukotasuna eta prestutasuna eskertu zuten. Txapelketara gerturatu zirenek mundu mailan lehiatzen diharduten eskalatzaileekin jarduteko aukera izan zuten. Askok, gaztetxoenen harrobia lantzeko aukera egokia dela aipatu zuten, mota horretako lehiak oso motibagarriak direla argudiatuz.

Klimb Zarautz rokodromoak antolatutako boulder txapelketa
Eneko Carretero zumaiarra, finaleko blokeetako batean. JAVI GOYA

Horrelako ekitaldiek giro berezia sortzen dutela azpimarratu zuten, eta kirol eskaladak bultzada izan dezan ezinbesteko testuingurua sortzen dutela nabarmendu. Goi mailako eskalatzaileek eta ekipatzaileek molde horretako eskalada ekitaldien beharra aipatu zuten, kirol eskalada egun ere jende askorentzat kirol modu ezezaguna delako, eta hedabideen eta federazioen apustuak sendoagoa izan beharko lukeela azpimarratu zuten. Kirolariek entrenatzeko eta harrobia lantzeko azpiegitura gehiagoren beharra dagoela adierazi zuten, Europako leku askorekiko atzetik gabiltzala ohartaraziz. Batek baino gehiagok antzeko ekitaldi gehiago ikusteko lehen urratsa izatea espero dutela adierazi zuen, azken urteetan aurrerapausoren bat edo beste egin dela, baina oraindik aurretik lan handia dagoela.

Finala Klimb-en bertan edo EITBren bidez zuzenean ikusteko aukera izan ez zutenek eitb.eus-en eta Youtuben dute ikusgai.

SAILKAPENAK
Absolutuak
Neskak

1.- Rebeca Perez
2.- Geila Macia
3.- Paula Traverso
4.- Haizea Oses
5.- Madi Agirre
6.- Iune Lahidalga

Mutilak

1.- Enrique Beltran
2.- Alejandro Crespo
3.- Baptiste Escalle
4.- Andoni Esparta
5.- Eneko Carretero
6.- Martzel Vicario

16 urtez azpikoak
Neskak

1.- Enara Malo
2.- Araceli de Bilbao
3.- Haizea Pinto

Mutilak

1.- Ander Beitia
2.- Lier Perez
3.- Ibon Lorente

18 urtez azpikoak
Neskak

1.- Ainhoa Uskola
2.- Elur Arteaga
3.- Ainhoa Bueno

Mutilak

1.- Lizer Aznarez
2.- Manex Iñurrategi
3.- Gari Markuerkiaga

Master 40
Neskak

1.- Nora Millor

Mutilak

1.- Ruben Saenz

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.