Oihana Kortazar. Mendiko korrikalaria

«Gorenean ibili nahi dut, eta hori lortzeko lan egingo dut»

Amatasunak, halabeharrez, aldaketa asko eragiten du gorputzean, baina, Oihana Kortazarrek erakutsi duen moduan, ez dira berriz ere sasoia hartzea eragozteko modukoak. Lehiara bueltan da gipuzkoarra.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
2015eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Urtebeteko geldialdiaren ostean, berriz ere lehian da Oihana Kortazar (Elgeta, Gipuzkoa, 1984). Erantzi zituen moduan jantzi ditu berriz ere zapatilak elgetarrak: podiumaren gorenera igo da lehen lasterketan. 2013ko irailean Transalpine Run lasterketa egin, eta zapatilak atseden hartzen utzi zituen gipuzkoarrak. Bizitzako lasterketa ederretan bigarrenari ekin zion orduan; bigarren amatasunari. Urtebete geroago, 2014ko irailean, hasi zen berriz ere entrenatzen, eta, urtea hasi berritan, lehiatzen. Hasi eta irabazi. Iragan igandean Transcandamian gailenduta hasi du 2015eko denboraldia. Helburuz eta ilusioz beteriko urtea izatea espero du.

Ongi etorri, eta zorionak! Urtebete baino gehiago lehiatu gabe, eta, denboraldia hasteko, Transcandamia irabazi duzu Leonen. Zer moduzkoa izan da lasterketa?

Gogorra izan da, gorabehera askokoa. Oso jaitsiera pikoak zeuzkan, eta igoera laburrak baina oso gogorrak. Oso pozik nago irabazi dudalako, baina, batez ere, ondo sentitu naizelako. Hori da garrantzitsuena; aurrera begira lanean segitzeko indarra eman dit garaipen honek.

Urtebeteren baino gehiagoren ostean, gogotsu itzuli zara?

Bai, oso gogotsu. Bigarren aldiz haurdun gelditu nintzenean, lehenengo aldian bezala, argi neukan dortsala ipintzera itzuliko nintzela, eta iritsi da eguna.

Zer da amatasuna emakumezko kirolari batentzat? Berreskura liteke sasoia?

Zalantzarik gabe, bai. Nik neuk, bederen, hori esan dezaket nire esperientziatik abiatuta. Horretarako, baina, haurdunaldian ere zaindu egin behar da. Amatasunak aldaketa asko eragiten ditu gorputzean, baina ez dira berriz ere sasoia hartzea eragozteko modukoak. Gorputzak denbora behar du bere onera itzultzeko, eta errespetatu beharra dago lesioak eta arazoak saihesteko. Gero, ordea, egurra berriz! [Barrez].

Zer helburu dituzu 2015erako?

Salomon taldean jarraituko dut, eta 2015erako Munduko Kopa eta Zegama-Aizkorri mendi maratoia izango dira helburu nagusiak. Zegama-Aizkorri beti da berezia, eta aurten, agian, are gehiago, Europako Txapelketa izango delako eta Munduko Koparako puntuak lortzeko ezinbestekoa delako. Hala ere, beste hainbat lasterketa ere izango dira tartean.

Zegaman ez ezik, Euskal Herriko beste lasterketaren batean izango zara?

Zegaman egongo naiz, eta helburu nagusia izango da. Euskal Herriko beste lasterketaren batean ere aterako naiz, baina oraindik ez daukat ezer erabakita. Unean unekoa. Datak ikusi, eta ondo datozkidan lasterketetara joango naiz Euskal Herrian.

Distantziari dagokionez, maratoian arituko zara batez ere?

Maratoira arteko distantzietan arituko naiz, kilometro bertikalak barne. Epe motzean ez daukat luzeagoetan parte hartzeko asmorik.

Distantzia luzeko lasterketak gero eta indar handiagoa hartzen ari dira.

Bai. Moda kontua dela uste dut. Nire ustez, neurri batean, gehiegi baloratzen dira proba luzeak, gainontzeko distantziak egiten dituztenei meritua kentzeraino. Nik neuk badakit ez nukeela gozatuko distantzia luzeetan, eta disfrutatzeari utziko banio, neuretzat ez luke zentzurik izango egiten dudanak.

Lehenengoan erraz eskuratu duzu garaipena, baina denboraldia luzea da. Zer moduz arituko zarela uste duzu?

Ikusteko dago zer mailatan ibiliko naizen; aurretik ezin da ezer esan. Gainontzeko korrikalariak ere hor daude; geroz eta maila hobea dago, eta asko dira kontuan hartzekoak. Baina gorenean ibili nahi dut, eta hori lortzeko lan egingo dut. Bestelako asmoak izango banitu, ez nintzateke hain goiz itzuliko lasterketetara. Haur txikiak sei hilabete ditu, eta niretzat sakrifizio handia da, baina merezi du.

Mendiko lasterketen loraldia izan zenuen, eta, orain, gorakada eta moda betean itzuliko zara...

Egia da mendiko lasterketen boomean edo hazkundean gaudela, baina, gainerako gauza guztietan bezala, honetan ere norberak hartu behar dio neurria; norberak erabaki behar du zer egin eta zer ez, noraino heldu eta mugak non ezarri. Horretarako, ezinbestekoa da norberak argi izatea zergatik egiten dituen mendiko lasterketak.

Eta Oihana Kortazarrek zergatik egiten ditu mendiko lasterketak?

Gozatzeko egiten ditut nik, baina egiten dudan edozer ondo egitea gustatzen zait, eta, horretarako, lan egin behar da. Gainera, ondo aritzen banaiz, hori beste arrazoi bat da saiatzeko eta lasterketetan dena emateko. Talderik onenean egoteko zortea ere badaukat; Salomoni esker ez zait babesik falta, eta horrek orekari eusten laguntzen dit.

Mendiko lasterketen gorakada ona ala txarra da?

Booma gertatzen den edozein esparrutan negozioa sortzen hasten da, marka gehiago sartzen dira, apustu gogorragoa egiten da, ekonomikoki batez ere, eta giro sanoa «lehia» handiago bihurtzeko arriskua dago. Hori, ordea, ezin da saihestu; hor dago eta kito. Batzuei on egingo die, eta beste batzuoi, niri, esaterako, ez digute ia ezer aldaraziko, oraingoz behintzat. Modu batera edo bestera, mendiko lasterketen boomak mesede egingo digu, baina baita kalte ere, neurria hartzen ez badakigu.

Zu zeu familiarekin joaten zara batetik bestera, ezta?

Bai. Niretzat hori da saririk onena; Euskal Herrian zein kanpoan familiarekin lasterketetara joan eta umeek horietan izaten dugun giroa bizitzea eta amak zer egiten duen ikustea.

Zein egoeratan daude mendiko emakumezko korrikalariak?

Maila hobetuz doa, eta hori ona da guztiontzat. Hala ere, onenen artean maila hobetuz doan arren, parte hartzea, oro har, ez da asko handitu. Horregatik, aldaketa gauzatzera bultzatu nahiko nituzke emakumezkoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.