Mendia

Haizeak zapuztu du Txikonen helburua

Behe kanpalekuan dago jada ABC taldea, itzultzeko prestakuntzak egiten. Bi edo hiru egun barru ekingo diote itzulerari, zamalariak iritsitakoan. Baldintza meteorologikoek ez diote atsedenik eman Txikonen taldeari.

ABC taldea, hegoaldeko bidea irekitzeko saiakeran. ALEX TXIKON.
Adrian Garcia.
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Asteartean egin zuen azken ahalegina ABC taldeak Gasherbrum Imendiaren tontorrera bidean (8.080 m). Alex Txikon, Gerfried Goeschl austriarra eta Louis Rousseau kanadarra ezin izan ziren tontorrera iritsi, orduko90 kilometroko haize bolada indartsuek galarazita.

Ezin esan ez dutela euren eskura zegoen guztia egin. Karakorum mendilerroa gizakiarentzat neguan egon daitekeen lekurik latzenetakoa da. Mendizale trebeenentzat ere zailtasun handikoa da udan igoz gero, eta ia ezinezkoa da neguan bidea egitea. Indiako eta Nepalgo zortzimilakoak ez bezala, Pakistango Karakorum mendilerroko bost tontorretatik bakarra lortu dute orain arte neguan igotzea. Simone Moro, Denis Urubko eta Cory Richard mendizaleek duela hilabete eskas igo ziren estreinakoz Gasherbrum IIa urteko hilabeterik hotzenetan. Horren erakusgarri da Alex Txikon eta haren espedizioko kideek eginiko balentriaren tamaina. Tontorretik oso metro gutxira geratu diren arren, ezin izan dute ametsa bete.

«Gailurra ez dugu zapaldu, hain gertu edukita, hainbeste zailtasun, sufrimendu, hotz eta arrisku pasatuta. Baina, beno, pozik gaude egindako lanagatik», azaldu du Txikonek behe kanpamendutik, nahiz eta ahotsaren tonuak ez zuen zoriontasunik adierazten.

Bide berri bat hegoaldetik

Bi hilabete izan da hirukotea 30 gradu azpiko tenperaturak eta haize bolada indartsuakjasaten altuera handian.

Hegoaldetik bide berri bat irekitzea pentsatzen zuen ABC Austrian Basque Canadiantaldeak, baina zorteak eta baldintza meteorologikoak ez diete lagundu. «Teknikoki zailtasun handikoa zen bide hori irekitzea, eta ehun bat metrora gelditu ginen ertzera iristeko», esan du mendizale bizkaitarrak. Litekeena da hegoaldeko bidetik jarraituta bidea irekitzea lortu izana, baina ondoren azken pausoa emateko eta tontorrera iristeko indarge geldi zitezkeen. Hegoaldetik bidea irekitzeko asmoa bertan behera utzi, eta ohiko bidetik, Japoniarren Bidetik, igotzea erabaki zuten. Gogorra izan zen erabaki hura. Izan ere, bide berria irekitzeko asmoarekin joan zen ABC taldea Gasherbrum Iera, eta 40 egunean lan izugarria eginda, alde batera utzi behar izan zituzten hasierako asmoak.

Erlojuaren kontra

Denbora kontua zen dena. Neguko igoera zen heinean, derrigorrean martxoaren 21a baino lehenago jo behar zuten gaina. Denbora aurka eduki arren, azken ahalegina egiteko prestatu zen taldea, Japoniarren Bidetik. «Igandean atera ginen behe kanpalekutik, eta bigarreneraino iritsi ginen, estilo alpinoan. Aurretik glaziarra igarotzeko bidea prestatu behar da, banderinekin,eta abar. Izotzezko anabasa bat da, izotzezko ur jauziak, arrakalaz betea, oso arriskutsua». Estilo alpinoak igoerarako behar den guztia bizkarrean eramatea esan nahi du, 20 kilo inguruko pisua.

Hurrengo egunean hirugarren kanalekura iritsi ziren, 7.050 metrora. Bi ordu igaro zituzten denda prestatzen, baldintza meteorologiko zailak zirela medio.

Asteartean ziren tontorrera ailegatzeko asmotan, baina iragarpen meteorologikoak ez ziren bete.Asteazkenerako aurreikusita zeuden haize bolada indartsuak egun bat aurreratu ziren. «Arrisku handia zegoen. 46 gradu zero azpiko tenperaturak geneuzkan denda barruan, eta orduko 90 kilometroko abiadurako haize boladak zeuden. 03:30etik geunden irteteko prest, eta 10:30ak arte itxaron dugu ea baldintzak hobetzen ziren».

Orduan bizi izan zituzten momentu gogorrenak, ez bakarrik proiektua bertan behera gelditzen zela ikusi zutelako, baizik eta euren biziak ere arriskuan jarri zitzaketelako amore eman ezean. «Tenperatura eta haize horrekin ez genuke ordubete ere bizirik iraungo. Eta gutxigatik ez ginen gorantz irten».

Behe kanpalekurako bidea ere oso zaila egin zitzaien, eta oraindik ez dakite noiz ahal izango duten itzultzea. «Oso gorra izango da itzulera, metro bat elur dago». Zamalarien zain daude orain, eta litekeena da haiek bi edo hiru egun barru iristea. Orduan ekingo diote itzulerako bideari.

Gailurrera ez iristearen arantza kenduko dutela ziurtatu du Txikonek. «Lehenengo negua da hona gatozela, asko sufritu dugu, baita asko gozatu ere, eta hasi duguna amaitzera bueltatuko gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.