Pako Iriondo. Euskal Mendizale Federazioko ohorezko presidentea

«Harakinak utzitako lokala izan nuen lehenengo bulegoa»

Aurten beteko dira 40 urte euskal mendizaletasunaren gidaritza estreinakoz hartu zuenetik, eta, urteurrenaren harira, Nafarroako federazioak omenaldi bat egingo dio gaur, Iruñean. Bi alditan banatuta, 18 urtez izan zen Euskal Mendi Federazioko presidentea Pako Iriondo; krisi garaietan haren eskutik hartu zuen ziaboga.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Elgoibar
2011ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Museo txiki bat da Pako Iriondoren etxea (Elgoibar, 1926). Euskal mendizaletasunaren azken mende erdiko ibilbidea biltzen dute hormatan zintzilik dauden koadro, apaingarri eta sariek, baita apaletan pilatutako liburu, idatzi eta argazki bildumek ere. Horien guztien berri xehetasun txikienarekin ematen dio bisitariari Iriondok, museorik prestigiotsuenetako gidariek baino xehetasun eta arreta handiagoarekin. «Beti saiatu naiz jendeari laguntzen, ahal izan dudan neurrian». Elgoibar jaioterrian udan egin zioten omenaldian emandako makila; Euskal Mendizale Federazioaren omenaldian jasotakoa; Espainiako Kirol Ministerioak eman zion domina; Felix Iñurrategi zenak Nepaldik ekarri zion lepokoa; Edurne Pasaban, Alberto Zerain eta Pou anaiek emandako argazkiak... Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak gaur emango dion oroigarriari ere lekua egingo dio. 40 urte beteko dira aurten Iriondok Euskal-Napar Mendi Federazioaren lema lehen aldiz hartu zuenetik —1971ko abenduaren 19an izendatu zuten presidente—, eta urteurren hori gogoan sarituko dute gaur Nafarroako Mendizaletasunaren II. Festan, Iruneko Mendillorri Civivoxean.

40 urte pasatu dira, eta zurekin akordatzen da jendea. Arrastoa utzi duzun seinalea da hori.

Poz handia hartu nuen Nafarroako federazioak telefonoz deitu eta sariaren berri eman zidanean. Iruñera nola joango naizen lotu dut —autorik ez du inoiz eduki—, eta ilusioz joango naiz.

1971n hartu zenuen federazioaren ardura lehen aldiz. Nolako garaiak ziren?

Gauzak erabat okertuta eta narrastuta zeuden, Peruko Andeetara 1967an egin zen espedizioaren irudietako batean ikurrin bat azaldu zenetik. Frankismo garaia zen, eta desastre handia gertatu zen; Pyrenaica aldizkaririk ez zegoen, eta federaziorik ere ez —dimisioa aurkeztu zuen Pedrotxo Otegi buru zuen taldeak, Andeetako gertaeren ondotik—. Desastrea konpontzeko akordatu ziren nirekin. Madrildik hatzaparrarekin izendatutako pertsona bat zegoen federazioan presidente, eta ni iraupen luzeko ibilaldien eta kostaldeko mendi taldeen koordinatzailea nintzen. Lan asko egin genuen sail hartan, eta lanak emaitzak izan zituen: hasieran, zazpi talde ginen, eta gero, 22. Urtero egiten genuen senidetza bazkari bat, eta urte hartan azkenburura iritsitakoan mahaitik joateko eskatu zidaten, haien artean hitz egin behar zutela eta ni bertan egotea ez zitzaiela komeni esanaz. Bukatu, eta presidente izateko hautagai ni nahi nindutela esan zidaten. Ez nintzen ausartu ezezkorik ematera, gure arteko giroa oso ona zelako.

Zergatik aukeratu zintuztela uste duzu?

Ataka gaiztoan zegoen federazioa, eta egoera bideratzeko egokiena ni nintzela usteko zuten. Naizen bezalakoa izateagatik izango zen. Maitasunarekin jokatu dut beti, eta jendearekiko tratua eta harremana zaintzen saiatu naiz. Lau hautagai ginen, eta Iruñean egin zen presidente izateko bozketa; nik bostehundik gora boto lortu nituen, eta alde handiz irabazi nuen. Gainerako hautagaiak batetik bestera ibili ziren ateak jo eta babes bila; ni ez nintzen inora mugitu. Beti diot demokratikoki aukeratutako lehenengo lehendakaria izan nintzela, frankismo garaian gainera.

Federazioa ataka gaizto hartatik ateratzeko borondatea baino zerbait gehiago beharko zenuten, ezta?

Presidente irten nintzenean zer programa neukan galdetzen zidan jendeak, eta nik esaten nien: «Nire programa da lana, lana eta lana». Denok sokatik norabide berean tiratu behar genuela nabarmendu nuen, eta lanerako borondatea eskaini. Lanarekin zaildu behar da bat.

Nora ezean eta zorrak jota zegoen federazioa birbideratu zenuten. Zein izan zen giltza?

Lana erruz egin genuela. Abenduaren 19an hartu nuen kargua, eta lanean Elgoibarren hasi nintzen. Egoitzarik ez genuen, eta herriko harakin batek utzitako lokal bat nuen bulegoa. Mahai bat, aulki bat eta komuna; besterik ez zegoen han. Ez idazteko makinarik, ez boligraforik, ez paperik… Hori bai, jendearen laguntza nuen. San Prudentzio egunean eman zidaten 25.000 pezetako txeke bat, eta harekin erosi nuen idazmakina eta ofizinarako materiala.

Zer erabaki hartu zenituzten?

Aurrekoek eragindako zorrak kitatzeke zituen federazioak, eta egiten genituen lan bidaiak ere ez genituen kobratzen. Nik lehendakaritza hartu nuenean, 9.000 federatu zeuden, eta 1976an utzi nuenean, 22.000. Poliki-poliki joan ginen bidea egiten eta ekimenak abian jartzen: Pyrenaica aldizkaria berriro martxan jarri, Andeetako bidaiak eragindako kaltea konpondu… Azken horretan egindako lanagatik urrezko domina eta diploma bat eman zizkidan Espainiako Kirol Batzorde Nazionalak. 1976ko otsailean utzi nuen kargua, familia eta lana ezin nituelako uztartu.

Andeetako espedizio haren ondotik etena iritsi zen, baina zuen agintaldian egin zen jauzi Himalayara. Tximist'74 espedizioak oihartzun handia izan zuen, besteak beste, Euskal Herrian.

Ez ginen tontorrera iritsi, baina lehenengo harria jarri genuen. Orduko mendizale onenetakoak elkartu ziren. 1980ko espedizioak igo zuen Everest, eta gerora, nire bigarren agintaldian, beste espedizio bat antolatu genuen Everest hego-mendebaldeko ertzetik igotzeko; ordukoan ere ez ginen gailurrera iritsi.

Bigarren aroan hamalau urtez izan zinen presidente, 1986tik 2000ra.

Gauzak zuzen ez zeudela esan zidaten, eta ni nintzela zuzentzeko pertsona egokiena, nituen adiskide eta harremanengatik. Aktibitate asko eta zuzenak egin genituen: Pyrenaica zuri-beltzetik koloretara pasatu, UIAA Nazioarteko Alpinismo Federazioaren batzarra Donostian antolatu, Piedrafitako aterpetxea inauguratu… Nik politika bat eraman dut beti, federatuari eta elkarteei laguntzeko politika; irabazirik eta etekinik ez dut bilatu. Gauza asko aldrebes egiten dira egungo gizartean, eta diruari begiratzen zaio. Nik diru asko atera nuen erakundeetatik, baina beti zuzen eta zintzo jokatuta. Agindutakoa baino gehiago ematen nien, baina trukean jaso ere bai. Ez dut inor engainatu, eta, horregatik, bazter guztietan ateak zabaldu dizkidate.

Sari, omenaldi eta aitortza asko egin dizkizute azken urteetan. Ohitzen al da bat halakoetara?

Askotan galdetzen diot neure buruari: «Merezi al ditut halako sariak?». Tira, nik inoiz ez dut bilatu protagonismorik. Egin beharreko lan bat egin dudala iruditzen zait. Pertsona zintzoa eta langilea naizela esaten didate etxekoek eta kanpokoek. Elgoibarren monumentu bat jarri didate, eta lehenengo aldiz ikusi nuenean ez nekien zer aurpegi jarri. Herriko beste inorekin ez dute halakorik egin.

Federazioaren aurretik, hain zuzen,Elgoibarko Morkaiko elkarteko presidentea izan zinen.

Han ere garai zail bati erantzuteko sartu nintzen. Ez genuen dirurik ez ezer, eta gure batzarrak taberna batean egiten genituen zuzendaritzako lau kidek eta bost bazkidek. Ikasgela ona izan nuen Morkaiko. Sartu eta sei urtera 380 lagun biltzen ginen batzarretan.

Mendiak zer eman dizu zuri?

Nik asko eman diot, baina mendiak niri gehiago. Alpeetara ez naiz iritsi, baina Nafarroako Pirinioak eta Euskal Herriko mendiak tontorrez tontor ezagutzen ditut. Gaur egun ia ez dago halako mendizalerik, eta penatzekoa da hori. Niri beti gustatu zait mendi batera bitan edo gehiagotan joatea. Gaur egun mendi bat igo eta horretaz ahaztu egiten da jendea. Okerra da hori, mendi batera bigarren aldiz joaten zarenean zuku gehiagoa ateratzen diozulako. Menditik gustura itzultzen nintzen etxera; kantuan, atsedena hartuta eta naturarekin gozatuta. Beste kirol batzuetan ernegatuta ikusten dut jendea, borrokan edo erlojuari begira.

Mendizaletasunak ere bilakaera handia izan du. Nola bizi izan duzu?

Garaiak aldatzen dira, eta garai berrietara egokitzearen aldekoa naiz ni, baina paperak galdu gabe. Gazteek beste modu batera bizi dute mendia. Presa asko dago. Jantzietan eta mendiko jardueratan aldaketak gertatu dira. Gure garaian udaberrian, udan eta udazkenean joaten ginen mendira; pentsatu ere ez genuen egiten neguan joan zitekeenik, ez genuelako jantzi egokirik. Gaur egun, berriz, urte guztian ibiltzen dira mendian; erraztasuna handia da. Baina presa handia ikusten diet askori. Bi mendi igo, eta Pirinioetara joan nahi dute. Zer ezagutzarekin, ordea? Bi hirumilako igo, eta zuzenean Alpeetara joan nahi dute, eta mendira joateko modua ez da hori. Euskal Herrian denetariko ezaugarrietako mendiak daude, Aiako Harrietatik Gorobeleraino, eta horietan zaildu behar da; pasiorako belardiak daude, eskalatzeko harkaitz eta eskolak… denetarik daukagu, eta ez dakigu. Etxekoa ez dugu baloratzen, auzokoari erreparatzen diogu.

Non gozatu duzu gehien?

Aizkorri, Aralar, Durangaldea, haritzak, pagoak, elurra… disfrutatu egiten dut. Badira natura sentitzen ez duten mendizaleak, eta hori hutsune bat da.

Nafarroako Federazioak egingo dizu gaur omenaldia, eta EMFren ohorezko lehendakaria ere bazara. Euskal-Nafar federazioko presidentea izan zinen 1970eko urteetan. Banaketa nola ikusten duzu?

Politikak ekarritako banaketa izan zen, eta garai hori bizi izan nuen nik. 1974rako baziren halako gorabeherak, baina Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako federazioak biltzen genituen. Nik horren alde egin nahi nuen, eta nire zuzendaritzan nafarrak sartzen nituen, baita iparraldeko jendea ere. Beste giro bat zegoen, eta pena handia ematen dit, Nafarroan lagun asko ditudalako. Gaurko saria da horren adibidea. Badago harremana, baina giroa hotzagoa da gure garaiarekin alderatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.