Herniora iristeko hamaika mendi bide daude, eta ia guztietatik joaten dira mendizale, fededun eta tradiziozaleak. Iturrioztik (590) gora doana da ezagunena beharbada, Santa Marina ermita ederra eta Andazarrateko gaina (489) atzean utzita. Han ere erromeria dezente sortzen da, aurrena autoekin, eta gero jendeak bata besteari elkar traba eginda bide estuaren hasieran. San Joan ermita zaharraren gibeleko malda malkartsu eta laiotzean hobe da goiztiar izan.
Tradizioak tradizio, Hernioko igandeen erromerian izan da aldaketarik historian zehar. Ez dago argi nola abiatu zen bihar berrituko den usadioa, baina bai garai batean lehenengo igandea zela egun nagusia -orain azkena da- eta hasiera batean Iturriozko San Joan ermitan elkartzen zela jendea, ez Zelatunen. Ermitak zuen garrantzia orduan, erlijioak. Mendia edo mendizale- tasuna bigarren mailan zeuden. Gero, erromeriak berak, hau da, festak hartu zuen garrantzia, eta horretan da orain ere.
Bihar Kupela taldeak animatuko du jendea Zelatungo zelaietan, eta dantzan jarriko ditu asko eta asko fandango eta arin-arinekin, kalejira eta porrusaldekin, garai batean Auntxak, Elgetak, Sakabik, Maltzetak, Lajak, Eleuterio eta Juan Tapiak eta beste hainbat eta hainbat trikitilarik hantxe egin zuten moduan.
Ia Gipuzkoa osotik
Urtetik urtera ez da jende kopuru aldetik aldaketa nabarmenik izan; iganderik jendetsuenetan 1.000 lagunetik gora elkartzen dira Zelatunen. Aurreko igandeko erromerian egondakoek diote «oso jendetsua» izan zela. Ez alferrik, Asteasutik, Larrauldik, Alkizatik, Hernialdetik, Tolosatik, Albizturtik, Bidania-Goiaztik, Errezildik edota Aiatik ere badirabideak Herniora igotzeko. Mendizaleak, ordea, urrutiagotik ere joaten dira oinez; esaterako, Lasartetik eta Usurbildik (Andatzatik) edota kostaldetik, Zarauztik eta Oriotik (Pagoetatik). Bide guztiak Erromara, kasu honetan Zelatunera, Hernio eta Gazume (997) artean dagoen lepo ederrera. Hernioko mendilerroa, izan ere, Oria eta Urolako arroen artean hedatzen da, Andoain, Azpeitia eta Zarauzko inguruneak arte.
Hernioko harrizko gurutzea da denen helmuga, edonola ere. 1947an eraiki zuten mendi puntako ikono erraldoia. Inaugurazioan, tontorrean 10.000 lagun elkartu zirela diote garaiko kronikek. Asteasuko eta Aiako gazteen hauspoa izan zuen proiektuak. Gero, 1975ean eta 1997an zaharberritu egin zuten. Haren alboan, burdinazko beste 28 gurutze txiki daude. Gurutze handia ukitzeko ohitura oso hedaturik dago azkenaldian; aurretik, ordea, Zelatundik pasatu behar da Herniorako azken zatian gora egiteko. Tarte gogorrena da hori, malda handiena; mendian ohiturarik ez duten askok pot egin ohi dute han. Baina gehienak ez dira Zelatunen geratzen gorako bidean. Beherakoan, bai. Ia ezinezkoa da bordetatik ateratzen den usainari muzin egitea.
Uztaiak gora-gora...
Aurretik, tontorretik metro batzuk jaitsita, harrizko gurutze zaharrean dauden uztaiei kasu egin behar zaie. Metalezko bost uztai dira. Haietatik pasatzen denak hezurretako gaixotasunak uxatuko ditu, batez ere erreuma. Hala uste dute fededunek bederen. Gorputz osoa pasatu behar da uztaietatik. Iraileko igandeetan ez da zaila haietatik pasatzeko zain daudenek ilara egitea.
Hura baino tradizio berriagoa da xingolena. Zuri, gorri eta berde koloreko xingolak jartzen dituzte askok Zelatundik Hernioko gailurrerako bidean. Bedeinkatutakoak omen. Baina Zelatungo erromeriak ez du bere-berea ezaugarri hori, beste erromerietatik ekarritakoa baita.
Mendizaleen ezinbesteko geldialdia dira Zelantungo bordak; neguan epel eta udan fresko egoten da han.
Salda eta txorizoa mendizaleentzat
X. M.Dominika Sarasola eta Alberto Irulegiren borda mendizaleen Meka da Zelatunen. Haien alaba Idoiak dioenez, «mende erdia behintzat» bada edariak eta janaria ematen hasi zirela. Idoia bera gazterik hasi zen bordan laguntzen. «Hasieran, bakarrik edaria ematen zuten; aitak esaten zuen jendeak janaria etxetik ekartzen zuela». Gero pintxoak-eta zerbitzatzen hasi ziren. «Orain bapo bazkaldu nahi duenik ere bada, eta kafea ere ematen dugu».
Irulegi-sarasolatarren borda Herniotik jaitsi eta lehena ikusten dena da. Zelatunen bi besterik ez daude aspaldian; jaten-edaten ematen dutenak, alegia. «Aurreko igandean jende pilo bat egon zen; lehenengoan ere bai. Halakoetan lana egokitzen zaigu guri». Idoia Irulegi sukaldean egoten da. «Salda beroa eta txorizo egosia» dira mendizaleen bedeinkazioak. Solomo, xerra eta tortilla ogitartekoak, arrautzak hirugiharrarekin eta tomatearekin, haragi egosia..., ia denetarik ematen dute orain.
Goizeko zortzietatik aurrera
Mendizale goiztiarrenak goizeko zazpietatik aurrera igarotzen hasten dira Zelatundik gora. Batzuk zortziak edo zortzi eta erdietarako bordako atarian dira gosaltzeko prest. «Eguraldiaren arabera izaten da hori. Orain asko entzuten da eguraldiaren kontua, eta jendeak kasu handia egiten dio».
Dena den, iraileko igandeak eta ostiral santua aparteko egunak dira Zelatunen. Bestela, gainontzeko asteburuetan, paraje bakartiagoa da Hernioren magala. Hala ere, larunbat-igandero zabaltzen dituzte bordetako ateak. Aste barruan, ez. «Zerbait enkargatuta bada, igual joan eta ireki egiten dugu, baina normalean ez».
Asteburu normaletan larunbatetan mendizale gutxiago izaten da Hernion igandeetan baino. «Larunbatean joaten gara, eta igandekoa prestatzen aritzen gara: salda egin, borda bera egokitu...». Errezildik igotzen dira bordara irulegi-sarasolatarrak, eta astebururo han egotea ez da lan makala. Nekagarria den arren, ordea, aspaldiko tradizioari segitzeko prest daudela dio Idoia Irulegik. «Txikitatik ezagutu dugu hau familian, eta pena ematen du uztea». Herniora astean behin edo gehiagotan joaten diren mendizale ugarik eskertuko dute, zalantzarik ez dago.
Aitzol Otegi.Mendizalea
«Mendi berezia da Hernio;alderdi askotatik tiratzen du»
X. Martin.Aurrena gurasoekin, «haien magalean», eta gero bakarrik edo lagunekin; Aitzol Otegi (Asteasu, 1984) Herniora igotzen da gogoratzen denetik. Asteazken buruzuri bateko 18:00etan abiatzera doa Iturrioztik. «Ordubetean goian nago», dio. Astero-astero, asteburuan edo aste barruan, «igual dio», erromesaren gisara doa Herniora.
Zergatik duzu Herniorekin harreman estu hori?
Txikitatik hasi nintzen igotzen, aitarekin eta amarekin; oraindik oinez egiteko gauza ez nintzela, magalean hartuta igotzen ninduten. Aitak ohitura handia dauka, eta hari segitu diot nik.
Zenbatean egingo duzu joan-etorria?
Ez dakit ba... Ordubete inguruan izango naiz goian, eta beste ordubete barru-edo behean. Maiz etortzen naizen arren, ez naiz azkarregi joaten; mendiarekin gozatzea gustatzen zait.
Zenbatero joaten zara?
Astean behin, behintzat. Urtero, 30-40 egunetan izango naiz, seguru aski. Baina gehienetan, Asteasutik bertatik igotzen naiz. Bizi-bizi joanda pare bat ordutan igo daiteke, eta Iturrioztik igotzea baino politagoa da; gaur presaka nintzen, eta horregatik etorri naiz hona, baina hau autopista da...
Eta iraileko igandeko erromeriak? Mendizale bakarti askori ez zaizkie gustatzen halako festak...
Niri bai; nahi dudanean lasai joaten naiz; bakarrik, alegia; horrek ere bere balioa baitu, baina ohitura handia dugu etxean erromeriara joateko; lau igandeetako batean izaten naiz, behintzat. Hurrenera [bihar], lehengusuekin-eta joateko asmoa daukat.
Herniorekin zuk baino harreman estuagoa duenik ere izango da, ia obsesioa dutenak. Ezagutzen al duzu batedon bat?
Bai, bai, badira. Tximista bezala ibiltzen dira mendian. Asko dabiltza mendi maratoian aritzen direnak. Autoa hor utzi, eta di-da igotzen dira, korrika.
Zu ez zara multzo horretakoa?
Ez, ez, ni lasai noa, gauzak ikusiz, bide desberdinetatik, Asteasutik, Tolosatik, Iturrioztik; igual dio. Jendearekin edo bakarrik, bietara gustatzen zait. Bakarrik joanda lasaiago noa; jendearekin batzuetan zein baino zein ibiltzen gara.
Etorkizunean ere Hernioren erreferentzia hor izateko asmoa izango duzu, orduan?
Zalantzarik gabe. Hernio Gipuzkoako erdigune geografikoa da kasik. Alderdi askotatik tiratzen du Herniok. Beste mendi batzuek ez dute akaso hainbesteko inpresiorik egiten, baina Herniok bai. Gora igo eta Gipuzkoa osoa ikusten duzu, eta Bizkaiko mendiak, eta Iparraldekoak, baita itsasoa ere. Paregabea da.