Irene Alvarez eta Jon Ferrero, Boulder Ligako garaile

Gainontzeko kategorietan Jon Azpilikueta, Cristina Rey eta William Chiluisa izan dira ligako lehen sailkatuak

Adrian Garcia.
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Mendizale Federazioak (EMF) antolatzen duen Boulder Liga amaitu da jada. Orotara, 70 eskalatzailek hartu dute parte aurten jokatu diren lau saioetan. Iragan larunbatean jokatu zuten sailkapena erabakitzeko azken saioa, Gasteizen.

18 urte azpikoetan Jon Azpilikueta izan da lau saioetan onena, azkenekoan Eneko Infante gainditzea lortu ez bazuen ere.

Herri izaerako ligan Cristina Reyk eta William Chiluisak lortu zuten sailkapeneko lehenengo tokia. Reyk ez du gehiago kategoria horretan parte hartuko, elitekoen artean lehiatuko baita aurrerantzean. Azken saioan ere, elitekoen artean lehiatu zen Rey. Ivan Mendigurenek sasoi betean dagoela erakutsi zuen, baina azken saioko garaipena eskuratzeko Chiluisak batu zituen puntu gehien lau saioetan, eta estilo orotara egokitu daitekeela erakutsi zuen.

Irene Alvarez eta Jon Ferrero izan ziren eliteko ligan garaileak. Aipatzekoa da Irene Alvarezen lana, parte hartu duen hiru saioetan garailea izan baita. Jon Ferrero izan da gizonezko elitekoen ligako garaile nagusia. Proposatutako bloke guztiak burutu ditu, eta azken saioan momentu garrantzitsuenetan arriskatzen badakiela erakutsi zuen.

Laugarren saioa ez zuten jokatu, ohikoa duten moduan, Hegoaldeko Gizarte Etxean. Gazteizko funtzionarien greba deialdia zela eta, Estadio Fundazioa kiroldegiko rokodromoa erabili behar izan zuten Boulder Ligari amaiera emateko.

45 lagunek hartu zuten parte azken saioan. Jon Sard eta Soledad Velez eskalatzaileek prestaturiko blokeak igaro behar izan zituzten. Blokeak gainditzeko euren abilezia tekniko osoa eman behar izan zuten eskalatzaileek, bertaratu zirenei ikuskizun polita eskainiz.

Amurrioko (Araba) Bañueta kiroldegian, Gasteizko K2 kiroldegian eta Gasteizko Estadio Fundazioa kiroldegikoan jokatu ziren aurreko hiru saioak.

Giro ona amaitzeko

Saioa bukatzean, podiumera igo zirenei sariak eman zizkieten. Boulder Ligako babesleek emandako eskalatzeko arropa eta materiala zozketatzeari ekin zioten ondoren, eta ikusleek eta eskalatzaileek antolakuntzak prestaturiko tortillak eta edariak dastatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.