Izotzetan lebitatzen

Mikel Sarasolak bi film estreinatuko ditu gaur eta bihar Mendi Film jaialdian: 'Icewaterfalls', Groenlandiako eta Svalbardeko izotzetan jaitsitako ur bizi eta ur jauzien ingurukoa, eta 'Zerbait aldatu da', Piriniotako Ara ibaiaren jaitsierari buruzkoa.

ramon olasagasti
2023ko abenduaren 15a
05:00
Entzun

Ur biziak, ur lasterrak, mendian behera itsasorantz abailan bidea eginez doazen erreka basatiak maite ditu Mikel Sarasolak (Donostia, 1987). Gaztetxoa zela, ur bizietako goi mailako lehiaketetan parte hartu zuen hainbat urtez, baina 23 urte zituela lehia utzi eta mundu zabaleko ibaiak esploratzeari ekin zion; oroz gain, hori baitu gogoko: abentura eta esplorazioa. Patagoniako edo Groenlandiako erreka basenak jaitsi ditu, Indiako Himalaiako ur laster bizienak, Nepaleko Humla Karnali ibaiaren lehen jaitsiera kayakean egin du, Islandiako ur jauzirik altuenetatik salto egin du, hain kutuna duen Leitzaran eta etxe inguruko beste hainbat erreka ur bizien mundu honetarako ezagutarazi ditu... Bide ikusgarria egin du Sarasolak kayakaren munduan, erreka basati batek nola. Eta filmak ere ugari zuzendu ditu: Caminos de Agua (2014) estreinako lanarekin epaimahaiaren sari berezia eskuratu zuen Mendi Film zinemaldian, eta, geroztik, beste hainbat pelikula ere aurkeztu ditu: Humla | Kurssuaq. La exploración del Río Grande (2016), Mañana será tarde (2019), Jötunn (2021)...

Mikel Sarasola piraguista
Mikel Sarasola piraguista. DAVID NOGALES

«Nik uste oso gauza berritzailea egin dugula. Beste modu bateko piraguismoa izan da izotz gainekoa. Azken batean, ibai izoztu haietan ez daukazu oztoporik. Txirrista moduko batean sartuta zoaz».

MIKEL SARASOLAPiraguista

Gaur eta bihar beste bi film aurkeztuko ditu Sarasolak Mendi Film jaialdian: gaur, ostirala, Zerbait aldatu da emango du BBK aretoan, 17:30ean, Pirinioetako Ara ibaiaren jaitsierari buruzko lana; bihar, berriz, Icewaterfalls proiektatuko du, Groenlandian eta Svalbard uhartean izotzaren gainean jaitsitako ur bizi eta jauzien inguruko filma. Euskaldunan, 19:30ean izango da biharko emanaldia.

Ice, water eta falls, hiru hitz bakarrean: izotza, ura eta jauziak. Icewaterfalls. Urtze aldian izotz lautada higatu eta haren gainean bidea irekitzen duten ur zainak, zuzenean itsasora amiltzen diren ur jauziak, eta haien gainean, ur izoztuak zamalkatzen, muturreko piraguistak. Aniol Serrasolses (Girona, Katalunia, 1991) da filmaren protagonista, Red Bull etxeak babesten duen kayakerra, eta Mikel Sarasola bera ere haren ondoan izan da, uretan eta uretatik kanpo, egitasmoa bultzatzen. «Hiru urte egin ditugu proiektu honetan lanean. Prozesu eta ikasketa luzea izan da. Aniolek proposamena egin zidanean, ur jauzi batzuk jaistea zen hasierako asmoa, eta aipatu nion polita izan zitekeela istorioa osatzea, izotzaren gaineko ur biziak jaisten saiatzea, eta ur jauzi horiekin bukatzea. Hau da, gure kirola beste medio guztiz desberdin batera eramatea, eta formazio eta ibai desberdinak jaitsi ahal izatea izotzaren gainean», azaldu du Sarasolak.

Iazko ekainean Groenlandiara jo zuten lehen irudiak grabatzera. Aireko hegaldi labur batean, hainbat ibai ikusi zituzten izotz lautadaren gainean kapilar urtsuak hedatzen, eta, helikopteroaren laguntzarekin, izotz zelaiaren gainera material guztia igo ondoren, ur bizi ikusgarriak jaitsi zituzten. «Irudi ikaragarriak hartu genituen Groenlandian, baina han ez genuen ur jauzirik topatu». Izan ere, bertsolarien moduan, garbi zuten filmak nola bukatu behar zuen: kayakerra ur jauzi batetik zuzenean itsasora amiltzen. Ba ote modu ikusgarriagorik ibai batek bere bidea amaitzeko?

Mikel Sarasola Svalbard uhartean
Svalbard uhartean, glaziarretik zuzenean itsasoratzen den ur jauzietako batean. MIKEL SARASOLA

Hortaz, aurtengo uztailean Ozeano Artikoan dagoen Svalbard uhartera jo zuten Sarasolak, Serrasolsesek eta filmaketako lantalde osoak. Norvegiarena da uharte hori, eta biztanleria duen munduko lekurik iparrena da. «Gure harridurarako, ur jauziak ez ezik, ibaiak eta ur biziak ere aurkitu genituen Svalbarden. Ibaiak laburragoak dira Groenlandiakoak baino, ur emari gutxiago zuten, baina ur laster ederrak, arroilak, urak izotzean higatutako tunelak... aurkitu genituen. Oso berezia izan zen». Nahi gabe, gogoak latitude hotz haietara egin dio Sarasolari, eta orduko sentipenak biziberritu ditu: «Nik uste oso gauza berritzailea egin dugula, oso desberdina. Erabat beste modu bateko piraguismoa izan da izotz gainekoa. Azken batean, ibai izoztu haietan ez daukazu arrokarik, ez daukazu oztoporik... Txirrista moduko batean sartuta zoaz: ura oso azkar doa, peralteak sortzen dira izotzaren higaduraren ondorioz, eta sentsazioa da lebitatzen joatearen parekoa, oso polita». Bukaera, ia 20 metroko ur jauzi horretan itsasoratzea, berriz, «magikoa» izan zen, Sarasolaren esanetan.

Zerbait aldatu da

Gaur, Pirinioetako Ara ibaiaren jaitsierari buruzko filma aurkeztuko du Mikel Sarasolak Mendi Filmen. Arakoa Sarasolak berak zuzendu du, euskaraz. «Niretzat Pirinioetako ibairik ikusgarriena da Ara. Jende gehienak ezagutzen du beheko zatia, Bujarueloko aterpetik beherakoa, baina nik gogoa nuen ibaia sorburutik beretik esploratzeko. Oso jende gutxi igo da goraino piraguarekin, eta ia ez dago irudirik». Pirinioetako hego isurian, presen bidez preso hartu gabeko ibai bakarra ere bada Ara, «harribitxi bat», Sarasolaren hitzetan. «Ur laster oso politak eta zailak ditu, paisaia ikaragarri ederra da, eta lekua oso basatia, goiko zatia batez ere. Hainbat film egin izan ditugu kanpoan, baina gogoa neukan erakusteko etxe ondoan ere abentura potenteak dauzkagula».

'Zerbait aldatu da' filmaren trailerra

Jan Larrue (Sort, Katalunia) eta Mikel Sarasola iazko maiatzean barneratu ziren Aran. Sorburutik gertu, Vignemale mendigunean, Moskowako korridorea jaiotzen den ingurunean hartu zuten erreka, hor hasten baita emari nahikoa izaten. «Lehen bi egunetan eguraldi oso ona izan genuen, udaberria topera, ur emari ona... Baina hirugarrenean, berealdiko ekaitza sartu zen, tenperaturak amildu egin ziren, udaberria eta urtze aldia erabat gelditu ziren, eta ibaiaren emaria izugarri gutxitu zen». Udaberriak aukera gehiagorik emango zien edo ez jakin gabe, aurrera jarraitzea erabaki zuten. «Eta hor jabetu ginen egoerak ondo islatzen zuela nik kontatu nahi nuen hori: nola aldatzen ari den ibaia, nola aldatzen ari diren Pirinioak... Lehen bi hilabete osoko urtze aldia zena orain egun gutxi batzuetara mugatzen da. Filmak hori erakutsi nahi du, inolako sermoirik bota gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.