Ez du aurkezpen askorik behar Javi Dominguezek. Garaipen eta ohorezko postu asko lortutakoa da ultra garrantzitsuenetan. Beste bat eskuratu zuen larunbatean: Espainiako Ultren Txapelketa, Asturiasen, Europako mendietako Travesera lasterketan. Gogotik sufritu zuen Europako ultra gogorrenetakoan (74 kilometro, +6.500 metro). Euskal selekzioak ere urrezko domina lortu zuen taldeka.
Dominguez zen faboritoetako bat. Sasoiko eta «motibazio handiarekin» joan zen oso gustuko duen lasterketara. Ibilbide gehienean 6. eta 10. postuen artean ibili zen. Erregulartasuna da haren ezaugarri nagusietako bat, eta atzetik aurrera egin zuen. 59. kilometroan jarri zen aurrena, «igoeretan eta jaitsieretan asko sufrituta, baina gozatzen». Denbora ona egin zuen: 11.11.01. «Dena ondo irteten den egun horietako bat izan zen larunbatekoa». Ivan Cuesta kantabriarra izan zen bigarren (11.18.37), eta Manuel Anguita andaluziarra hirugarren (11.28.11).
Emakumeetan, Leire Martinezek estreinako lasterketa zuen euskal selekzioarekin. Laugarren izan zen. Oso lasterketa erregularra egin zuen bizkaitarrak, eta azken kilometroetan arazoak izan zituen oin azpietan. Aitziber Osinalde bosgarren izan zen —lehen beteranoa—, eta Elena Calvillo, berriz, bederatzigarren —hirugarren beteranoa—.
Gaizka Barañano hautatzailea pozik dago emaitzekin eta taldean izan duten giroarekin.
Bestalde, Tenerifeko Blue Trail ultran (Kanaria uharteak, Espainia), Ion Azpiroz bigarren izan zen, eta Erlantz Zaldunbide laugarren, larunbatean.
Javi Dominguez Espainiako txapeldun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu