Mendia. Hilberria. Patrick Edlinger

Kirol eskaladaren aitetako bat

2012ko azaroaren 23a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Patrick Edlinger (Dax, Frantzia, 1960) kirol eskaladaren sorkuntzaren protagonista nagusietako bat izan zen. 80ko hamarkadan, eskalada klasikotik at, gailurrera iristea helburu ez zuen diziplina berri bat sortu zen, Edlingerren bizitzeko modu bihurtuko zena; Edlingerrentzat, eskalada ez zen gailurrera iristeko bitarteko bat, bere horretan helburu bat baizik. Horrela ulertzen zuen eskalada. Diziplina berri hori praktikatzen lehenengoetarikoa izan zen frantziarra.

Eskalada klasikoaren eta alpinismoaren oinarriak alde batera utzi, eta eskaladaren zailtasunean zentratu zen Edlinger. Horrela, 1982. urtean, frantziako 8a zailtasuneko lehen bidea kateatu zuen, Verdonen; 7c zailtasuneko bide bat bistaz eskalatzen ere lehena izan zen. Hala ere, sortu berri zen kirol eskaladaren hainbat txapelketa irabazita egin zen ezagun, eta kirol eskaladaren garapena ekarriko zuen gazte belaunaldi baten erreferente bilakatu zen.

Kirol eskaladarako entrenamenduen inguruko lehen liburuetako baten egilea ere bada: Grimper gidarena, hain zuzen ere. La vie aux bout des doigts filmeko protagonista ere izan zen, eta kirol eskalada eta horren oinarriak munduko txoko guztietara zabaldu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.