Hogeita bost urte Himalaian gelditu zinela, Felix. Eta orduko kolpea eta hutsune sentsazioa ere bai, baina gure bizitzako lehen hogeita bost urteak ditut gaur gogoan. Umetako jolasak, familia giroko irteerak, ikastola, bertso-ibilerak, lagunartea, txapelketak eta plaza, denetan elkarrekin.
Ez dakit sekula esan dizudan ze etxeko sentitzen zaitudan umetako oroitzapenetan. Santa Kurtz kaleko jolasetan, orain baino auto gutxiago ibiltzen zen garaian. Zuen etxeko sukaldean, gurean, txapa gaineko neguko merixendak, ikastolatik bueltan. Edo Gerardoren altzoko ipuinetan edo Anjelen tranpazuloetan.
Ez dakit sekula esan dizudan ze ondo pasatzen nuen Murrukixoko txintxaunean, Porruko txaran, edo Ugastegiko oinarrizko kanpamentuan egunpasa eder haiek egiten genituenean, eguzki-galdatan erre arren, «hotzikara baino zuriago» ginenok. Eta Debako hondartzako egun luzeetan ze plazera zen oilaskoa, piperrak, patata-tortilla eta meloia partekatzea.
Ez dakit sekula esan dizudan ze babestua sentitu nintzen, beheko ikastolako saguen gelari genion beldurrean; edo Almeneko autobusak Arrasateraino eraman gintuelako etxera oinez abiatu ginenean. Zuk beso bat igeltsuan, beste eskua nirean. Arrasate urrutiago eta urrutiegi zegoen orduan Atxabaltatik.
Ez dakit sekula esan dizudan bertso eskolan ere zure arrimuan hasi nintzela, beste lagunekin ere lagun nintzen arren. Lagunarte hartan ere kide ginelako jarraitu genuela, Eskolartekoan, gazte txapelketetan, plazan… eta Gipuzkoara joateko domeka goizero 7etako autobusa hartzen genuenean.
Ez dakit sekula esan dizudan aisialdi eta konpromisoan ere ze hurbil izan zaitudan: Almeneko ekologista taldean, Loramendin, Goñiko udalekuan, sukalde zaharreko mozorro artean, Katutxoaren kantuan, gaubeiletan eta gaubeila ostekoan.
Ez dakit sekula esan dizudan orain ere sarritan sartzen naizela udaletxe osteko zure lorategian, kuku bat egitera. Eta leku hori bisitatzea adiorik ez esateko modu bat dela niretzat.
Ez dakit sekula esan dizudan… eskerrik asko!