Mendia. Urrezko Pioleta sariak

Lehen igoerak estilo arinean

Urrezko Pioleta alpinismo sarietarako sei hautagaiak aurkeztu dituzte. Apirilaren 3tik 6ra emango dituzte irabazleak ezagutzera, Chamonix eta Courmayeurren egingo dituzten ekitaldietan.

2013ko martxoaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iazko mendi jarduera esanguratsuenak saritzen dituzten Urrezko Pioleta sariek sei aukeraren artean hautatu beharko dute irabazlea. Alpinismoaren sari prestigiotsuenak dira Urrezko Pioletak, eta sei hautagaiek ondo irudikatzen dituzte sariak ematerakoan kontuan hartzen dutena: estilo arina, konpromisoa eta esplorazioa. Aurten ere, 21. aldian, Courmayeur (Italia) eta Chamonixen (Frantzia) izango dira sari banaketak, apirilaren 3tik 6ra.

70 jarduera baino gehiagoren artean aukeratu dituzte azken sailkapenera igaro diren jarduerak. Horretarako, esperientzia handiko lau alpinistak osatu dute epaimahaia: Stephen Venables —zuzendaria—, Silvo Karo, Katsukata Yokoyama eta Gerlinde Kaltenbrunner, hain zuzen. 2012. urtea ezin hobetzat definitu dute sarien antolatzaileek, batzorde teknikoak erregistratu dituen lorpen handiko jardueren kopuruagatik. Hainbat menditan egin diren lehen igoerak estilo alpino garbian egin direla azpimarratu dute antolatzaileek.

Sei hautagaien artean hiruk Himalayako Karakorum mendikatearen tontorren bat izan dute helburu, eta horrek agerian uzten du alpinismo modernoa egitekobaldintza eta aukera ugari eskaintzen dituela mendikate horrek. Hautatutako espedizioen protagonistak Courmayeur eta Chamonixen izango dira, egindako jarduerak aurkeztu eta, akaso, Urrezko Pioleta saria eskuratzeko. Kurt Diemberger alpinista austriarra izango da ziur sarituko duten bakarra; Walter Bonatti saria emango diote ibilbidearengatik. Hona hemen Urrezko Pioleta saria lortzeko aukera duten sei jarduerak:

1. Japoniarrek lehena

Bidea: Nima Line hegoaldeko zutarria.

Mendia: Kyashar (6.770 m), Nepal.

Eskalatzaileak: Tatsuya Aoki, Yasuhiro Hanatani eta Hiroyoshi Manome.

Luzera: 2.200 metro.

Zailtasuna: ED+, 6a eta M5.

Noiz: Azaroaren 6tik 12ra.

2001. urtean Marek Holecek eta David Stastny txekiarrek Kyashar mendiaren hegoaldeko zutarria igotzen saiatu zirenetik, urtez urte hainbat alpinistaren helburu izan da bidea osatzea; orain artean arrakastarik gabe. Aoki, Hanatani eta Manome alpinista japoniarrek lortu zuten tontorrera iristea iaz, sei eguneko jardunaren ostean. 2.200 metroko bideak azken zatian dauzka luze zailenak; japoniarrek bosgarren egun osoa behar izan zuten zailtasun eta teknika handiko azken ertza gainditzeko, eta horrek, 6.000 metrotik gora beste gau bat pasatzera behartu zituen. Hegoaldeko zutarriaren lehen igoera egin zuten japoniarrek, eta Kyashar mendiaren bigarrena.

2. Shivaren branka

Bidea:Prow of Shiva

Mendia: Shiva (6.142 m), India.

Eskalatzaileak: Mick Fowler eta Paul Ramsden.

Zailtasuna: ED+.

Noiz: Urrian.

Mendi bakartua da Shiva, gerturatze luze eta desatsegina duena. Horregatik bisitatu dute hain gutxi alpinistek, eta era berean, horregatik dago mendiaren inguruko hain datu gutxi. Mick Fowler eta Paul Ramsdenentzat, ordea, merezi izan zuen behe kanpalekura iristeko egindako esfortzuak. Inoiz egindako eskalada onena izan zela esan zuen Fowlerrek Shiva mendiaren branka itxurako ertzetik jaitsi bezain laster. Guztira, zazpi egun behar izan zituzten brankaren tontorrera igo eta historiako lehen igoera egiteko. Beherako bidea eskalatu gabe dagoen hego hegaletik egin zuten, bi egunean. Siguniangen egindako eskaladagatik lortu zuten Urrezko Pioleta Fowler eta Ramsdenek 2002an; Shivaren brankan egindako eskaladarekin berritu nahi dute orduko lorpena.

3. Muztagh dorrea

Bidea: Ipar-ekialdeko hegala.

Mendia: Muztagh Tower (7.284 m) Karakorum, Pakistan.

Eskalatzaileak: Dmitri Golovtxenko, Alexander Lange eta Sergei Nilov.

Desnibela: 2.000 metro.

Noiz: Abuztuaren 9tik 26ra.

Muztagh dorrearen ipar-ekialdeko hegalak sona handia izan du beti mundu osoko alpinisten artean, baina, Golovtxenko, Lange eta Nilov errusiarrak izan ziren igotzen saiatzen ausartu ziren lehenak, eta lehen igoera lortu zuten. Estilo alpinoa erabili zuen hirukoteak, baina eraman zuten janari eta erregai kantitateak igoera lasai egitea eta eguraldi txarrari izkin egitea ahalbidetu zien. Karakorumeko tontorraren ipar-ekialdeko ertzak dituen 2.000 metroak 17 egunean osatu zituzten. 6.500 metroko garaieratik gora daude zailtasun handienak, dorrea bere eremu bertikalenera iristen denean. Izotz eta elurrez beterik egon ohi da azken pareta hori; eskalada teknikoa eskatzen du eta arrisku handikoa da.

4. Mazenoko ametsa

Bidea: Mazeno ertza.

Mendia: Nanga Parbat (8.125 m), Karakorum, Pakistan.

Eskalatzaileak: Sandy Allan eta Rick Allen.

Luzeera: 10-13 kilometro.

Noiz: Uztailan.

Zortzimilako mendiek dituzten ertzen artean luzeena da Nanga Parbateko Mazeno. Alpinista onenetariko asko saiatu dira ertza oso-osorik zeharkatzen, baina garaiera horretan kilometroak egitea ez da lan makala. Allan eta Allenek Mazeno ertzaren zortzi tontorrak zeharkatzea lortu zuten; gero, 7.200 metroko garaieran gaua igaro eta Nanga Parbaten tontorrera igotzeko saioa ere egin zuten, baina ezerezean gelditu zen saio hura haize ufada indartsuengatik. 18 egun pasatu zituzten behe kanpalekutik kanpo.

5. 'Ogroa'

Bidea: Hego-ekialdekoa.

Mendia: Baintha Brakk (7.285 m), Karakorum, Pakistan.

Eskalatzaileak: Kyle Dempster, Hayden Kennedy eta Josh Warton.

Noiz: Irailean.

Karakorumeko mendi bitxienetako bat da Baintha Brakk, eta aurreko urtera arte, historian bitan baino ez zen lortu haren gailurrera igotzea. Dempster eta Kennedyk hirugarren igoera egin zuten, hego-ekialdeko ertzetik hasi eta hego hegalean amaitzen den bide berri bat zabalduz. Irudimen handiarekin aurkitu zuten ibilbidea amerikarrek. 6.900 metroko garaieran kokaturiko kanpalekutik jo zuten tontorrera Dempsterrek eta Kennedyk; behin gailurrera igotakoan, asko sufritu behar izan zuten bi alpinistek, gaixorik geratu zen Wartoni kanpaleku nagusira laguntzeko.

6. Indiako garaienera

Bidea: Hego-mendebaldekoa.

Mendia: Kamet (7.756 m), India.

Eskalatzaileak: Sebastien Bohin, Didier Jourdain, Sebastien Moatti eta Sebastien Rattel.

Desnibela: 2.000 metro.

Noiz: Irailaren 22tik 28ra

Indian igo daitezken mendietan garaiena da Kamet, Nanga Devira eta Kanchenjungako tontor indiarrak igotzeko ezin baita baimenik lortu. Hego-mendebaldeko hegala igotzen saiatzen lehenak izan ziren alpinista frantsesak, baita lortu ere. Mendiaren azpialdeko glaziarraren muturrean jarri zuten kanpaleku aurreratua eta bost egunean eskalatu zuten, estilo alpinoa erabilita. Bertikaltasunetik oso gertu dauden elurrezko aldapa pikoei egin behar izan zieten aurre; noizean behin, izotzezko tarteren bat ere eskalatu behar izan zuten. Azken kanpalekua 7.500 metroko garaieran jarri zuten, eta azken egunean espero ez zituzten eguraldi arazoei aurre eginostean, hego hegaletik jaitsi ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.