Mediku eta mendizaletzat zuen bere burua Jose Ramon Morandeirak (Santiago de Compostela, 1945). Zeresan handia eman du beti alpinismoaren munduan Morandeirak; batez ere, izozteak tratatzeko espezialista handienetakoa izan baita munduan.
Azaroaren 3an zendu zen, European Mountain Meeting topaketan hitzaldi bat eman ostean. Maria Antonia Nerin medikuarekin batera eman zuen hitzaldia, eta, horren ostean, gaizki sentitzen zela ikusirik ospitalera eraman zuten. Aneurisma baten eraginez hil zen, 67 urte zituela.
Lau alorretan zen lizentziadun; horietako lehenengoa medikuntzakoa. 23 urterekin hasi zen mediku lanetan, baina, laster konturatu zen mendiaren eremura eraman behar zuela. Mendiko medikuntzan espezializatu zen hortik gutxira, eta, ordutik, bizitza guztia bideratu du horretara. 70eko hamarkadako erdialdean, izozteen tratamendurako saila sortu zuen Lozano Blesa ospitale unibertsitarioan. Mendiari zion maitasunak ez zuen ospitaleko lanarekin bat egiten, ordea, eta Himalayako mendi garaien azpira joatea erabaki zuen, alpinistak bertatik bertara zaintzeko asmoz. «Kanpotik oso pertsona zorrotza ematen zuen arren, oso pertsona xelebrea zen Morandeira jauna. Orain bi urte ezagutu nuen nikneuk, eta, beti zeresan handia eman duen eta ika-mika guztietan sartuta egon den gizona izan arren, harreman paregabea izan dut nik harekin», adierazi du Alex Txikonek; «beti zegoen laguntzeko prest». Aurreko urtean haren eskuetatik pasatu behar izan zuen Txikonek, espedizio batean izandako izozteengatik.
Alpinismoa praktikatzen egindako izozteak tratatzeko sistema berri bat sortu zuen Morandeirak. «Nire izozteak Morandeirak tratatu ez zizkidan arren, hainbat espediziotan aritu gara elkarrekin, eta oso pertsona bizia zen, bere lanbidea maitatzen duten horietakoa; benetan kolpe handia izan da haren heriotza, inolaz ere espero ez genuena», dio Edurne Pasabanek.
Mendiko mediku izateaz gain, mendietan gora ere ibili zen, nola ez. Moncayo mendira egindako igoerak markatu zion bizitza, ordutik aurrera erabaki baitzuen mendiko medikuntzan aritzea. Peña Telera, Alto Atlas, Hoggar eta Himalayako Baruntse mendiak igo ditu, besteak beste, Morandeirak.
Annapurnako oinarrizko kanpalekuan ere izan zen, Tolo Calafat, Carlos Pauner eta Juanito Oiarzabalen erreskatean koordinazioa lanak egiten. Orain arte helikopteroz eta Long Line teknika erabiliz egindako erreskaterik altuena da azken hori, garaierari dagokionez.
2011ko udaberrian, ospitale bat jarri zuen Everest mendiko oinarrizko kanpalekuan, hango alpinistei beharrezko arreta eman ahal izateko.
Mendia. Hilberria. Jose Ramon Morandeira
Mendi medikuntzako espezialista handia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu