IRITZIA

Mendiak damaiguna

Joanes Illarregi
2023ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Aurrera doa Urmuga, bere azken egunetan da Izabara iritsi aurretik, kontzertuz kontzertu eta mendiz mendi. Aurreko artikuluan bezala, mendiari buruz idaztea pentsatu dut, betidanik lotura handia izan baitut mendiarekin.

Etxean mendizaleak izan dira beti, eta iruditzen zait haur batentzat ez dagoela zigor handiagorik, oporrak mendian pasatzea baino. Haurrak eguzkia eta bainu bat hartzeko ura nahi du, eta ez zehazki menditik jaitsi, eta errekako putzu izoztu batekoa; aukeran kostaldeko hondartza edo igerileku batekoak nahiago. Zenbat gezurrezko sabeleko min, malko eta aitzakia mendira ez igotzearren, oporrak lagunekin herrian igaro nahi dituen haurraren ahotik.

Denborarekin, ordea, aldatzen joaten da mendiarekiko irudia eta pertzepzioa, balioa ematen zaio mendiak eskaintzen digunari. Asko da mendiak eskaintzen diguna, kirola egiteko eta paisaia ederrez gozatzeko aukeraz gain. Herri txiki samarretan bizi garenok ohituta gaude horretara, baina gurutzatzen den pertsona orori agur keinu bat egitea ezagutu ez arren, errespetuzko balio batzuk barneratzea dela uste dut. Baita taldean joan, eta bakoitzak bere ur eta janari partikularrak eraman ordez, denona eraman eta elkarbanatzea. Eta, nola ez, bide estu batean topo egindakoan goitik behera doanak behetik gora doanari pasatzen uztea. Gauza txikiak dira, detaileak, baina hein batean barneratu eta menditik at eramaten direnak.

Sortzaileari ere ematen dio burua argitzeko, eta oxigenoak garuna freskatu dezan tartea. Inspirazioa kolpetik ematen duela, eta sorkuntza lanik onenak bertatik sortzen direla erromantizatutako irudi bat da, pelikuletan pentsalariak amildegiaren ertzean hausnarrean ikustearen antzekoa. Baina ibilian-ibilian gauzak beste distantzia batetik ikus daitezke, lasaitu, eta buruko martxaren erreboluzioak hiru milatik mila eta bostehunera jaisten dira. Mendiak ez du sortzailea hobea egiten, baina laguntzen dio.

Festarekin ere betidanik lotuta egon da, lehen agian orain baino gehiago. Urtarrilaren lehenean bada gaupasa egin eta Adarrara edo beste hainbat menditara igotzen denik, urtea osasuntsu hasiko duen esperantzan. Horretaraino ez naiz oraingoz behintzat iritsi, noizbait festaren beroan tentazio txikiren bat izan badugu ere. Baina iraileko igande bat, behintzat, gordetzea urteroko ohitura bihurtu da aspalditxoan. Herniora igo (gurutzatzen dugun oro agurtuz, noski), uztaietatik gorputza pasatu, goiko gurutzeen artean toki egin argazkitxo baterako, eta Zelatunera itzuli. Motxilak erantzi eta bertako bordetan jateko zerbait eta sagardo pixka bat hartuta, erromeriara. Gure kasuan begira egotea ohikoagoa da hurbildu eta dantzan hastea baino, baina gozamena berdina da. Huraxe iruditzen zait giro sano, jator eta gurea. Urmugaren antza ere izan dezake, agian: mendira igo, bertan leku ezberdinetako jendea elkartu eta musikaz, mendiaz, inguruaz eta lagunarteaz gozatu.

Gure kontraesan txikiak ere baditugu mendiarekin, ordea. Eta askotan ingurukoei zuzenduz soilik aipatzen dugun arren, kasu honetan ni ere sartuko naiz talde horren barruan. Gure inguruan (Euskal Herriko edozein txokotan) mendi eta ibilaldi eder askoak dauzkagu. Ez dakit, baina, askorik estimatzen ditugun, askorik ez ibili arren, txikiegiak egiten baitzaizkigu. Urtean bitan egin behar mendira irteera lagunekin, eta ez gara konformatzen herri inguruan dugunarekin. Gutxienez Pirinioetara joan behar izaten dugu, hiru milatik gorako kaxkoak egitera, ahal bada. Bi Bala taldearen letra bat datorkit burura: «Inoiz Larhun igo gabe, Himalaiara trekkinga». Hori ere bagara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.