Ezarian. Mendi lasterketak

Mendian gora brinean

Mendi lasterketetan parte hartuz elkar ezagutu zuen lagun talde batek sortu zuen Brinean elkartea. Aramotzeko mendi lasterketa eta Anbotoko kilometro bertikala antolatzen dituzte urtero.

Igor Lopez mendiko lasterkaria, Galarleizeko lasterketan. BRINEAN.
Adrian Garcia.
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Azken urteetan erruz ugaldu dira mendi lasterketak eta horietan parte hartzen duten korrikalariak. Horren adibide batda Brinean mendi lasterketako elkartearena. Mendi lasterketak batu ditu Brineaneko kideak, eta Aramotzeko mendi lasterketa eta Anbotoko kilometro bertikala antolatzen dituzte urtero.

Igorreko jaietan sortu zuten Brinean mendi lasterketako elkartea. Mendi lasterketen bidez elkar ezagutu zuen lagun talde bat afari bat egiteko geratu zen Bizkaiko herri horretako jaietan. Afari hartan erein zen mendi lasterketako talde bat sortzeko hazia, 2006ko uztailean. Bederatzi lagun izan ziren afari hartan, tartean Igor Lopez zornotzarra.

Mendi lasterketak loraldi betean daude, eta Brineanera kide gehiago batzen joan dira azken urteetan. 40 federatu txartel inguru tramitatu dituzte aurten, Lopezen esanetan. Zornotza, Galdakao eta Arratia bailara inguruko herrietako mendiko korrikalariek osatzen dute elkartea. Maila guztietako lasterkari eta mendizaleak dira, baina denek argi dute zein den taldearen izaera: «Oinarria da lagun talde bat garela», dio Lopez mendiko korrikalariak.

Brinean elkartearen jomuga ez da lehiakortasuna. «Zenbait mendi lasterketako elkartek korrikalari onak animatzen dituzte eurekin federazio txartela atera dezaten. Guk ez dugu jendea deitzen, nahi duenak badaki ateak zabalik dituela gurekin etortzeko», dio Lopezek. «Lagun talde bat gara; igande goizetan biltzen gara mendian buelta bat emateko, eta nahi duena ongietorria da gurera».

Gehienbat Euskal Herriko lasterketetan hartzen dute parte Brineaneko kideek, baina kanpoko lasterketei ez die muzin egiten. Esaterako, Transgrancanaria lasterketan izan ziren, eta zazpigarren postua eskuratu zuen Jose Vicente Benito Brineaneko kideak. Victor Luis de Pedrok lehenengo postua eskuratu zuen 50 urtetik gorakoen artean. «Mont Blanc-eko ultra trail-ean eta Reunion uharteko lasterketan ere parte hartu dute zenbaitek. Jendea kanpora ere irteten da», esan du Lopezek.

Taldearen izenak ere kirol horrekin lotura zuzena du, askorentzat ezezaguna izan badaiteke ere. «Garai batean brinean hitza Arratia partean erabiltzen zen korrika adierazteko. Erdi galduta dago hitz hori, eta animaliak galopan egiten duenean erabiltzen da egun Arratiako inguruetan», azaldu du Brinean elkarteko sortzaileak.

Aramotzeko mendi lasterketako eta Anboto kilometro bertikaleko antolakuntza lanetaz arduratzen da Brinean elkartea. Lasterketa antolatzeko boluntarioak aurkitzeko arazorik ez dutela aitortu du Lopezek. «Ehun boluntarioren bueltan izaten dira Aramotzeko lasterketan, eta 30 inguru Anboton. Lasterketa egunean berean ere pilo bat jende agertzen da laguntza eskaintzera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.