Mendia

Mendiko duatloi zirkuitua, Olite eta Urizarrentzat

Pixkanaka hazten ari da mendiko duatloi zirkuitua; aurten, 130 parte hartzailetara iritsi da

Ainhoa Lendinez
2013ko abenduaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Amaitu da 2013ko Euskal Herriko mendiko duatloi zirkuitua. Irailaren 14an hasi zen, Ibarran, eta abenduaren 1ean amaitu, Zubietan. Hamar proba izan dira guztira, eta, horietan izandako puntuak batuta, Saioa Olite eta Luis Mari Urizar izan dira aurtengo garaileak.

«Orain dela bi urte, zirkuituko pare bat karrera egin nituen, eta gustatu zitzaidan. Aurten, ia proba guztietan parte hartu dut», azaldu du Olitek, pozik. Mendiko duatloiak gero eta indar handiagoa hartzen ari dira, baina ez dute oso ibilbide luzea Euskal Herrian. Juan Zubia Mendiduatloia taldeko kideak azaldu duenez, «hasiera ez zen batere erraza izan». 2010ean hainbat lagun elkartu, eta 2011rako Euskal Herriko zirkuitua antolatu zuten, hiru probarekin.

«Lehenengo urtean ez genekien jendeak nola erantzungo zuen, baina ondo atera zen. Iaz, zirkuitua finkatu egin zen, eta aurten hazi ere egin da», azaldu du Zubiak. Iaz, 120 parte hartzaile izan zituzten batez beste lasterketa bakoitzean, eta aurten 130era ere iritsi dira.

Aurrera begira ere gogotsu daude taldekoak. «Datorren urterako, beste sei lasterketa dauzkagu ate-joka, eta bi zirkuitu egitea aztertzen ari gara, udazkenean bat eta udaberrian bestea, irailetik abendura ez dagoelako proba guztiak egiteko astirik», azaldu du. Abenduaren 8an Kataluniako proba batean izan ziren Euskal Herriko zirkuituko irabazleak. Bestalde, mendiko duatloietan emakumezko gutxi izaten direla eta, Mendiduatloia elkarteak dei egin diete kirola eta mendia gustuko dituzten neskei, mendiko duatloietan parte har dezaten. Informazio gehiago: www.mendiduatloia.com webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.