Iraupen eskian berandu hasi zen, mendiko eskia eta mendi lasterketak ez ditu lehentasun izan duela gutxira arte... Hala ere, guztietan nabarmendu da Laura Orgue kataluniarra (Igualada, Herrialde Katalanak, 1986): hiru Olinpiar Jokotan parte hartu du, lasterketa bertikaletako eta Sky motakoetako munduko txapeldun... Mendi eskiko denboraldiari gogotsu ekin zion arren, duela bi aste peronea hautsi zuen entrenamendu batean, eta agur esan beharko dio elurretako denboraldiari. Hala ere, udaberrian mendian korrika egitera bueltatzeko asmoa du.
Hasteko, zer moduz zaude? Atsekabetuta?
Bueno, nahi bezain ondo ez, baina konformatu beharko dut. Peronea hautsi nuen, eta ebakuntza egin ostean bi torloju jarri dizkidate. Orain, hiru aste pasa beharko ditut igeltsua jarrita. Gero, hankak indartzeko ariketekin hasi beharko dut.
Lesioaren aurretik Altitoyn ikusi zintugun Claudia Galicia kataluniarrarekin bikotea osatuz. Zer moduz ibili zinen?
Orokorrean, gustura gelditu nintzen egindako lasterketarekin, nahiz eta ez zen guk espero bezain ondo atera. Uste genuen hobeto arituko ginela, baina jaitsierak izan ziren arazo handiena, nire kasuan behintzat. Gero, nekearengatik, igoerak ere mantsoago egin behar izan genituen, gehienbat lehen egunean. Lasterketaren erdialdetik aurrera erritmoa moteldu genuen, eta ezin izan ginen onenekin lehiatu.
Nolatan parte hartu zenuen Altitoyn?
Azken hamar urteetan iraupen eskian aritu naiz. Munduko Kopan aritua naiz, baita Olinpiar Jokoetan ere: 2006an Turinen [Italia], 2010ean Vancouverren [Kanada] eta 2014an Sochin [Errusia]. Iraupen eskia uztea erabaki nuen iaz, eta mendiko eskian lasterketa bertikalen bat egina nuenez, aurten lasterketa bertikaletako Munduko Kopa egitera animatu naiz. Arazo handiena egutegia ikustean izan nuen. Hiru lasterketa besterik ez zegoen, eta orduan ikusi nuen Altitoyn parte hartzeko aukera. Ikasteko aukera zen niretzat. Andorran jada horrelako lasterketak egiten hasi nintzen. Gerora, Europako Txapelketa ere egin nuen Marecotessen [Suitza]. Oso gustura nabil, eta, taldean sei garenez, hiru bikote egin genituen Altitoyrako.
Zer iruditu zitzaizun Altitoy?
Eguraldiak ez zuen batere lagundu, baina denok espero baino hobea egin zuen. Ibilbidea eguraldiaren arabera moldatu behar izan zuten, eta ondo atera zela esan dezaket. Asko gustatu zitzaizkidan ibilbideak. Ez ziren hain teknikoak, eta horrek asko lagundu zidan.
Nolako izan da denboraldia zuretzat orain artean?
Jaitsieretan izugarri sufritzen ari naiz. Lasterketak bukatu eta hauxe pentsatzen dut: «Zuk daukazu zuk sufritzeko ahalmena» [barreak]. Oso gogorra egiten ari zait, baina oso gustuko dut. Berria da niretzat. Iraupen eskian hamar urte egin eta gero, hobekuntzarako oso tarte gutxi izaten genuen; mendiko eskian, ordea, gauza asko ditut hobetzeko, eta horrek asko motibatzen nau.
Noiz hasi zara mendiko eskiaren denboraldi-aurrearekin?
Urte arraro samarra izaten ari da niretzat iraupen eskia utzi ondorengoa. Iraupen eskian maiatzetik azarora arte izaten zen denboraldi-aurrea. Denbora tarte hori baliatzen nuen mendiko lasterketak ere egiteko. Aurten, berriz, mendiko lasterketa gehiago egiteko aukera izan dut, agian gehiegi eta guzti. Mendiko lasterketak amaitzean Tignesera [Frantzia] joan nintzen Espainiako Federazioarekin, eta orduan hasi nintzen mendiko eskian.
Nork entrenatzen zaitu?
Iraupen eskia utzi dudanetik neure burua entrenatzen dut, bai iazko udan, bai aurtengo neguan. Libre sentitu nahi nuen. Azken hamar urteetan sentitu dut militarren bizitza neramala: entrenatu, atseden hartu, jaten dudana kontrolatu… Oso zorrotza guztia. Txipa aldatu nahi nuen. Uste dut neure burua ondo ezagutzen dudala, eta bizitzari lasaitasun pixka bat eman nahi nion. Hori bai, datorren urtean berriro ere laguntza pixka bat beharko dut [barreak]. Denborarekin hobetu nahi badut; ezinbestekoa izango da.
Zein beste lasterketa egiteko asmoa zenuen?
Ez nuen Pierra Menta egiteko asmorik. Uste dut oraindik goiz dela horretarako. Tour du Routor eta Patrouille des Glaciers egiteko asmoa nuen, baina ez da posible izango, denbora batean geldirik egon beharko dut eta.
Mireia Miroren oinordekoa izango zarela esan izan dute. Zer duzu esateko?
Ez dut uste horrela izango denik. Gainera, Mireia lehiatzen ari da berriro [bigarren izan da Pierra Mentan]. Ez dut uste alderatzea ona denik. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu.
Aurtengo eski denboraldian zein izan da zure unerik politena?
Denboraldia urtarrilean 3an hasi nuen, Traca Catalana lasterketarekin. Nire oroitzapen onena han izan nuen. Denetik pasatu zitzaidan: eskietarako azala galdu nuen, bota ere kateatu zitzaidan, erori nintzen… Hala ere, hau pentsatu nuen: «Kirol honek harrapatu nau; nik hau egiten jarraitu nahi dut». Taldekideek asko lagundu ninduten, eta oso gustura sentitu nintzen.
Eta okerrena?
Jaitsierak, orokorrean. Marecottesen, Europako Txapelketan, esaterako, beldurra pasatu nuen jaitsiera batean.
Eskiko denboraldia amaitutakoan mendian korrika hasten zara. Noiz hasi zinen mendian lasterka?
Lehiatzen, orain dela sei urte hasi nintzen, 2010ean. Aurrena kilometro bertikalak egiten hasi nintzen, iraupen eskirako ona zelako. Gerora hogei kilometro inguruko lasterketetan murgildu nintzen. Maratoi distantzian bat besterik ez dut egin.
Zer distantziatan sentitzen zara erosoen?
Nire gustuko lasterketak hogei kilometro ingurukoak dira. Igoera gogorrak eta gorabehera handia dituztenak. Eta, ahal bada, jaitsiera oso teknikoak ez dituztenak. Askoz ere lehiakorragoa naiz distantzia horretan.
Nork aholkatu zizun mendian korrika hasteko?
Gurasoek kirola egin dute betidanik. Aita mendi lasterketetan ibilitakoa da, eta oraindik jarraitzen du. Aitak lagunduta hasi nintzen.
Iaz munduko txapeldun izan zinen, bai lasterketa bertikaletan, bai sky motakoetan(20-40 kilometro artekoak). Zerk gogobete zintuen gehiago?
Sky lasterketetako garaipenak. Lasterketa bertikaletan azken lau urteetan irabazi dut, eta banekien aurrean ibiltzeko aukera asko nituela. Sky distantzia, berriz, berria zen niretzat. Lasterketa gehiago egin nituen, luzeagoak… Sky lasterketak izan ziren iazko apustua, eta ondo atera zen. Gainera, azken lasterketara arte borrokatu behar izan nuen, eta oso zaila izaten da behar den egunean ondo lehiatzea. Ikaragarri poztu nintzen txapelketa irabaztean.
Nolakoa da Laura Orgue ren egun arrunt bat?
Iraupen eskia utzi dudanetik, gauzak asko aldatu dira. Orain, lana eta kirola uztartzen ditut. Zuzenbide ikasketak egin nituen. Aita ere abokatua da, eta astean bi egunetan, goizez, bere bulegora joaten naiz, lan batzuk egitera. Iraupen eskiko eskolak ere ematen ditut, deitzen didatenean. Oso gustura nago aldaketarekin.
Astean zenbat egunetan entrenatzen zara?
Egunero. Ordu gehien egiten dudan asteetan, 20-22 ordu izaten dira; gutxien egiten dudanean, berriz, hamabi ordu izaten dira astean. Noizean behin egun bat hartzen dut atsedenerako.
Eskiko profesionala izan zaren urteetan zenbat egun pasatu dituzu etxetik kanpo?
Ez dut inoiz pentsatu, baina urte erdia izaten zen, gutxienez. Iraupen eskiarekin, irailetik azarora arte hilean hamabost egun pasatzen genituen kontzentrazioetan, aste bat kanpoan, bestea etxean. Azaroan eta abenduan, berriz, hogei egun kanpoan, bi etxean, berriz ere kanpora… Horrela igaro ditut azken hamar urteak.
Mendiak bizitzeko adina ematen du?
Nire kasuan, iraupen eskia kirol olinpiarra izanik, bai. Bekak nituen eta, aberatsa ez nintzen arren, bizitzeko lain izaten nuen. Udan, berriz, Salomon taldean nago, eta horiek ere laguntzen didate. Beste laguntzaile batzuk ere baditut, eta lasterketetan irabazitako sariekin mendiaz bizi naiteke. Alde txarra ere badu horrek: ez baduzu irabazten edo lesionatzen bazara, ez duzu saririk.
Mendi korrikalari batek baino gehiagok esana da: «Ez litzaidake gustatuko kirolari profesionala izatea». Zer iritzi duzu?
Profesionaltasunak soldata ziur bat edukitzearen alde ona du. Hala ere, askotan emaitzetan ez da ikusten egunero entrenatzen ibili eta gero, bakoitzak bere buruari jartzen dion presioa. Ez dakit, barne borroka latza izaten da. Ona da beste lan bat edukitzea, burua lasaiago ibiltzeko.
Inoiz pentsatu zenuen munduko txapeldun izango zinela?
Askotan egin didaten galdera da. Egia esan, ez nuen espero. Iraupen eskian berandu hasi nintzen, 17 urterekin. Dena ustekabean etorri zait.
Zegama-Aizkorri. Noiz ikusiko zaitugu bertan?
Oso goiz izaten da niretzat. Distantzia ere oso luzea da, eta orain arte maratoi bat egina dudan arren, Zegama-Aizkorriko ibilbidea oso gogorra da. Aurten ez neukan parte hartzeko asmorik. Orain gainera, lesioaren ondoren, are gutxiago.
Nolakoa izango da aurtengo mendi lasterketen denboraldia Laura Orguerentzat? Ikusiko al zaitugu Euskal Herrian korrika?
Lesioa osatu eta gero, denborak aginduko du, baina mendi lasterketen denboraldia pentsatu bezala egiteko aukera asko ditut. Ez neukan asmorik ekain amaiera arte lehiatzeko.
Iaz Gorbeia Suzien-Ternua lasterketan ikusi zintugun. Zein oroitzapen duzu lasterketaz?
Asko gustatu zitzaidan lasterketa. Hala ere, gogoan dut izugarrizko esprinta egin behar izan nuela, Paula Cabrerizo atzetik oso denbora gutxira zetorrelako. Bertan dauden mendiak oso politak iruditu zitzaizkidan, bertako zelaiak, giroa… Oso oroitzapen ona dut.
Laura Orgue. Mendiko eskiatzailea eta korrikalaria
«Mendiko eskian asko daukat hobetzeko»
Eskarmentu handia du iraupen eskian eta mendi lasterketa bertikaletan; hasiberria mendiko eskian. Peronea hautsi du eskiko entrenamendu batean eta igeltsua jarrita dago, geldirik, baina igeltsua kendu eta berriro korrika hasteko prest. Zaila izango da Euskal Herrian ikustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu