Mendizale baino gehiago, abertzale

Apirilaren 3an ehun urte beteko dira Euzko Mendigoxale Batza taldea sortu zela. Mendizaletasun politikoa zen haiena: mendiak Sabino Aranaren doktrina herriz herri zabaltzeko asmoz zeharkatzen zituzten. Espainiako Gerran aritu ziren, baina ostean ez zuten urte luzez iraun.

San Inazio. Mendigoizaleak eta artzainak. BERRIA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2021eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Mendiarekiko zaletasun handia dago Euskal Herrian. Are gehiago, Iñaki Garcia Uribe Euskal Mendizaletasunaren ikerlari eta Aranzadi zientzia elkarteko etnografoaren esanetan, Euskal Herriak Europako mendi kulturarik garrantzitsuena du; batetik, ama lurrarekiko maitasunagatik, eta, bestetik, duen orografia malkartsu eta apurtzaileagatik. Halaber, Garciaren arabera, mendizaletasunaren esparruan egun munduan dauden hamalau diziplinetan lehenengo postuetan daude euskal herritarrak. «Halakorik ez da inon gertatzen, eta handi egiten gaitu. Mendia bizi leziotzat hartzen dugu». Mendizaletasunak, XIX. mendearen amaiera aldera Euskal Herrian ezarri zenean, «euria egiten duenean eroritako ur tantak bezainbeste pertsona» batu zituela azaldu du Garciak. Hori horrela, mendizaletasunaren kulturak gizartean eragina zuela eta gizartea nahiko bateratua zegoela aprobetxatuz, XX. mendearen hasieran mendigoizale deituriko herritarrek kirol hori erabili zuten Euskal Herriko txokoetara iritsi eta Sabino Aranaren doktrina aldarrikatzeko baliabide gisa. 1921. urtean, Mendigoxale Batza taldea eratu zuten.

Mendigoizaleak EAJko gazteak ziren nagusiki, eta 1908. urtean hasi ziren gutxi gorabehera taldeetan batzen. Euren funtzio nagusia propaganda banatzea zen, eta horretarako egiten zituzten jardueren artean, besteak beste, hauek zeuden: euskal kantak kantatzea, bolanderak jaurtitzea, mitinak egitea, liburuxka politikoak banatzea, zein ikurrinak jartzea. Jarduera horiek asteburuetan antolatutako mendi txangoetan egiten ziren, batez ere. Hain zuzen ere, mendigoizaleak Sabino Aranaren lana goraipatzeaz arduratzen ziren. «Mendian ibiltzen ziren, ezin zirelako beste modu batera joan baserri eta auzoetara», azaldu du Garciak. Politikan aldaketa zetorrela ohartarazteaz arduratu ziren, herritarrei nazionalismoaren garaia zela nabarmentzeaz.

Mendi ibiltariak

Bilbon, gazte erakundeen inguruan sortu ziren mendigoizale talde gehienak, eta neologismoa Evaristo Bustinza Kirikiño-k sortu zuen. Hala ere, Garciak azpimarratu du izenak ez zuela egia azaleratzen. «Mendigoizalearen hitzez hitzeko itzulpenak aditzera ematen du mendi garaiak igotzen dituen mendizaleak direla, eta mendigoizaleek inoiz ez zuten goi mendirik egin». Dioenez, mendigoizaleena mendizaletasun politikoa zen, eta mendia beren idealetarako erabiltzen zuten. Halaber, diferentzia egiten du kirol mendizaletasuna eta mendizaletasun politikoaren artean. «Mendigoizaleek garai historiko bera bizi bazuten ere, ez zuten kirol mendizaletasuna bezalako mendiko kulturarik». Batzuek politika egiten zuten, euskal nazionalismoa aldarrikatuz. Besteek, berriz, mendia sendatzeko eta naturan gozatzeko erabiltzen zuten; abenturazaleen eta esploratzaileen ondorengoak ziren. «Mendizaletasun politikoa kirol mendizaletasunarekin paraleloan bizi zen, baina litekeena da harremanik ez izatea. Ez ziren ondo konpontzen», dio Garciak.

Mendizaletasun politikoa, hots, mendigoizaleak taldeka antolatzen ziren herrietan. Hala, 1921. urtean Mendigoxale Batza eratu zenean, ehunka talde zeuden Bizkaian eta Gipuzkoan, baina oso gutxi Araban eta Nafarroan. Bilkura batean, adibidez, 40 talde eta mila mendizale bil zitezkeen. Garciak zehaztu duenez, garai historiko hartan Bizkaiko 112 udalerrietan zegoen talderen bat. Halaber, 1921eko apirilaren 3an Arraten (Gipuzkoa) hamazortzi talde bizkaitar, hamar gipuzkoar eta arabar bat bildu ziren, eta bertan eratu zuten ofizialki Mendigoxale Batza, denak batera Kalamuako (Bizkaia) gailurrera igo ondoren. Geroago gehitu zuten eusko hitza taldearen izenera. Garciak azaldu du hamabost izen ere eduki izan zituztela historian zehar.

Garciak argi utzi nahi izan du mendizaletasuna ez zela mendigoizaleekin jaio. «Mendigoizaleak talde zehatzak izan ziren, gazteak kausa abertzalera batzeko, eta mendizaletasunarekin zerikusirik ez zuten ibilaldi sinpleak egiten zituzten». Ostera, horrek ez du esan nahi inoiz gailurren bat igo ez zutenik. Ohorezko ibilaldiak egiten zituzten. «Bazekiten historia egiten ari zirela, eta gauzak ondo egin behar zituzten», gaineratu du.

Sortu zenetik helburu politiko argia izan zuen, eta historian zehar abertzaletasunak eta, bereziki, EAJk ezagutu zituzten liskarretan parte hartu zuen Mendigoxale Batzak. Hain zuzen, mendizaletasun politikoak zatiketa bat izan zuen 1921ean; Mendigoxale Batza gisa eratu ondoren, banaketa bat gertatu zen EAJn. «Batzuek EAJtik alde egin zuten, eta beste batzuk gazte erakundean geratu ziren, baina egitura guztiz berregin behar izan zuten», azaldu du Garciak. Halaber, Espainiako Gerrara joan zirenak bi batailoitan banatu ziren: Lehenago il eta Zergatik Ez. Horietako bakoitzean 650 gudari zeuden. Primo de Rivera jeneralaren estatu kolpearen eta ondorengo diktaduraren ondoren boterera iritsi zenean, mendigoizale taldeek izaera politiko eta propagandistikoa berretsi behar izan zuten, baina ez zen desagertu. Hala, gerra amaitzean gudari gehienak erbesteratu egin ziren, eta talde bat geratu zen Ipar Euskal Herrian, non Jagi-Jagi aldizkaria argitaratzen jarraitu zuten. «Jagi-Jagi mendigoizaleei buruzko aldizkaria zen, eta milaka mendigoizale jakinaren gainean izaten zituzten», azaldu du Garciak. 1932ko irailean jaio zen Jagi-Jagi eta astero 20.000 ale banatzen zituzten. Garciak azaldu du aldizkariaren eginkizuna mendigoizaleak doktrinatzea zela.

Aberriak desadostasunak

1936an, gerra hasi zenean, deialdi bitxi bat egin zen Artxandan, mendigoizaleen goraipamena izan zen. Euzkadi egunkariaren arabera 5.000 gudarik desfilatu zuten diziplina eta gogo biziz Bizkai osotik kamioietan, gurdietan eta batez ere oinez. 1945. urterako, baina, Hego Euskal Herrian ez zegoen mendigoizaleen berririk, baina 1964an, EAJ alderdian, berriz ere mendigoizale taldeak eratu ziren. 1969ra arte iraun zuten. Hain zuzen, zenbaitek, independentistek nagusiki, uste zuten mendigoizaleek jarduera folklorikoak soilik egiten zituztela, eta gerrara pasatzea eskatzen zutela. Hala, ezin elkar ulertuta bost urte iraun zuen mendigoizaleen bigarren aldiak. Haietako asko ETAra pasatu ziren.

Mendigoizaleei dagokienez ez dela ia ezer sakondu kritikatu du Garciak. «Ez dago libururik; hutsune historiko bat dago, oso dokumentazio gutxi dago». Nabarmendu du mendigoizaleak aitzindariak izan zirela euskal independentismoaren kausan,inoizko kirol garrantzitsuena egin zutelako. Halere, Garciak azpimarratu du nazionalismoaren eta mendizaletasunaren artean harremana dagoela erakutsi nahi izan dela denboran zehar, eta ez dela sakondu. «Bi mendizale taldeen artean ez dago harreman historikorik; bi bide desberdin hartu zituzten, eta kirol mendizaletasuna atera zen garaile, zentzu onagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.