Mendia. Ibilkari kanala

Mendizaleen topagune berria

Mendiko jardueren inguruko albiste, erreportaje eta elkarrizketak sarean euskaraz jasotzeko zegoen gune baten beharrari aerantzuteko, Ibilkari kanala jarri du martxan BERRIAk.

Mendiaren inguruko hainbat pertsona hurbildu ziren Martin Ugalde kultur parkera, Ibilkari kanalaren aurkezpena ikustera. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
2013ko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Herriak betidanik izan du lotura berezi bat mendiarekin, eta, batez ere, mendizaletasunarekin. Mendizale asko dago Euskal Herrian, eta horiek ere badute mendiko jardueren inguruko informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea. Sarean zegoen hu- tsune hori betetzeko asmoz, Ibilkari mendiko kanala jarri du martxan BERRIAk: kanalak.berria.info/mendia. Helburua ez da informazio iturri hutsa izatea, Euskal Herriko mendizaleen topagune ere izan nahi dute; euskal mendizaletasunaren erreferente nagusia, hain zuzen ere.

Horretarako, kanal erakargarria sortu dute, formatu txukun eta dinamikoa duena, ulerterraza eta ahalik eta zerbitzu gehien eskainiko duena. Kanaleko sarrerak ez dituzte soilik kazetariek idatziko, blogariek ere osatuko dituzte. Horretarako, Ainhoa Lendinez kanalaren arduradunak mendiko jardueren diziplina guztietako kirolariak bildu ditu kolaborazioak egiteko. Ondoko mendizaleak arituko dira zuzenean euren abentura eta esperientziak kontatzen: Lorea Madina, Jonatan Larrañaga, Oihana Kortazar, Alex Txikon, Esti Kerexeta, Xabi Smithy, Nagore Salaberria, Iñigo Lariz, Mikel Arrizabalaga, Andoni Areizaga, Maite Maiora, Unai Estala, Arkaitz Irureta, Mikel Belasko eta Julen Urdaibai. Horietako bakoitzaren argazkia mosaiko antzeko batean ikus daiteke, horien gainean klik eginda, kolaboratzaile bakoitzaren sarrera guztiak ikusteko aukera dago. «Helburua blog komunitate antzeko bat sortzea da», adierazi du Jon Ordoñezek, BERRIAko Interneteko zerbitzuaren arduradunak.

Kolaboratzaileen abentura eta esperientzien kontakizunez gain, urtez urte papereko edizioan argitaraturiko mendiko albiste, erreportaje, elkarrizketa eta kronikak ere erabiltzaileen eskura daude. Ramon Olasagasti eta Ekaitz Agirre kazetariek mendiko gaien inguruan landutako artikulu asko ditu BERRIAk, eta horiei bizitasun bat ematea ere bada Ibilkari kanalaren helburuetako bat. BERRIAk, gainera, kolaborazioen bitartez jasotako mendi ibilbideak ere argitaratu ohi ditu astero, aspalditik; horiek ere eskura daitezke kanalean. Bilaketa zerbitzu bat ere badu martxan ibilbideen atalak; hala, erabiltzaileek herrialdearen, zailtasunaren, tontorren, abiapuntuaren edota ingurunearen arabera bilatu ahalko ditu ibilbideak. «Garai batean Egunkaria-n eta gaur egun BERRIAn, beti eduki dugu ibilbideak argitaratzeko tradizioa; ibilbideen inguruko material asko daukagu, eta, horregatik, hasieratik argi eduki dugu Ibilkarin egon behar zutela», esan du Ordoñezek. Horretaz gain, track-ak jartzeko aukera ere aztertzen ari dira.

Goren-goreneko alpinista, eskalatzaile, lasterkari eta eskiatzaileei euskaraz elkarrizketak egin dizkien eta egiten dizkien hedabide bakarretakoa da BERRIA. Horregatik, artxibo historiko garrantzitsua du bere barruan; horiek ere biziberritzeko asmoz, elkarrizketen atala ere eskura moduan egongo da bisitatu nahi duten erabiltzaileentzat.

Ibilkarik eskaintzen duen beste zerbitzu interesgarrietako bat, agendaren atala da. Ikastaroak, deialdiak eta irteerak taldeetan banatuta, erabiltzaileak antolatutako ekitaldiak ikusteko aukera du. Laster, gainera, edonork izango du antolatu duen ekitaldi baten berri emateko aukera. Berria.info webgunean dagoen ekitaldiak sartzeko zerbitzuari mendiko ekitaldiak sartzeko aukera gehituko diote. Horrela, mendi elkarte eta federazioek antolatzen dituzten ekitaldien berri eman ahal izango dute, zuzenean. «Papereko edizioan ezinezkoa izaten da ekitaldi guztien berri ematea tokia mugatua delako; Ibilkarin, berriz, ekitaldi guztiek edukiko dute beren lekua», azaldu du Ordoñezek.Txapelketen egutegia ere badauka Ibiltarik. Bertan, eskaladako, mendi lasterketetako eta eskiko txapelketa ofizialez gain, mendi elkarte edo kirol taldeek antolatutako herri txapelketek ere izango dute lekua. Horien berri emateko, mendia@berria.info helbide elektronikora bidal daitezke proposamenak.

Mendiaren inguruko aldizkari, liburu edota beste edozein edukiren berri ere ematen du Ibilkari kanalak Argitalpenak atalean. Bertan, BERRIAk argitaratutako liburuak ere badaude.

Erabiltzaileei ahalik eta zerbitzu osoena eskaintzeko helburuarekin, Euskal Herriko, Pirinioetako eta Europako Mendietako aterpetxeen datu basea ere bertan dute. Noski, ez daude aterpetxe guzti-guztiak, baina, horiek osatzeko lurraldeetako aterpetxe sareen atarien helbideak ere bertan daude.

Ibilkari izeneko Twitter kontua ere sarean da, jada. Erabiltzaileekin hartu-emana izateko tresna modura sortu dute. «Kontuan izango ditugu erabiltzaileen iradokizun eta eskakizunak», esan du Ordoñezek.

Aurkezpenaren bideoa, BERRIAren webgunean: www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.