Mendiko eskia

Mezzalama ikusgarriaz gozatuta, «oso gustura» itzuli dira euskal eskiatzaileak

Distantzia luzeko Munduko Txapelketa izan da aurten Alpeetako proba gogor eta historiko hori, eta Euskal Herria ordezkatuz aritu dira euskal eskiatzaileak. Egindakoarekin «pozik» bueltatu dira Igor Alzelai hautatzailea eta lehiatu diren hiru bikoteak.

2025eko Mezzalama probako euskal ordezkariak
Mezzalaman euskal selekzioaren izenean aritu diren ordezkariak Gressoneyko helmugan: Igor Alzelai hautatzailea, Loic Thevin, Asier Alosno, Aitor Ugarte, Jon Ander Aranburu, Marta Riba eta Nahia Quincoces. EMF
ramon olasagasti
2025eko maiatzaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Larunbatean egin zen mendiko eskiko Mezzalama proba historikoa, bi urtean behin Monte Rosa mendiaren magaleko glaziarretan egiten den lasterketa gogorra. 1933an sortu zen Mezzalama, eta larunbatekoa 24. ekitaldia izan zen, bi urtean behin egiten baita lasterketa. Aurtengoa, gainera, distantzia luzeko Munduko Txapelketa ere bazen, eta, beraz, mendiko eskiatzailerik onenak elkartu ziren Cervinian. Hainbat euskal herritar ere bai tartean, Euskal Selekzioa ordezkatuz: Nahia Quincoces mendexarra Marta Riba kataluniarrarekin aritu zen; Axier Alonso oñatiarra Loic Thevin frantziarrarekin; eta Jon Ander Aranburu zumarragarra eta Aitor Ugarte aramaioarra elkarrekin aritu ziren. Mezzalama, berez, hiruko taldetan izaten da, baina Munduko Txapelketa izan denez, aurten bikoteka egin da lehen aldiz.

Breuil-Cervinian abiatu eta Gressoney-La-Trinite herrian bukatu, 45 kilometro ditu denera Mezzalamak, eta goranzko desnibela ia 3.000 metrokoa da. Goi mendian, 4.000 metro inguruan egiten da ibilbide gehiena, eta 4.000 metroko hiru gain ere igotzen dira: Castore, Naso del Lyskamm eta Roccia della Scoperta. Gainera, ibilbidearen parte handi bat glaziar eremuan denez, taldekideek soka berari lotuta joan behar dute segurtasunagatik, arrakalak izateko arriskua gutxitzeko, eta horrek areago zailtzen du ibilia.

«Mendiko eskiko lasterketarik alpinoenetako bat da Mezzalama, batez ere garaiera handian igarotzen den denboragatik eta ibilbide luzeagatik, eta ikaragarri ederra da»

NAHIA QUINCOCESMendiko eskiatzailea

Aurten, zorioneko izan dira antolatzaileak eta eskiatzaileak: bete-beteko antizikloia izan dute, elur baldintza onak, eguraldi bikaina, mendian ia batere haizerik ez... «Sekulako oparia izan da», aitortu du Igor Alzelaik, mendiko eskiko euskal selekzioaren hautatzaileak. «Beldurrez joan ginen, egia esan; izan ere, aipatu ziguten aurreko asteetan hiru metro elur bota zituela, teleaulkiak estali zituela eta abar, baina azkenean arazorik ez: ondo kudeatuta zeukaten elurra, eta antizikloia izan genuen asteartetik, joan ginenetik, igandera arte. Aste ederra izan da».

Aurreko asteko egun horiek, garaiera handian egotera ohitzeko baliatu zituzten euskal eskiatzaileek, gorputzak eta birikek izugarri igartzen baitute altuera 4.000 metroko langatik gora. «Uste dut altuerara egokitzeko lan ona egin genuela. Gau bat egin genuen lo Guide del Cervino aterpean, 3.500 metroan, eta hurrengo egunetan ere garaiera handian ibili ginen entrenatzen eta sokari lotuta praktikak egiten», azaldu du Nahia Quincocesek. Jon Ander Aranburuk ere esan du «garrantzitsua» izan dela egun batzuk lehenagotik han egotea eta altuerara egokitzea; are, «abantaila handitzat» dauka.

2025eko Mezzalama ikusgarriaren laburpena.

Larunbatean, 05:30ean abiatu ziren Cerviniatik, ilunpean artean. Baina elurretan irristatzen, «egunsenti ikaragarri ederraz» gozatzeko aukera izan zuten, Asier Alonsok oroitu duenez. «Egia esan, perfekziotik oso gertukoak izan ziren baldintzak. Castor eta Lyskamm gainetan haizerik ez genuen batere izan...», zehaztu du eskiatzaile oñatiarrak. Hala ere, Lyskamm gain horretan, altueraren eraginez, Loic Thevinek eta biek krisialditxo bat izan zuten, Alonsok azaldu duenez: «Ordu laurden inguruan halako zorabio moduko bat nabaritu genuen, baina ondo gainditu genuen. Talde moduan ere oso ondo hartu genuen elkar, bai gora eta bai behera oso paretsu, eta, adibidez, duela bi urteko denbora ordu eta 15 minutu hobetu genuen. Beraz, oso pozik gaude, egindakoagatik eta batez ere taldean igarotako egun bikainengatik».

«Ahalik eta ondoen egitea eta helmugara ondo iristea zen helburua, postu jakin bat lortzea baino gehiago. Hori dela eta, indarrak gordez egin genuen lehen zatia, eta gero, pixkanaka aurrera jo»

JON ANDER ARANBURUMendiko eskiatzailea

Nahia Quincoces ere «oso pozik» itzuli da Alpeetatik. Laugarren Mezzalama zen harentzat. Aurrez ere Marta Riba kataluniarrarekin aritua zen urteren batean, eta aurten ere elkarrekin aritu dira, Altitoyn, adibidez. «Mendiko eskiko lasterketarik alpinoenetako bat da Mezzalama, batez ere garaiera handian igarotzen den denboragatik eta ibilbide luzeagatik, eta ikaragarri ederra da». Zazpi ordu eta 40 minutuan osatu zuen ibilbidea Quincocesek eta Ribak, etengabe «erritmo berari jarraituz» eta gozatzen. Irribarretsu eta gustura besarkatu zuten elkar Gressoneyko helmugan. Zortzigarren postuan gurutzatu zuten helmugako lerro hori.

«Txundituta eta gosez»

Aitor Ugarte aramaoiar gazteak, 22 urterekin, Grande Course zirkuituko lehen proba zuen Mezzalama; gainera, lehen aldia zuen halako proba luze batean eta  Alpeetako ingurune hartan eskiatzen. Hori dela eta, «errespetuz» joan zen Monte Rosako glaziar ingurune haietara, eta «erabat txundituta» itzuli da lekuarekin. Lagunaren bermea zuen Ugartek; izan ere, Jon Ander Aranburuk lehendik ezaguna zuen Mezzalama, eta eskarmentu hori oso lagungarri izan dute talde gisa. «Erabat fidatzen nintzen Jon Anderrez. Bikoteko beteranoa zen, eta berak gidatu nau esperientzia honetan, berak eduki du soka eramateko eta jaitsieretan zatirik zailenak aurretik egiteko ardura, eta, alde horretatik, oso babestuta sentitu naiz», adierazi du Ugartek.

«Ordu laurden inguruan halako zorabio moduko bat nabaritu genuen, baina ondo gainditu genuen. Talde moduan ere oso ondo hartu genuen elkar, bai gora eta bai behera oso paretsu»

ASIER ALONSOMendiko eskiatzailea

Jon Ander Aranburu ere gustura da egindakoarekin. «Ahalik eta ondoen egitea eta helmugara ondo iristea zen helburua, postu jakin bat lortzea baino gehiago. Hori dela eta, itsutu gabe eta indarrak gordez egin genuen lehen zatia, eta gero, pixkanaka aurrera jo. Gora egin ahala, jendea pasatuz joan ginen ia etengabe, eta helmugan, egia esan, denbora eta postu nahiko txukuna lortu genuen».

2025eko Mezzalamma
Oilarren arteko borroka: Michele Boscacci eta Robert Antonioli italiarrak eta Xavier Gachet eta William Bon Mardion frantsesak elkarren arteko lehia ikusgarrian. M. TORRI / MEZZALAMA

Azken jaitsieran, zalantza guztiak uxatuta jada, «izugarri pozik eta asebeteta» zegoen Ugarte. «Are gehiago jakin genuenean selekzioko beste kideak ere ondo ibiliak zirela eta ez zutela inolako arazorik izan. Erabateko poztasuna izan zen helmugakoa», nabarmendu du. Aramaioko gazteak aurrez esana zuen hurrengo denboraldia «mimo handiagoz» prestatzeko asmoa zuela, eta denboraldia «halako gosez eta aho zapore onarekin» amaitzeak beste bultzada bat eman dio hurrengoari begira jartzeko.

«Erabat fidatzen nintzen Jon Anderrez. Hark eduki du soka eramateko eta jaitsieretan zatirik zailenak aurretik egiteko ardura, eta, alde horretatik, oso babestuta sentitu naiz»

AITOR UGARTEMendiko eskiatzailea

Jon Ander Aranburuk nabarmendu du eskiatzaile munduko onenen artean Euskal Herria ordezkatzea  «plazer bat» izan dela haientzat. Igor Alzelai hautatzaileak ere azpimarratu du «pribilegio bat» izan dela federazioaren laguntza jasotzea eta euskal selekzioa ordezkatuz Munduko Txapelketara joan ahal izatea. «Sari moduko bat da urte osoan egin duten lana borobiltzeko. Postuei begiratuta, munduko onenen artean ibili gara, eta hori kontuan hartu behar da. Maila izugarria da Alpeetan; ikuspegia aldatu egiten da han. Jendea oso goian bizi da, elurretan; egunero atera daiteke eskiatzera, gu korrika ateratzen garen moduan, jaisten ere sekulako aldea dago... Eta hala ere, gu hor gaude, eta bada zerbait».

«Ikuspegia aldatu egiten da Alpeetan. Jendea oso goian bizi da, elurretan; egunero atera daiteke eskiatzera, gu korrika ateratzen garen moduan, jaisten ere sekulako aldea dago... Eta hala ere, hor gaude, eta bada zerbait»

IGOR ALZELAIEuskal selekzioko hautatzailea

Alpeetako eskiatzailerik onenen arteko lehia ikusgarria izan zen, batez ere gizonezkoen artean. Oilarren artean oilarrenak, batetik, Xavier Gachet eta William Bon Mardion frantsesak —besteak beste aurten Pierra Menta irabazitakoak—, eta bestetik, Michele Boscacci eta Robert Antonioli italiarrak, hasieratik bukaerara aritu ziren elkarri mokoka, lehia ikusgarrian. 45 kilometro luze egin eta gero, italiarrak nagusitu ziren azkenean Gressoneyko helmugan, 17 segundo eskasen aldea aterata frantziarrei. Samuel Equy eta Matheo Jacquemoud izan ziren hirugarrenak, frantsesak hauek ere. Emakumezkoetan, faborito nagusiak gailendu ziren, Axelle Mollaret eta Emily Harrop frantziarrak (05.23.35). Lasterketa ederra eginda, haiengandik ia zazpi minutura helmugaratu ziren Alba De Silvestro eta Giulia Compagnoni italiarrak, eta Ilaria Veronese eta Lisa Moreschini izan ziren hirugarrenak, hauek ere italiarrak.

Hegazkin arin baten maniobra arriskutsua

Hegazkin arinaren maniobra arriskutsua.

Proba berean, hegazkin arin batek eginiko maniobra arriskutsuaren bideoa birala egin da. Eskiatzaileak Margherita aterpe aldera zihoazela, Piper hegazkin arinak haien paraleloan egin zuen hegan hasiera batean. Eskiatzaileek pentsatu zuten larrialdiko lurreratze bat zela, baina, bat-batean, sekulako ezustekoa hartu zuten: norabidea aldatuta hegazkin arina haien artetik igaro zen patinak elurretan irristatuz eta altuera hartu gabe. Arrisku handiko unea izan zen, are gehiago kontuan hartuta eskiatzaileak glaziar eremuan zihoazela elkarri sokarekin lotuta, eta pilotuarentzat ezinezkoa izango zela soka ikustea. Eskiatzaileek agintarien esku utzi dituzte irudiak –bideoan aise irakur daiteke hegazkin arinaren matrikula– dagozkien neurriak har ditzaten. Antza denez, Genevako aerodromotik aireratu zen hegazkin arina.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.