Muga baino gehiago bizkarrezur

Euskal Herriko isurialdeen banalerroan daude, besteak beste, Aralar, Gorbeiako mendigunea, Durangaldeko mendiak, Orreagatik Erronkarira eta Iratitik Orhira doazen gailurrak. Alberto Muro, Laura Sola, Jose Ramon Agirre 'Marron', Iker Karrera eta Errobert Larrandaburu 'Pipas' mendizaleak gidari, bizkarrezur horretan barneratzeko saioa da hau.

Muga baino gehiago bizkarrezur.
ramon olasagasti
2023ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Egunotan Euskal Herria zeharkatzen ari den Urmuga egitasmoari begirada mendizaleago bat eman diote Alberto Muro, Laura Sola, Jose Ramon Agirre Marron, Iker Karrera eta Errobert Larrandaburu Pipas mendizaleek, eta guztiek azpimarratu dute banalerro horretan dauden mendiak bi isurialderen muga direla izatez, baina hori baino gehiago «lurralde bati gorputz ematen dioten bizkarrezur» direla. Eta halaxe izan direla mendeetan. Herniopeko mendi martxaren harira, Joan Mari Torrealdaik halako zerbait zioen: Herniok bereizi ez, lotu egiten ditu Asteasu eta Errezil, Hernialde eta Bidania... Mendigunean zehar batetik bestera dauden bideak lokarri dira. Zain modukoak, alde batekoen eta bestekoen arteko harremana biziarazten dutenak.

Halatsu gertatzen da urmugaren alde batera eta bestera dauden ibar, eskualde eta herriekin ere. Alberto Muro mendizale bilbotarrak hiriko kaleak baino hobeto ezagutzen ditu Bizkaiko mendiak. Mendiko gida ugari argitaratu ditu, eta bereziki kutunak ditu Gorbeialdeko eta Durangaldeko mendiak. «Bi isurialdeen bizkarrezur horretan daude biak, eta Gorbeiak, esaterako, antzina-antzinatik lotu izan ditu Araba aldeko eta Bizkaiko ibarrak eta herriak, artzaintzaren eta transhumantziaren bidez batez ere», azaldu du. Errepiderik ez zegoenean, artzainak ez ezik, mandozainak, basozainak, ikazkinak, saltzaileak eta abar ibiltzen ziren Gorbeiaren iparrera eta hegora, eta haien arteko harremana oso ohikoa zen. «Orozkoko teileriara leku urrun askotatik iristen zen jendea lanera. Hortxe dugu ardoaren eta arrainaren bide entzutetsua ere, arraina Espainiako goi -lautadara eramateko eta ardoa eta artilea iparrera ekartzeko. Joan-etorri horren lekuko, txondor, saroi, etxola eta abarren arrastoa eta ondarea oso nabarmena da Gorbeiaren bi aldeetan».

Gorbeialdean, ingurunerik maiteenetakoa Itxina du Murok. «Ordu asko eta asko egin ditugu Joxe Mari Olabarria Urigoitiko [Bizkaia] artzainarekin Itxinan ibiltzen. Lexardiko txabolan, mundutik bakartuta egin izan ditu hilabeteak Olabarriak, eta hark erakutsi dizkigu Itxinako sekretu guztiak. Karst-labirinto basati hura abentura eremu bat izan da guretzat. Asko gozatu dugu hango zidorrei jarraituz, bertako txoko guztiak deskubritu arte». Eta zer diren gauzak, Itxinako lurpe arrakalatu horretan sortzen diren errekek bi isurietara, mugaz alde batera zein bestera, isurtzen dituzte beren urak.

Aralar, eremu bakar eta oso

Durangaldeko mendiak ere, batez ere Alluitzetik Anbotorako gailurreria, horma gaindiezin baten eitekoak dira, baina alde batekoen eta bestekoen harremana betidanikoa izan da. «Galtzada zahar baten arrastoak badira Atxartetik Urkiolara, eta handik Otxandio aldera. Erromes bide oso garrantzitsua zen garai batean, eta salgaien garraiorako zain nagusi-nagusia», jakinarazi du Murok. «Arrazolatik ere bi igoera zoragarri daude, bat Larranoko lepora eta bestea Zabalandira, antzinako galtzada batetik, Errekandiko sakanetik. Bi isurien arteko harremana etengabea izan da harresi horretan barna. Ur banalerro horrek bereizi baino gehiago, harilkatu egiten du herri hau eta gure izaera».

Jose Ramon Agirre Marron mendizalea Ataungo Aia auzoan sortua da (Gipuzkoa), Arbilleta baserrian, Aralarren altzoan, Nafarroako mugatik oso gertu. Marronek, ordea, mugaz gaindi lotura sentitu izan du betidanik: «Sakanako jende asko ezkondu da Ataunera, eta alderantziz ere bai. Sakanarekin lotura aspaldikoa da gure inguruan, Beasain edo Ordiziarekin baino handiagoa zenbaitetan. Aitari ere beti entzun izan diot ikazkintzan ere Etzegaratetik Lizarrustirako gain horretan ibili izan zela, urmugan». Muga administratiboa hor zen, mikeleteak hor ziren Lizarrustin, baina, patata eta ardoa ekartzera, ogia egiteko gari bila, sarri joaten ziren Ataungo Aiatik Nafarroara. «Aralarren batera eta bestera, hartu-eman hori betidanikoa eta etengabea izan da».

Aitarekin hasi zen Marron mendian, ganadua mendira eramaten. «Aia auzotik, artean ez zegoen Lareoko urtegirik, bidezidor bat zegoen Baierrateko atakara, eta handik Eniriora ateratzen ginen, eta Eniriotik Igaratzara eta gain guztietara». Ume gorria zela artean, gogoan du mendira gailur bat igotzeko helburuarekin abiatu zen lehen aldia. Aralarko gailur altuena, Sollazbizkargaña, igo nahi zuen, baina behe lainoarekin erabat galdu eta atzera egin behar izan zuen. «Handik pixka batera berriro saiatu nintzen, eta orduan bai, orduan lortu nuen. Gailurretik, urrutian, mendilerro handi bat ikusi nuen, txuri-txuri-txuria. Mendi haiek erabat txunditu ninduten. Tontor hartan, Pirinioak begien bistan nituela, sartu zitzaidan mendizaletasuna zainetaraino».

Iker Karrera mendiko korrikalaria ere Aralarren altzoan sortua da, Amezketako (Gipuzkoa) Lizeaga baserrian. Txindokipean. Eta Marronen antzera, baserriko beharrei loturik hasi zen bera ere mendira joaten. «Uda garaian, gehienetan niri egokitzen zitzaidan mendira igotzea ganadua begiratzera: ondo zeuden ala ez, ura bazuten ala ez... Nik uste garai horretan joan zirela gorpuzten nire etorkizuneko bi interesgune nagusietakoak: batetik, goragoko mendi altuagoetara joateko gogo hori, eta, bestetik, joan-etorri horiek arin eta azkar egiteko eta mendian korrika ibiltzeko zaletasun hori». Hala, igande arratsaldeetan, baserrian denbora gehixeago zuenean, bere kasa goiko tontorretara joaten hasi zen, Txindokira, Malloetako gailurretara, Ganboara...

Aralarko goiko eremu horietan, «irekitasun bat» sumatu izan du Iker Karrerak mutikotako garai haietatik. Baita Marronek ere. Biek ala biek badakite gizakiak mugarriak ezarri arren, naturak ez dakiela deus muga administratiboei buruz. Badakite Nafarroako Malloetan Araitz aldera jausten diren errekasto ugariak Araxesera doazela eta azken-azkenean Kantaurin itsasoratzen direla, eta, aldiz, Malloen altzoan bertan sortzen den Unagako putzuan lurrazpian barneratu eta inondik ere Iribasko (Nafarroa) iturburuan azaleratzen diren urak, horiek Larraun ibaira doazela, eta ibilian-ibilian, Mediterraneora. Horregatik, Karrerak eta Marronek, mugarik ez, «segida bat» ikusi izan dute beti Aralarren. «Niretzat Aralarren ez da mugarik izan; nik ere eremu bakar eta osotzat hartu izan dut beti nire ibilietan», dio Karrerak.

Mugagabetasunaren sentipen hori are nabarmenagoa da airetik. Marronek parapentea du zaletasun nagusietako bat, eta askotan egin du hegan Aralarren gainean, Malloetako tontorretatik, edo Beriain aldetik salto eginda, eta goitik mugak desagertu egiten direla dio. «Uren banalerro horren gainean hegan gabiltzala, tarteka ipar haizeak eramaten gaitu eta hurrena hego haizeak, eta aukera dugu orain Sakana aldera jotzeko orain Gipuzkoa aldean ibiltzeko... Baina goitik muga hori desegin egiten da, eremu jarraitu bat da dena». Lurralde bakar bat.

Euskal Pirinioa, enarak...

Laura Sola mendiko korrikalaria eta eskiatzailea Uztarrotzen (Nafarroa) sortua da, Erronkarin. Hainbat aldiz ibili da Lakhura, Binbaleta, Kartxela eta inguruko mendietan eskiatzen eta oinez. Mila bider igaro da Arrako lepotik, eta badaki 1850 eta 1930 bitartean urtero Erronkaribarreko, Zaraitzuko eta Ansoko (Aragoi, Espainia) hainbat neska gazte lepo hartatik igarotzen zirela, baldintza oso zailetan, neguko hilabeteak Mauleko eta Oloroeko (Biarno, Frantzia) espartin fabriketan lan egitera. Enarak edo Ainarak esaten zieten, udazkenean heldu eta udaberrian joaten zirelako, bizipoza eramaten zutelako, beltzez jantzita joaten zirelako... Urmugaren bi aldeen hartu-eman horren ordezkari ziren. Laura Sola bera ere lotura horren lekuko izana da: «Uztarrotzen gurasoek taberna zuten, eta Larraineko eta Zuberoako beste herri batzuetako artzainak asko etortzen ziren gurera, eta kantuan aritzen ziren etengabe».

Haiek ere, txikiak zirela, Donibane Garazira joaten ziren dentistarengana, eta ez Iruñera. «Laza, Jaurrieta, Abaurrea eta Ibañeta mendateak igaro behar genituen, erabat zorabiatuta eta botaka eginda iristen ginen, baina gertuago geratzen zitzaigun Garazi Iruñea baino». 20 urte pasatxo zituela hasi zen Laura Sola mendira gozatzeko joaten, eta orduan jabetu zen Erronkaribarreko mendien altxorraz. «Nik Uztarrotzen geratu nahi nuen bizitzen, eta lan aukera apurretako bat iraupen eskiko monitore izatea zen. Horretarako prestatu nintzen, eta horretan hasi nintzen lanean, eta lagunekin eskiaz eta mendiaz gozatzen. Gero mendiko eskia probatu nuen, eta iruditu zitzaidan munduan ez zegoela hoberik. Udan oinez eta korrika ere hasi nintzen, lehiatzen ere bai, eta, konturatzerako, nire aisialdi guztia mendiari loturik zegoen».

Geroztik, ezin konta ahala kilometro egin ditu euskal Pirinioetan, eskiatzen neguan eta oinez udan. «Elurra egiten duenean, adibidez, Orreagara joatea eta Lepoeder inguru horietan, etxean bertan eskiatzea sekulakoa da: mendi gandor horretan iparrera eta hegora baso zoragarriak eta malda ederrak daude». Gogoan iltzatua du mendiko eskiko Bandres-Karolo Oroimenezkoaren aldi batean, Binbaleta eta Kartxela mendien iparrera, Zuberoa aldera, prestatutako ibilbidea. «Pirinioetan asko ibili naiz, baina etxe ondoko inguru hori ez nuen ezagutzen, eta harri eta zur geratu nintzen ibilbidearen ikusgarritasunarekin».

Errobert Larrandaburu Pipas mendizale eta gidaria Larrainen (Zuberoa) sortua da, urmugaren iparrera. «Ene begiak zabaldu nituelarik, lehenik ama ikusi nuen, gero amona eta kasik hirugarren, Orhi punta. Orduan, enetako, gure mendi hauek sakratuak dira», nabarmendu du. Euskaldun den aldetik, zinez begi onez ikusten du Urmuga proiektua, baina bere ondoeza ere helarazi nahi izan du: «Asmoa hain interesgarria izanik, Zuberoako jendeak ez daki honen berri. Zuberoako jendeak ez daki batere uztailaren 28an badela kontzertu bat Iratin eta Orhi puntan. Uste dut Iparraldean eta Zuberoan asmoaren berri zabalago eman beharko litzatekeela. Zuberoan jende asko da euskaldun gisa bizi nahi duena».

«Euskara da bizkarrezurra»

Datozen egunetan, Urmuga zeharkaldia egiten dutenek aukera izango dute Azpegiko mendatetik barna, Larrandaburuk hain maiteak dituen mendietan barneratzeko. «Okabeko harrespiletatik hasi eta Orhiraino, bizkarrez bizkar etorriko dira, alde batera Nafarroa Garaia eta bestera Nafarroa Beherea eta gero Zuberoa. Gure mendiak dira, hala eskuin nola ezker. Niko Etxartek kantatzen zuen bezala, 'mugaren bi aldetik baita Euskal Herria'. Uste dut lelo hori polita dela urmugari loturik».

Larrandaburu ibilia da Himalaiako mendi handietan. 1995ean Sisha Pangman (Tibet) izan zen Gregorio Ariz, Pili Ganuza, Iñaki Otxoa de Olza eta Hegoaldeko beste hainbat lagunekin. «Ondoren, Iparraldeko lehen espedizioa egin genuen zortzimilako batera, Gasherbrum IIra [Pakistan] eta hartan Iñaki Otxoa de Olzak zubi lan oso ona egin zigun Euskal Federazioarekin. Everestera joan ginenean ere gauza bera». Asko estimatzen du Larrandaburuk bi aldeetako mendizaleen arteko hartu-emana, eta datorren urtean Euskal Mendizale Federazioaren 100. urteurrena dela eta, bat egitera deitu du: «On litzateke Iparraldean ere jarduera batzuk elkarrekin egitea, euskaraz, harreman sakon horiekin jarraikitzeko. Kirol guztietan bezala, mendian ere batasun bat egitea garrantzitsua da herria eraikitzeko».

Eta batasun hori, urmugak aldarrikatzen duen bi aldeen harilkatze hori, hizkuntzaren bidez etorriko dela aldarrikatu du Larrandaburuk: «Euskara da gure bizkarrezurra. Gu, euskal mendizale garen heinean, herri bat gara, baina behar dugu euskara erdian jarri, eta uste dut Urmugak ere lagundu dezakeela horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.