Nafarroan bideak ixten ari dira

Nafarroako Ingurumen Departamentuak zenbait eskalada eremutako ekipamenduak kentzeko eta bideak ixteko ebazpena atera du. Azken egunotan, gainera, beste eremu batzuetako bideak ere itxi ditu Madalenaitzen eta Meanon. Eskalatzaileak «oso kezkatuta eta haserre» daude.

Eskalatzaile bat, Etxauriko Axeribaldi eremuan. CARLOS VELAZQUEZ.
ramon olasagasti
2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Nafarroan bideak ixten ari dira, zentzu guztietan ixten. Ingurumeneko Departamentuak, Biodibertsitate Zerbitzuko zuzendariak maiatzaren 8an emandako ebazpenaren bidez, zenbait eskalada eremutatik ekipamendua kentzeko agindu du; alegia, bide horietako paraboltak hormatik kentzeko eta, de facto, eremu horiek desegiteko agindu du. Eskalatzaile komunitatearen haserrea eta kezka sortu ditu horrek, Ingurumen Departamentuak, «beste behin ere, aldebakarrez eta haiekin ezer hitz egin gabe hartu duelako erabakia», Jabi Berasaluze DENA Dibertsitatea eta Eskalada Nafarroan taldeko bozeramaileak salatu duenez. Neurri horien berri jaso orduko elkartu ziren DENAko kideak, FNDME Mendi eta Eskalada Kirolen Nafarroako Federazioko ordezkariak, turismo aktiboko enpresak eta ekipatzaileak, «gehiegikeria hori» eta Ingurumeneko Departamentuaren kudeaketa salatzeko: «Nafarroako eskaladari eraso egiten dio; hau da, gure historia, kultura, ekonomia, turismoa, kirola eta garapen jasangarria batzen dituen ondarearen aurka jotzen du».

Zehazki, eremu horietako ekipamendua kentzea agintzen du ebazpenak: Iñarbeko arroila, Txintxurrenea, Burgiko arroila, San Adriango labarrak, Itsusi eta Larra —guztiak erreserba naturalak— , Aralarko kontserbazio bereziko eremua (KBE), Kodes mendilerroa —Meano eta Nazar— eta Jaitz eta Eulateko eskalada eremu berria.

DENA elkartea, federazioa eta eskalatzaileak oro har, esan gabe doa, ingurumenaren alde daude, eta haien jarduera jasangarria izateko ahalegin guztia egitearen alde. «Guk betidanik zaindu izan dugu ingurumena, naturan bizi gara, batzuk horretaz bizi dira eta oso kolektibo sentibera gara ingurumenarekiko. Ingurumena ez ezik, gure jarduera ere arautzen ari dira, ordea, eta gure eskubideak zapaltzen, kirolari moduan, enpresa moduan... Horregatik eskatzen dugu horrelako erabakietan ere aintzat har gaitzatela», azpimarratu du Berasaluzek.

Iritzi berekoa da Carlos Velazquez ere. Nafarroan bide gehien ekipatu dituzten eskalatzaileetako bat da Velazquez, DENAko kidea sorreratik eta Nafarroako eskalada gidaren egilea—berriki argitaratu du Suak bigarren edizioa; euskaraz ere bai—. Velazquezen esanetan, Nafarroan, eskaladaren «oso ikuspegi negatiboa» du administrazioak. «Hainbat dokumentutan sistematikoki kriminalizatzen da eskalada: nahi duguna egiten dugula, ez dugula mugarik... Hori da haien ustea, baina oso oker daude. Areago, eskalada kriminalizatzeko ahalegin horretan, batzuetan zuzenean eta bestetan zeharka, aditzera eman izan dute Nafarroan zenbait espezie [ugatza, sai zuria, Bonelli arranoa...] hain egoera prekarioan egotearen errudunak eskalatzaileak garela, eta hori ez da horrela, inolaz ere».

Oscar Etxeberria Ingurumen Departamentuko basozaina da, eta NAET Nafarroako Altuerako Esku-hartze Taldeko sei kideetako bat. Eskalatzailea ere bada. Hura izan da Ingurumen Departamentuaren ikuspegia azaldu duena. «Hainbeste zalaparta sortu duen ebazpen hau ez dut uste, berez, hainbesteko arazoa denik. Ez dira eskalada eskolak desekipatuko, zenbait erreserba naturaletako harkaiztietan dauden eskaladarako ekipamenduak eta bideak baizik. Ebazpenean aipatzen diren zazpi eremuetatik lau zintzurrak dira, erreserba naturalak; 1996az geroztik babestuta daude legez, eta ezin da haietan eskalatu. Burgiko arroilan, adibidez, maiatzean ugatza umatzen ari da, arrano beltza umatzen ari da...Hortaz, departamentuak erabaki du ekipamendu hori kentzeko garaia dela, eta ebazpen hau atera du. Berez, atera beharrik ere ez zegoen, legeak debekatu egiten duelako horietan eskalatzea, baina, tira, departamentuak ateratzea erabaki du, eta eskalatzaileek oso gaizki hartu dute».

Velazquezek jakinarazi du, ordea, erreserba natural bakoitzaren erabilera eta kudeaketa plana desberdina dela, eta guztietan ez dela eskalada debekatzen. «Erreserba batzuetan ez dago ingurumen eraginik, eta departamentuaren plan askotan aipatu ere ez da egiten eskalada. Areago, erreserba naturaletatik kanpo dauden eremu batzuetan ere itxi nahi dituzte bideak. Txintxurreneko arroilako hormak Errekagaitzeta izena du [ebazpena ez da batere zehatza alde horretatik] eta erreserba naturalaren mugetatik kanpo dago. Ez dira zuzen jokatzen ari. Zergatik kendu nahi dute erreserbatik kanpo dagoen zerbait? Ingurumenean eraginik baldin badago, erregulatu, eskalatzeko garai jakin batzuk ezarri, baina ez debekatu».

DENAk helegitea jarri du Ingurumen Departamentuaren ebazpenaren aurka, eta auzitegiek erabakiko dute nork duen arrazoia. Azken egunetan, ordea, ebazpenean jaso gabeko zenbait eremutako ekipamendua ere kendu dutela jakinarazi du Carlos Velazquezek: «Sakanan, Madalenaitzen [Irañeta, Uharte Arakil] eta Meanon bide batzuetako lehen paraboltak zanpatu dituzte, eta oinarrian bideen izenekin dauden harriak hautsi dituzte, nik uste nahiko fede txarrez».

Ebazpenean agertzen den beste eremuetako bat Aralar da, Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE). «Ekipatzen hasi berriak zirela harrapatu genituen eskalatzaile batzuk Errazkin herriko eremu batean, udalaren eta Ingurumen Departamentuaren baimenik gabe, eta ugatzen habia aktibo batetik 80 bat metrora. Aralarko ingurune hori ugatzaren hedapen eremua da Gipuzkoarantz, Malloetan finkatzen den lehen bikotea da, eta, beraz, ekipamendu hori ezin da hor egon. Ugatzari dagokionez, daukagun eremu delikatuena da Aralar. Edozein eragozpenaren eraginari oso espezie kaltebera da; berehala uzten ditu errunaldiak, eta, beraz, kontu izan behar da».

Araudi dinamikoa aldarri

DENA ez dagoerregulazioen aurka. «Ulertzen eta onartzen dugu arautzea, baina uste dugu arautze horrek dinamikoa izan behar duela, eta guk parte hartu beharko genukeela horretan. Oraingoa oso sistema zigortzailea eta arbitrarioa da. Nik legea eskutik daukat, eta nik nahi dudana egiten dut. Mesedez, hitz egin dezagun. Guk asko maite dugu gure lurraldea. Hitz egitea, ados jartzen saiatzea, hori eskatzen dugu. Horrela, denok aterako gara irabazten», nabarmendu du Berasaluzek. Velazquezek ere irizpide objektiboetan oinarritutako erregulazioa aldarrikatu du: «Espezie babestuen habiak badaude eta haiei eragiten bazaie, babestu egin behar da ingurune hori, horretan ados gaude, nola ez gara bada egongo, baina ez basozain bati horrela iruditzen zaiolako; legeak esaten du horrelako murrizketa zorrotz bat ezarri aurretik, ingurumen inpaktuko ikerlan sakon bat egon behar duela, baina horrelakorik ez dago».

Ingurumen Departamentuaren izenean, Etxeberriak jakinarazi du egungo erregulazioa dinamikoa dela: «Otsailean, adibidez, belatz txikiak hiru habia baditu Etxaurin eta ez badakigu zeinetan sartuko den, hiru sektoreak itxiko ditugu. Jakiten badugu zer habiatan sartu den, beste bi sektoreak irekiko ditugu. Umealdiak porrot egiten duela? Bada Etxauri zabalduko dugu. Atzo Arrano Beltza sektorea zabaltzen aritu ginen, aurrez hainbat bide itxi behar izan genituelako. Bidankoze zabaldu dugu, sai zuria joan egin delako handik. Erregulazioa dinamikoa da: denbora guztian ari gara bideak ixten eta irekitzen». Eskalatzaileek diote, ordea, dinamikoa izatetik «oso urrun» dagoela erregulazioa, eremuak irekitzeko eta ixteko erabaki horiek «oso motelak» direla, eta basozainak jakinarazpena egiten duenetik erabakia gauzatzen den arte, denbora asko igarotzen dela. «Erregulazio bat dinamikoa izan dadin, eskalatzaileok ere parte hartu behar dugu. Ordu asko igarotzen ditugu horman, lehen eskuko informazioa dugu, eta askotan guk geuk abisatzen diegu bideak ixteko. Duela gutxi, Etxauriko Botellon sektorean ikusi genuen belatz txiki bat sartzen zela zulo batean. Largabistekin begiratu, eta ikusi zuten habia bat zegoela. Departamentuari jakinarazi genion, eta gure sareetan argitaratu genuen horren berri, sektore horretako bospasei bideetan ez eskalatzea eskatzeko. Hori betidanik egin izan dugu», azaldu du Berasaluzek.

Elkarrizketa mahaia

Alde horretatik, elkarrizketarako mahai bat eratzea eskatzen dute DENAk, Mendi eta Eskalada Federazioak, turismo aktiboko enpresek... Ingurumen Departamentuko basozainak, Etxeberriak, ordea, legearen muga aipatu du: «Mahai bat? Bai, baina zertarako? Hitz egingo da, negoziatuko da, baina, azken batean, legeak baimentzen duena baino ezin da negoziatu. Gustatu ala ez, lege batzuk daude, eta legeak dio ezin dela eskalatu erreserba naturaletan. Hortaz, administrazioak edukiko duen tartea legeak adierazitakoa izango da. Elkarrizketa-mahai bat eratuko da, kontseilariak horrela adierazi du, aldeak eseriko dira, eta negoziatu beharrekoa negoziatuko dute, baina legeak ezarritako mugen barnean betiere».

DENAko kideek azaldu dute, azken urteotan, erregulazioen ondorioz, eskalatzeko bide asko galdu dituztela. Horretarako, Nafarroako harkaizti guztiak neurtu dituzte luzetara, Sitnaren bidez (Nafarroako Lurralde Informazio Sistema) ikusteko harkaitzen zer ehunekotan eskalatzen duten, eta ondorio argia atera dute: «Erregulazioak ezarri aurretik, harkaiztien %9,2tan eskalatzen genuen, eta erregulazioen ondoren, lehen eskalatzen genuen eremuen %30 edo gehiago galdu dugu urtearen zati handi batean. Gaur egun, Nafarroako harkaizti guztiak kontuan hartuta, %6,44tan bakarrik ari gara eskalatzen. Beraz, gezurra da nahi dugun lekuan eskalatzen dugun kontu hori. Gaur egun 2.142 bide ditugu debekatuak. Espainian bide debekatu gehien duen autonomia erkidegoa gara, alde handiz. Ados nago, eskalada arautu egin behar da. Argi dago kasu batzuetan gure jarduerak eragina izan dezakeela hegaztien habiak egiteko ohituretan, eta hori arautu egin behar da. Alde horretatik, erregulazio eta debeku horietako batzuk arrazoizkoak dira, baina denak ez».

Velazquezen iritziz, zenbait espezie galdu izanaren edo hain larri egotearen arrazoia espezie horien ekosistemak aldatu izana da. «Nekazaritzako eredu estentsiboan pestizidak erabiltzen dira, eta Bonelli arranoak, adibidez, ez dauka bere harrapakinak [erbiak, muskerrak, eta abar] ehizatzeko leku egokirik... Gure bizimodu eredua da espezie horien arazo nagusia. Berdin gertatzen da hartzarekin, otsoarekin...». Ingurumen Departamentuaren izenean, Oscar Etxeberria basozainak ere onartu du eskalada ez dela faktore bakarra, mila daudela. «Sai zuriari gehien eragiten dizkioten faktoreetako bat abeltzaintzaren beherakada izan daiteke, jatekoa gutxitzen bazaio, sai zuriaren populazioa ere gutxitu egin daitekeelako, baina horri gehitzen badiozu harkaiztietan presio bat jasan behar duela, agian beste leku batera joan behar du habia egitera, eta agian leku hori ez da hain egokia. Eskalada ez da arrazoi nagusia, baina eskaladak, ingurune naturalaren erabilera orok bezala, bere aletxoa jartzen du gauzak ez daitezen guk nahiko genukeen bezain ondo egon. Baina ez, ez da eskaladaren errua espezieak galtzeko arriskuan egotea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.