«Neguak bota gaitu»

Alex Txikon mendizaleak esan du fisikoki ondo egon arren Everestera igotzeko ahalegina bertan behera uztea izan zela «zentzuzkoena»

Alex Txikon, espedizioari buruzko azalpenak ematen, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2017ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Zapore gazi-gozoarekin. Halaxe itzuli da Alex Txikon alpinista Everest (8.848 metro) oxigenorik gabe eta neguan igotzea helburu zuen espediziotik. Esan du baldintza meteorologikoak «muturrekoak» izan direla, eta hori kontuan hartuta etxera onik itzultzea «lorpena» izan dela. Baldintza horiek zertxobait hobeak izan balira, ordea, posible zatekeen tontorrera heltzea, haren arabera. «Fisikoki, gero eta indartsuago nengoen. Neguak bota gaitu, ez mendiak». Herenegun Loiuko aireportuan egin zioten harreran adierazitakoa berretsi du: prest dago datorren urtean berriz ahalegintzeko. Lemoako (Bizkaia) mendizaleak espedizioko kideen lana goraipatu du: «Dena eman dute, akituta geratzeraino».

Hilaren 9an espedizioa bertan behera utzi eta gero, herenegun itzuli zen Txikon Euskal Herrira, eta hari buruzko xehetasunak eman zituen atzo, Bilbon. «Zentzuzkoena eta komenigarriena egin genuen; ezin genuen gure bizia arriskuan jarri», uste du Txikonek. Mendizaleak nabarmendutakoaren arabera, «muturreko hotza» izan dute. «Beheko kanpalekura iristean, sentsazio termikoa 60 gradu zero azpikoa zen, eta 75 gradu zero azpikoa ere izan zen». Baina hotzetik harago, haizea izan da haien traba nagusia. Orduko 100 kilometroko ufadak ere izan zituzten. «Batzuetan, haizeak ez zigun mugitzen uzten ere. Supermanek ere ezingo zuen aurrera egin baldintza horiekin. Ufada horiek, gainera, egunero izaten ziren».

Dena den, une gogoangarriak eta ahaztezinak ere izan dituzte aste hauetan. Horien artetik, Reinhold Messnerren bisitarekin geratu da Txikon. Messner izan zen hamalau zortzimilakoak igo zituen lehen mendizalea, eta bisita egin zien martxoaren 6an. «Energia ikaragarria eman zidan haren bisitak». Ez du ahaztuko, era berean, laugarren kanpalekura iritsi, eta beste ahaleginik ez egitea erabaki zuten unea. «Hegoaldera begiratu, eta mendi haien guztien handitasuna sumatu nuen. Gogorra zen momentua, baina baita zoriontasun betekoa ere, mendi haiek parez pare edukitzeagatik».

82 egun iraun du abenturak. Txikon eta haren espedizioko kideak abenduaren 25ean abiatu ziren Katmandura. Urtarrilaren 4an iritsi ziren Everesteko oinarrizko kanpalekura. Lehen ezustekoa urtarrilaren 23an izan zuten, Carlos Rubio espedizioko kidea bigarren kanpalekutik Katmandura eraman behar izan baitzuten biriketako arazoekin. Otsailaren 14an egin zuten igotzeko lehen ahalegina, baina, eguraldiaren muturreko baldintzen erruz, ahalegina hutsala izan zen. Dena den, indarrez zegoela berretsi zuen Txikonek, eta prest zegoela beste behin saiatzeko.

Eguraldiaren baldintzak, ordea, ez ziren aldatu, eta hilaren 9an beheko kanpalekura jaitsi, eta saiakera gehiago ez egitea erabaki zuen. Eguraldia txarra izatearekin batera, harekin batera zihoazen xerpak oso nekatuta zeuden, eta, baldintzak ikusita, ez arriskatzea erabaki zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.