Tza Dawa, tza Mingmar, tza Lhakpa, tza Phubu, tza Pasang, tza Pemba, tza Ngima horra hor sherpa egunak. Gure astelehena, asteartea, asteazkena, osteguna, ostirala, larunbata eta igandea. Sherpa askok astegunen izenetatik hartzen dute beraiena. Igandean jaioz gero, agian Ngima jarriko dizute. Dawa astelehenean jaioz gero, edo Pemba larunbatean munduratua izan baldin bazara. Gaur, Ngima Kantza lagunarekin, Thame herrira etorri gara; negua heltzen ari da, eta elur pitin bat egin digu Thamera iristean. Ngima Kantza, bere izena adierazten duen bezala, igande batean sortu zen. Eta familiako azken semea izan zenez, Kantza da. Hau da, familiako azken semeari, gazteenari, Kantza jartzen diote; Kantxi, berriz, azken alaba izan bada. Hala ere, izen guztiak ez dira jaio diren astegunari lotuak. Badira beste batzuk: Sonam Tashi, esaterako, beren erlijioarekin lotura dutenak. Sonam lama askoren izena izan da; Tashi, berriz, zorte onekoa izan zaitez.

Mingmar Doma baldin bazara, astearte batean jaio zinen seinale da, eta familiako lehendabizikoa eta neska izan zarela.
Pemba Tsering izanez gero, larunbat batean jaioa zara, eta Tsering zara bizitza luzekoa izango zarelako. Ez da familiaren abizenaren arrastorik sherpen izenetan, eta, gure kulturatik ikusita, bada harrigarria, familiarekin lotura galtze hori. Sherpa egutegia ilargiarekin lotuta dago, eta naturarekin oro har. Era horretan, izenaren bitartez, familiarekin baino gehiago, naturarekin lotzen dira. Pentsa dezakegu horrela izanik sherpa familiek loturarik ez dutela, baina ez da horrela. Familiak oso lotuta bizi dira; are gehiago, hainbat familiak klanak osatzen dituzte, zabalak eta indartsuak, eta lagundu egiten diote elkarri.
Ngima Kantzari bere aurrekoen izenei buruz galdetu diot: Ang Zong ama, Pasang Norbu aita, Ang Doma amona, Pasang Norbu aitona.
–Ez al dakizu gehiago?
–Ez.
–Eta ez zaizu axolarik?
Sorbaldak altxatu, eta muturra okertu du, «zer egingo diagu» esanez; ondoren, irribarre bihurri bat etorri zaio ezpainetara.