Mendia. Lasterketak. Nerea Martinez. Mendi korrikalaria

«Ni, une honetan, ezingo nintzateke bizi hau gabe»

Ultratrailetako munduko lasterkari onenetako bat da. Tor des Geants bigarren amaitu eta astebetera, gorputza bere onera bueltatzen ari zaio oraindik. Sentipen gazi-gozoekin bueltatu da Courmayeurtik, garaipena «lapurtu» egin diotela uste baitu.

2013ko irailaren 20a
00:00
Entzun
91 ordu egin ditu mendian korrika bere azken erronkan: Tor des Geants. Lasterketa amaitu eta astebetera hitz egin du BERRIArekin. Proba gogorra izan da, eta gorputza oraindik ere bere onera bueltatzen ari da. Baina elkarrizketak bi osagai nagusi izan ditu: baikortasuna eta irribarrea. Nerea Martinez iruindarra da jaiotzez, baina 17 urte daramatza Madrilen bizitzen. 41 urte beteta dauzka, eta 24 daramatza mendian korrika.

Igerilari, triatleta, raider eta korrikalari. Ez dago zalantzarik: kirolaria zara. Baina nondik datorkizu zaletasuna?

Bederatzi urterekin hasi nintzen igerian; ondo moldatzen nintzenez, txapelketetan ere hartzen nuen parte. Orduan, korrika ere egiten nuen tarteka, igandeetan, igeriketa probarik ez neukanean. 17 urterekin, Iruñeko maratoia egitea bururatu zitzaidan. Ia ez nintzen entrenatu, eta irabazi egin nuen. Orduan, igeriketa utzi eta korrika hasi nintzen.

Mendian korrika hasi aurretik, ordea, triatloian ere aritu ziren.

Bai, igerian ondo moldatzen nintzenez eta korrika ere gustura nenbilenez, 18 urterekin bizikleta erosi eta triatloia probatu nuen. Ondo moldatu nintzen. Espainiako Federazioak beka bat eman zidan Goi Mailako Errendimendu Zentroan triatloian aritzeko, eta orduan etorri nintzen Madrilera. Bi urtez nazioartean lehen postuetan ibili nintzen. Orduan, Ironman probatu nuen, eta argi ikusi nuen distantzia luzeak zirela niretzat egokienak.

Triatloitik raidetara egin zenuen gero. Eta beti esan izan duzu raidei esker hasi zinela mendian korrika.

Bai, 26 urte neuzkala, triatloian buru-belarri ari nintzela, Olinpiar Jokoak jarri genituen helburu gisa. Distantziak, ordea, ez ninduen betetzen, laburregia zen niretzat. Zalantza asko neuzkan, ez nekien zer egin, eta halako batean abentura raidak egiten zituen lagun talde bat ezagutu nuen. Goi mailako errendimendu zentroa utzi, eta beste etapa bat hasi nuen. Raidetan denetarik egiten genuen: mendian korrika, arraunean, bizikletan, patinetan, zaldian... Lau eta zortzi egun bitarte egiten genituen gelditu gabe. Mendian asko ibiltzen ginenez, mendi lasterketa bat probatu nuen. Oso ondo moldatu nintzen, eta Madrilgo Mendi Federaziotik deitu zidaten. Halaxe hasi zen nire ibilbidea mendi lasterketetan.

Mendian korrika egitetik ultratrail bat egitera, ordea, alde handia dago. Zer behar da halako neurrietan ibiltzeko?

Nik ez daukat aparteko dohain berezirik honetarako. Oso kaskagogorra naiz, eta langilea, hori da nire ezaugarri onena, eta lortu dudan guztia eguneroko lanari esker lortu dut. Lasterketa motzetan entrenamendu biziak egin behar dira, serieak eta bestelakoak, abiadura hartzeko; lasterketa luzeetan, aldiz, erritmoa ez da hain garrantzitsua. Orduak, kilometroak eta desnibela pilatzea da garrantzitsuena. Nik hamar urte egin nituen raidetan lehiatzen, eta horrek oinarri handia eman zidan lasterketa luzeak egiteko. Horregatik, hobeto moldatzen naiz proba luzeetan.

Zer ematen dizu mendian korrika egiteak?

Mendian libre sentitzen naiz, eta oso gustura neure buruarekin. Lasterketetan ordu asko egiten ditugu korrika eta denbora asko izaten dugu pentsatzeko: familian, lagunengan... Pentsamendu negatiboak ere sortzen zaizkit tarteka (merezi ote du sufrimendu honek?). Halakoetan, pentsamendu positiboa izaten saiatzen naiz. Hori guztia kudeatzen jakiteak bizitzarako ere balio dit, arazoei beste era batera aurre egiteko. Neure gorputzarekin eta buruarekin edozein lekutara irits naitekeela ikusteak indartsu egiten nau. Baina hau guztia ulertzeko, gustatu egin behar zaizu. Ni, une honetan, ezingo nintzateke bizi mendian korrika gabe.

Gatozen 2013ko denboraldira. Geure begietara biribila izaten ari da. Zer diozu zuk?

Urte arraroa izaten ari da niretzat. Proba askotan oso emaitza onak izan ditut, baina, aldi berean, bi lasterketa utzi ditut bertan behera, lehenengoz nire bizitzan. Andorran izan zen bat, Ronda del Cims lasterketan (170 km) eta Pirinioetan bestea, GRP proban (160 km). Bronkitisaren ondorioz izan zen lehenengoan; bigarrengoan, berriz, hanketan arranpak izan nituen eta deshidratatu egin nintzen. Bi esperientzia horiek izanda, kezkatu eta beldurtu egin nintzen, agian ez nengoelako uste nuen bezain indartsu.

GRPkoa gertatu zitzaizunean bi aste baino ez ziren falta urteko helburu nagusirako: Tor des Geants. Baina, hala ere, egin egin zenuen.

Bai, Pirinioetako lasterketan gertatutakoak zalantza asko sortu zizkidan, Torrerako azken testa zelako. Etxean ere kezkatuta zeuden. Nik banekien gorputzez ondo nengoela, baina zenbait gauza bereziki zaindu beharko nituela Tor des Geants ondo egiteko. Jana eta edaria, esaterako, oso garrantzitsuak dira. Lasterketa askotan gertatu zait konturatu gabe zortzi ordu egitea jan edo edan gabe, eta hori ez da komeni. Tor des Geantsen asko zaindu dut dena, anoa postu guztietan jan eta edan dut. Lasterketan murgilduta zoazenean, orduak eta kilometroak aurrera doaz, askotan ahaztu egiten dituzu halako gauzak, eta konturatu gabe arazoak sor litezke gutxien espero duzunean.

330 kilometro eta 24.000 metrokodesnibel positiboa. Munduko ultra-trail gogorrena da, zalantzarik gabe. Nolako esperientzia izan da?

Esperientzia ikaragarria izan da niretzat, oso ona. Raidetan taldean joaten zara; hemen, berriz, bakar-bakarrik. Erabaki guztiak norberak hartu behar ditu: arropa noiz jantzi edo erantzi, noiz lo egin, zer jan. Alde horretatik, esperientzia berria izan da niretzat. Ordu asko egin ditut bakarrik korrika, gauez, gainerako korrikalariak atzean edo aurrean zihoazen jakin gabe. Hori guztia kudeatzeko gai naizela sentitzeak indartsuago egin nau. Tor des Geants amaitu ostean ikusi nuen lasterketa formatu hau dela niretzat egokiena. Ez du zerikusirik orain arte egindakoekin. Lehia baino gehiago, abentura izan da.

91 ordu izan dira ia gelditu ere egin gabe. Nola moldatu zara horren proba gogorra ia lorik egin gabe egiteko?

Raidetatik banekien zer den luzaroan lorik ez egitea. Nahasia sentitzen zara, galdua bezala. Torren, ordea, ez dut halako sentsaziorik izan. Nik neuk erabakita bi geldialdi egin nituen, bina ordukoak, besterik ez. Nekatuta sentitu naiz, noski, hankak astunduta, eta igoera askotan himalaisten moduan oso poliki joan naiz. Baina gainerakoan oso ondo sentitu naiz. Buruak ere asko lagundu dit, oso baikor joan naiz-eta lasterketa osoan. Oso pozik itzuli naiz sentipen horiengatik.

Lehia estua izan zenuen Canepa italiarrarekin. Ibilbidearen erdialdean aurrea hartu zenion, eta bi orduko errenta ere lortu zenuen. Azkenean, bigarren izan zinen helmugan. Zer balorazio egiten duzu?

Sentimendu gazi-gozoa daukat emaitzarekin, gauza arraroak gertatu zirelako lasterketan. Lehen postua lapurtu didatela esango nuke. Caneparen denborak ikusita, partzial asko ez ziren oso normalak. Lasterketan izan zuen laguntzak ere eman du zeresanik: ni, bakarrik joan nintzen; bera, berriz, lagunduta ibilbide osoan. Hori nahikoa ez eta 230. kilometroan arazo handia izan nuen bideko markekin: zintak agertu eta desagertu egiten ziren bidean. Baserri batean laguntza eskatu behar izan nuen. Negarrez nengoen, builaka, nahasita erabat. Tentsio handiko uneak izan ziren. Herrira jaitsi eta dena kontatu nien taldekideei. Orduan egin nuen lasterketako bigarren geldiunea, lo egin, lasaitu eta eta une hartatik aurrera zer egin erabakitzeko. Nire esku ez zegoen zerbaiten aurka ari nintzen lehian, eta behera etorri nintzen. Hala ere, jarraitzea erabaki nuen. Lehen postua eta lehia albo batera utzi eta lasterketa amaitzea erabaki nuen, aurkarietan pentsatu gabe.

Beste korrikalari batzuek ere salatu dute antzeko zerbait. Neurriren bat hartzea pentsatu duzu?

Oso gauza ilunak gertatu ziren lasterketan, baina nik ez dut kontua gehiago nahasi nahi. Nire babeslea ere, Salomon, jakinaren gainean dago. Ez dakigu kontuak zer emango duen, baina hau ez da batere ona lasterketarentzat. Jende guztiak daki zer gertatu den eta haserre gaudela. Datorren urterako neurriak hartu beharko dituzte, lasterketa pikutara joan liteke-eta, bestela. Lasterketa bakarrik egin behar den edo lagunduta egin daitekeen, esaterako, ez dago ongi araututa. Bideko markekin nahasterik ez edukitzeko ere aski da GPS bana jartzea korrikalariei. Auzi honetan askok argudiatu dute lo faltaren ondorioz haluzinazioak eduki nituela, baina ez da egia. Oso pozik nago errendimenduarekin eta oso lasai daukat barrua. Horrekin geratzen naiz.

Hori guztia entzun ostean. Datorren urtean, Tor des Geantsera berriro?

Helmugan sartu nintzenean, 'kito' esan nuen, ez nintzela berriz joango. Baina hurrengo egunean, atseden hartuta eta dena aztertuta, konturatu nintzen hau dela niri gustatzen zaidana, hau dela egin nahi dudana. Eta bai, ondo bidean, datorren urtean ere Tor des Geants izango da nire helburu nagusia.

Dena den, zuretzat urtea oraindik ez da amaitu. Hemendik aurrera zer?

Urriaren 5ean Toubkaleko ultra-traila egingo dut (105 km). Oso ongi nago moralez, giharrak eta artikulazioak ere oso ongi ditut, baina gorputza hankaz gora daukat oraindik. Kilometro asko pilatu ditut urte osoan, eta atsedena behar dut. Ez naiz %100ean joango, baina Toubkaleko ultratraila urte osoan egindako lanaren saria da niretzat. Gainera, oso esperientzia ezberdina izango da. Kanpaleku batean sartuko gaituzte korrikalari guztiok, eta gainerakoekin bizi beharko dut. Lehiatzera baino gehiago abentura bizitzera joango naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.