Oihana Kortazar Espainiako txapeldun bertikalean eta mendi lasterketan

Onditz Iturbe bigarren izan da bi probetan. Bestalde, Enkarterrietan abiatu da Euskal Herriko Kopa. Ultra distantzian, Oihana Azkorbebeitia eta Ioseba Eskudero izan dira garaile. Berako maratoi erdian, Maddalen Jimenez eta Iñaki Olano nagusitu dira.

Oihana Kortazar
Oihana Kortazar Candeladako proban (Avila, Espainia). RFEA
ramon olasagasti
2024ko apirilaren 18a
10:50
Entzun

Aurreko asteburuan trail-runningeko hainbat lasterketa izan ziren batean eta bestean. Avilako (Espainia) Candelada herrian Espainiako igoera bertikaleko eta traileko txapelketak jokatu ziren larunbatean eta igandean, hurrenez hurren. Trail El Guerrero probak hartu zituen bi hitzordu ofizialak. Oihana Kortazar (Elgeta, Gipuzkoa, 1984) izan zen garaile hala bertikalean nola mendiko lasterketan, eta haren atzetik, bi probetan bigarren, Onditz Iturbe sailkatu zen (Igorre, Bizkaia, 1991).

Aurten 40 urte bete arren, sasoi beteko dago Kortazar, eta halaxe erakutsi zuen asteburuko bi lasterketetan. Larunbatean, bertikalean, 440 metroko altueratik abiatu eta 7,5 kilometroko distantzia egin ondoren, 1.490 metrora igo ziren lasterkariak (kilometro bertikala, beraz). Kortazarrek hasieratik hartu zuen aurrea, eta helmugako lerroraino eutsi zion lasterketaren buruari. Iturbe izan zen bigarren eta Ainhoa Sanz urretxuarra (Gipuzkoa) laugarren.

Igandean, mendiko lasterketan (16 kilometro eta 840 metroko goranzko desnibela), orpoz orpo aritu ziren Kortazar eta Iturbe. Kilometro gehienetan aurretik ibili zen Kortazar, baina Iturberen arnasa oso hurbiletik sumatzen zuela. Une batez, gainera, aurrea hartu zion igorreztarrak, baina azken jaitsieran Kortazarrek erritmo bizia jarri zuen, eta garaipena eskuratu zuen azkenean. Ikran Rharsall izan zen hirugarren, eta Ainhoa Sanz bosgarren.

Gizonezkoetan, bai bertikalean eta bai mendiko lasterketan, Jan Torrella 20 urteko kataluniar gaztea izan zen txapeldun. Taldekakoan, nesketan, Durangoko Kirol Taldea nagusitu zen, eta Goierri Garaia bigarren izan zen.

Sailkapenak: igoera bertikalekoa eta mendiko lasterketakoa.

Enkarterri Extrem Trails

Enkarterrietan, Zaramillo herrian hain zuzen (Bizkaia), Enkarterri Extrem Trails lasterketak jokatu ziren, hiru distantziatan: 21 km, 42 km eta 60 km. Hego Euskal Herriko bi mendizale federazioek antolatutako Euskal Herriko Kopako lehen probak izan ziren horietako bi: 21 km-koa, lineakoa eta 60 km-koa, ultra distantziakoa. Ultra distantzian (60 km eta 3.890 metroko goranzko desnibela), Oihana Azkorbebeitia izan zen garaile. Euskalmushing taldeko korrikalari abadiñarrak 7 ordu, 25 minutu eta 38 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Gainera, probako errekorra hautsi zuen, aurrekoari ordu erdi baino gehiago janda. Bigarren, Mayi Mujika Soronea Ammma taldeko urretxuarra izan zen, eta hirugarren, Amaia Larreategi beasaindarra. Gizonezkoetan, Ioseba Eskudero Euskalmushing talde bereko idiazabaldarra nagusitu zen (6.13.06), Igor Olalde aretxabaletarraren (6.20.52) eta Iraitz Legorburu getariarraren (6.27.05) aurretik.

Enkarterri Extrem ultra distantziako probaren podiuma
Enkarterri Extrem ultra distantziako probaren podiuma. ENKARTERRI EXTREM

Lineako proban (21 km eta 1.380 m+), Larraitz Etxebeste oiartzuarrak eskuratu zuen garaipena, Oihana Zubillaga anoetarra izan zen bigarren eta Irune Velez de Mendizabal gasteiztarra hirugarren. Gizonezkoetan, berriz, Hodei Samaniego sestaoarrak lortu zuen garaipena, Iñigo Uribetxeberria legazpiarraren eta Jon Betolaza bilbotarraren aurretik.

Enkarterri Extrem Trails probetako sailkapenak.

Maddalen Jimenez eta Iñaki Olano, Berako maratoi erdian

Igandean jokatu zen mendiko lasterketen artean beteranoenetako bat: Berako maratoi erdia, Manttale taldeak antolatuta. Lasterketaren 18. ekitaldia izan zen, eta Maddalen Jimenez beratarra (Nafarroa) eta Iñaki Olano altzotarra (Gipuzkoa) izan ziren garaile. Ia 500 lagunek hartu zuten parte Berako lasterketan, bero itogarri samarrarekin.

Iñaki Olano korrikalaria
Iñaki Olano nagusitu zen Berako maratoi erdian, bere lehen partaidetzan. ANE MOLINERO

Emakumezkoetan, lehen aldiz izan zen garaile herriko alaba bat: Maddalen Jimenez. Iaz bigarren izan zen, eta aurten lasterketaren buruan joan zen ia proba osoan, Itxaro Zabaleta leitzarra eta Maud Combarieu hendaiarra atzetik zituela. Hurrenkera horretan igo ziren, azkenean, podiumera. Gizonezkoetan, Iñaki Olanok lehen aldia zuen Beran, eta aurrenekoan garaipena eskuratu zuen, Damien San Martin eta Xabier Macias atzetik zituela. Azken zortzi ediziotako garailea, Oier Ariznabarreta durangarra, ez zen Beran izan.

Berako maratoi erdiko sailkapenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.