Mendia. Horma handiak

Oihaneko uharteak

Adolfo Madinabeitiak eta Jose Carlos Delgado 'Wei'-k 'MadinaWei' bidea ireki dute (7b+/7c, A2+) Amazoniako Acopan mendian, Venezuelan. Gorabehera handiko bidaia izan dute.

Venezuela eta Brasilgo mugatik gertu dago Acopan tepuia. ADOLFO MADINABEITIA.
2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Adolfo Madinabeitiaren (Agurain, Araba, 1959) eskaladek beti dute ukitu berezi bat. Horma handiak eskalatu zalea da Madinabeitia, eta bateko eta besteko mendietan utzia du arrastoa. Pakistango Amin Brakken (5.850) Namkor bidea ireki zuenekoa, 2000. urtean; Yosemiteko Kapitain hormatzarrean lau bide eskalatu zituenekoa, 2002an —Jolly Roger eta Reticent Wall Juan Mirandarekin eskalatu zituen, eta Sea of Dreams eta Pacific Ocean, bakarrik—; eta Karakorumgo Trangoko Dorre Handian (6.175) Itzulerarik gabeko bidea igo zuenekoa dira arrasto horren erakusleetako batzuk. Azken urteetan badu eskaladarako eremu gustuko bat: Venezuelako tepui mendiak. Haietako batean, Acopanen, utzi du arrastoa oraingoan, Jose Carlos Delgado Wei nafarrarekin: MadinaWei ireki dute, 7b+/7c eta A2+ zailtasuneko bidea, eta 400 metro eta 11 luzekoa.

Antzinako munduaren zaindari isilak dira tepuiak. Venezuelako Amazoniako oihan itxian daude, eta itsasoan uharteak nola, gisa berean altxatzen dira sabana zabalean. Baso itxiek inguratzen dituzte, eta haietara iristea lan nekeza izaten dute eskalatzaileek. «Tepui gehienetan debekatuta dago eskalatzea, eta ezkutuan ibili behar izaten dugu. Herrialde nahasia da Venezuela, eta legez egin ezin dena ere egin daiteke, eroskeria bidez; ustelkeria handia dago. Trekking konpainiek irteerak prestatzen dituzte tepuietara, eta ez dute arazorik izaten», dio Madinabeitiak.

Bost eguneko eskalada baten emaitza izan da MadinaWei bidea. Bide dotorea, Madinabeitiaren hitzetan. Duela bi urte ere Acopanen izan zen, eta Andre Vamcampenhoudekin Mundo perdido bidea ireki zuen. MadinaWei bide hartatik ezkerrera dagoen horma batean ireki dute. Beste ezaugarri batzuk ditu eskaladak: «Erreferentea izango da. Hogei bat bide badira inguru hartako tepuietan, baina hain bide garbirik eta dotorerik topatzea zaila ikusten dut».

Himalayako edo Alpeetako mendi elurtu, hotz eta jendetsuetatik urrun, Venezuelako Amazonia bero, heze eta bakartian eskalatu dute. Bi belaunalditako eskalatzaileak dira Madinabeitia eta Wei, eta hori agerian geratu da ireki duten bidean. «Aurrez bakarrik joanda ireki ditudan bideen aldean, oso desberdina da, eta nik neronek eskerrak eman behar dizkiot Weiri. Librean gehiago eskalatu dugu, eta artifizialean gutxiago, egungo eskalada moldeekin bat etorriz. Gaztetasunaren energia jarri du hark eta zakur zaharraren makurkeria nik. Horiei gu bion ilusioa gehitu behar zaie», azaldu du Madinabeitiak Venezuelan bizi izandakoa.

Bost eguneko jarduera izan dute, eta lau gau pasatu dituzte horman. «Eskalatzen ari ginen neurrian komentatzen genion elkarri: 'Nola da posible orain artean ireki gabeko eremua izatea?'». Bideak 11 luze ditu eta 400 metroko luzera. Hareharrizko hormak dira. «Friendak, fisureroak eta sokak eramatearekin nahikoa da eskalatzeko. Gainerakoan, bilerak paraboltekin prestatu ditugu, eta informazioa, bertako indigenen esku utzi. Inguru hartan hogei bat bide egongo dira, Amuri, Acopan eta beste pare bat tepuitan. Mendigune horiek bihurtuko dira eskalatzaileentzat erreferentea, ez baitu zentzurik beste mendi batzuetan eskalatzeagatik eskatzen duten dirutza ordaintzea. Oso leku erosoa da eskalatzailearentzat, eta hango indigenek ere beraientzat gure jarduera errentagarria dela barneratu dute. Etekina ateratzen dute, prezio bidezkoa eskatzen, eta oso jende atsegina da».

Bost eguneko eskalada osatu eta gailurrera iritsi zireneko unea du bereziki gogoan Madinabeitiak: «Oihanaren erdian tepuiak uharte bakartien parekoak dira, munduan dauden arrasto geologikorik zaharrenak. Beste mendi bat igo edo tepui bat igo, alde nagusiena horixe da: ingurua».

Autanan aurten ere ezin

Eskalatu aurreko ibilia, ordea, ez zuten gozoa izan. Gorabehera handiko bidaia izan dute Venezuelara egindakoa. Adolfo Madinabeitiaren eta herrialde haren arteko lotura aspaldikoa da. 1989an Jesus Galvezekin joan zen lehen aldiz Madinabeitia Venezuelara, eta Aingeruaren Jauzia eskalatu zuten, munduko ur-jauzirik garaiena. Mila metroko jauzian behera, ura segundo batzuetan erortzen da; behetik gora eskalatzeko, ordea, 23 egun behar izan zituzten Galvezek eta biek. Hurrengo urtean itzuli ziren, eta ur-jauzia biderik zuzenenetik ireki eta igo zuten bi eskalatzaileek.

Ordutik beste hiru aldiz joan da Venezuelara. Helburu batekin joan da guztietan: Kolonbiako eta Venezuelako mugan dagoen Autana tepuiaren ekialdeko horma eskalatzea. Aurten ere mendi hori zuen begiz joa. Badu nolabaiteko sorginkeria, ordea, Autanarekin: «Orain dela hogei urte, baimenik ez genuen eskuratu, eta duela bi urte, inguru hartako indigenak turistekin haserre zeudela eta hara ez joateko aholkua eman ziguten Venezuelan ditugun adiskideek. Jaramon egin genien, noski».

Aurten, Caracas hiriburura iritsi zirenean, Autanan Leo Houlding eta haren taldea egon zirela jakin zuten. «Han zuten kontaktuak engainatu egin ziela eta dirutza ordaindu zutela jakin dugu. Irudipena daukat Houldingek-eta eduki zuten kontaktu horrek berak zapuztu duela indigenen eta gure arteko akordioa; hasiera batean bi ordenagailu eramangarriren truke baimena izango genuela esan ziguten, baina hara iritsitakoan 16.200 euro eskatu zizkiguten. Erotuta gaudela uste al dute?».

Acopan, B plana

Autanakoa baztertuta, B plana jarri zuten abian, eta Kolonbiatik gertu dagoen Autanatik Brasilekin muga egiten duen Acopanera joan ziren. 1.700 kilometroko bidaia, autobusetan eta garraio publikoan. Eromena. Autobusez Puerto Ordazeraino, transfer bat ondoren, Ciudad Bolivarrera iristeko. Handik, hamabi orduko bidaia autobusean, Santa Elenaraino, Brasilgo mugaraino. Unai Mendiarekin eta Albert Salvadorekin topo egin zuten han, eta haiekin Roraima aldera joatea aztertu zuten. Korrika eta presaka ibili beharrean nahiago izan zuten Yunet herrirantz abiatu, eta Madinabeitiak duela bi urte ezagutu zuen eremura joatea. «Acopanen lasai egongo ginela banekien, eta inguruko indigenek gogo onez hartuko gintuztela ere bai. Eskalada gosez iritsi eta Tacamahaca bidea errepikatu genuen aurrena». Ondoren iritsi zen MadinaWei. Venezuelako tepuiekin duen lilura aintzat hartuta, etorkizunean Amazoniako uharteetan izango da Madinabeitiaren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.