Eguraldi ezin hobea izan zuten larunbatean Txindokiko Kilometro Bertikala jokatzeko, modalitate horretako Euskal Herriko Kopako lehen lasterketa. Berrehun partaide elkartu ziren Larraitzen, Larrunarri tontorrerainoko 3,6 kilometroak nork lehenago egingo —desnibela 980 metrokoa da—. Azkenean, Onditz Iturbe igorreztarra (Bizkaia) eta Aitor Ugarte aramaioarra (Araba) izan ziren azkarrenak. Iturbek 44 minutu eta 13 segundo behar izan zituen gailurrera iristeko. Ugartek 35 minutu eta lau segundoan osatu zuen igoera.
Emakumezkoetan, Iturbe aise gailendu zitzaien aurkariei. Leire Elola tolosarra izan zen bigarren, irabazlearengandik lau minutu pasatxora (48.24), eta Claudia Sarrate kataluniarra hirugarren (48.40). Beraz, aurtengo partaideak oso urrun geratu dira Naiara Irigoien burlatarrak 2022an ezarritako markatik (40.20).
Gizonezkoetan, Aitor Ugartek oso indartsu bukatu zuen mendiko eskiko denboraldia, eta sasoiko dabil traileko probetan ere. Hala erakutsi zuen Txindokiko igoeran. Ugarteren atzetik, Ibai Larrea antzuolarra izan zen bigarren (35.18), eta Iu Net kataluniarra hirugarren (35.43). Duela hiru urteko proban, 2022an, Net bera izan zen azkarrena Txindokiko bertikalean, eta hark ezarritako errekorra (34.22) ezin izan zuen hautsi Ugartek.
Masterren artean, A kategorian (40-47 urte), Maite Zabaleta (49.58) eta Iñigo Lariz (38.37) izan ziren azkarrenak; B kategorian (48-55 urte), Amaia Intxausti (51.44) eta Anartz Etxeberria (42.40); eta C kategorian (56 urtetik gorakoak), Jexux Zelaia (46.16). Gazteen artean, Alazne Lozano (57.19) eta Peio Ziarsolo (42.10) gailendu ziren, eta juniorretan, Jone Oar-Arteta (56.20) eta Markel Iragorri (42.58).
Partaideak Larraiztik abiatu ziren, eta Gaintzako bidegurutzera jaitsi ziren lehenbizi, modu neutralizatuan. Hor jarri zen kronometroa martxan. Beraz, Iñaki Maiorak Ordiziatik Txindokirako errekorra egiteko hartu zuen bidea hartu du aintzat antolakuntzak, eta horri jarraitu zioten korrikalariek, horrek baitu, neurriz eta gogortasunez, bertikal kutsurik handiena. Bidean, Oria iturritik igaro ziren korrikalariak (kontrol puntua) eta, ondoren, Tximista bide zut eta zuzenean gora igo ziren tontorreraino.
Sailkapen guztiak, esteka honetan.