Peruko mendi galdu batean irabazitakoak

Urko Zabala, Ander Uria eta Aritz Aparizio eskalatzaileek ‘Galdu eta irabazi’ bidea (300 m, 7b) zabaldu dute Ekialdeko Puscanturpa mendian (5.442 m), Peruko Huayhuash mendilerro basatian. Horma hartako hirugarren bidea da.

Bidearen lehen luzea da gogorrenetako bat. U. ZABALA / A. URIA. / A. APARICIO
Bidearen lehen luzea da gogorrenetako bat. U. ZABALA / A. URIA. / A. APARICIO
ramon olasagasti
2025eko uztailaren 9a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Zer galdu zaizue zuei Perun?», galdegingo zieten akaso gurasoek. «Irabazitako sos apurrak mendian xahutu behar al dituzue orain ere?», esango zien lagun zuhurretan zuhurrenak. «Andeetako ipurtzuloan galduta dago, ordea, Ekialdeko Puscanturpa mendi hori. Hara joan behar al duzue?», galdetuko zien besteren batek. «Hain zuzen horrexegatik, mundu hiperkonektatu honetatik kanpo egon nahi dugulako joango gara hara», erantzungo zioten Urko Zabalak (Izkue, Nafarroa, 2003), Ander Uriak (Iraizotz, Nafarroa, 1989) eta Aritz Apariziok (Bilbo, 1980) balizko galdera horiei. Galdu eta irabazi, ez dira beti aurkia eta ifrentzua, ez dira beti porrota eta garaipena. Zenbaitetan, zenbat eta gehiago galdu, orduan eta handiagoa da irabaztearen poza. Gainera, Iñaki Artola pilotariak ondo adierazi zuen Irabazi eta galdu bertso sortan: Irabazi ta galdu, galdu irabazi, bi aurpegiak txanpon berean doazi. Edozein alorretan, nahi badugu hazi, horixe da erronka: bitatik ikasi.

Puskanturpa ekialdea, eskalada

Iaz, Peruko Huayhuash mendilerroan zebilela, begitazio bat nola, Ekialdeko Puscanturpa mendiaren (5.442 m) ipar aurpegia agertu zitzaion Pablo Escudero bilbotarrari. Harri eta zur geratu zen mendiaren edertasunarekin, frontis ikusgarri harekin. Escuderok eman zien Puscanturpa mendiaren berri Zabalari, Uriari eta Apariziori, eta hiru eskalatzaileei begirada galdu zitzaien horma hartan zabal zitezkeen bideen ametsetan. Perura bidaiatzeko sosak irabazi, eta ekainaren aurreneko astean joan ziren Atlantikoaz bestalde hiru mendizaleak.

Huaraz da Peruko Andeetako hiriburua. 3.000 metrotik gora dago, eta altueraren eragina nabaria da buruan eta gorputzean. Horregatik, garrantzitsua da altuerara egokitzea. «Hemen zera esaten da: el que no aclimata aclimuere», aipatu du Zabalak; alegia, egokitzen ez dena egohiltzen dela. Horregatik, lehen egunetan, Huaraztik gertu dagoen Hatun Machay inguruan aritu ziren kirol eskalada egiten, eta ondoren Vallunaraju (5.686 m) mendira igo ziren. «Ez zen erraza izan. Artean ez ginen oso ondo egokituak altuerara, eta jipoi handi samarra hartu genuen, baina Vallunarajuko igoeraren ondoren, gure Puscanturpako helburuari begira jarri ginen», azaldu du Zabalak.

«Estilo klasikoko bide bat da, eta bere indarra dauka. Seguru finkorik sartu gabe zabaldu dugu, guri gustatzen zaigun moduan; ez genuen txapaz jositako lerrorik ireki nahi»

URKO ZABALAEskalatzailea

Huarazen, Zarela Zamora izan zen eskalatzaile gazteen anfitrioia, hark eman zien ostatu, eta hark lagundu zien taxia, mandazainak, kanpadendak eta bestelakoak lotzen. Eskertuta daude oso Zarelarekin. Cordillera Blancan ez, Huayhuash mendilerroan dago Puscanturpa mendia. Askoz mendigune bakartuagoa eta basatiagoa da Huayhuash, eta hango mendiak ere halakoxeak dira, basak, zorrotzak eta gogorrak. Han daude, besteak beste, Siula Grande, Siula Chico, Yerupaja, Jirishanca... «Goizeko 02:00etan abiatu ginen Huaraztik, eta zazpi orduko bidaia egin genuen pista galduetan barna, eta gero beste bi egun oinez, mandazainekin, kanpaleku nagusira iritsi arte», oroitu dute Zabalak eta Uriak.

Ekainaren 9an heldu ziren Puscanturparen magalera. «Lekua sekulakoa da: horma ordu eta erdi eskasera geratzen da, laku txiki bat dago, ura...», deskribatu du Zabalak. Urruntasun eta bakardade hori, sakelako telefonoan estaldurarik izan gabe mendian galduta egote hori gogotik estimatu zuten, Uriak azaldu duenez: «Alpeetan eta Pirinioetan ez duzu halakorik topatzen ahal, halako bakartzerik. Tokiak xarma berezia du». Egun berean egin zuten materialaren lehen garraioa hormaren azpiraino, eta prismatikoekin aztertu zuten horma, bidea nondik nora zabaldu aztertzeko eta erabakitzeko.

Ekialdeko Puscanturpa mendiaren (5.442 m) mendiaren eskalada
Laugarren luzeari ekiten. U. ZABALA / A. URIA / A. APARICIO

Bazekiten bi lerro zeudela aurrez zabalduta Puscanturparen aurpegi hartan, holandarren bat eta frantsesen bat. «Guk zati bertikalenetik jotzea erabaki genuen. Harkaitza kuriosoa da, mendia basaltozkoa baita, eta aurrez ez genuen inoiz basaltoan eskalatu. Arrakala sistemak egon bazeuden, baina granitoan baino mugatuagoak, eta bilatu egin behar ziren. Horregatik, batzuetan, harkaitzak ez zuen aukera handirik ematen autobabesean eskalatzeko», jakinarazi dute Zabalak eta Uriak.

Bidearen zafladak eta opariak

Biharamunean heldu zioten eskaladari, ekainaren 10ean. Ahal zela, egun bakarrean eskalatu nahi zuten 400 metroko horma, abentura eta adrenalina dosi hori gehitu nahi zioten jarduerari. Lehen luzea, ordea, «kristoren zaflada» izan zen. Off width edo zabalera handiko arrakala batek hortzak estutzera behartu zituen, eta Aritz Apariziok bere gaitasun guztiak baliatu behar izan zituen sokaren buruan. «Eskalatzen dabilenak badaki zein zailak izaten diren off width deitutakoak. Luze horretan jarri genuen bideko txapa bakarra. 7a+ gradukoa geratu zen. Egunen batean norbaitek berriz egiten badu, ikusiko ditu bereak hasiera horretan», ohartarazi dute.

Hurrengo luzeetan, horma zertxobait otzanago agertu zitzaien, baina eguraldia gaiztotuz joan zen. «Lainoak sartzen ziren, tarteka elurra egiten zuen, euria, haizea... Ez genuen egun erraza izan. Lumazko bi jaka jantzita eskalatu genuen eguneko ordu askotan. Une oro zalantza izan genuen, jarraitu, ez jarraitu, baina, motibazioari esker, aurrera egin genuen».

Gora eta gora, aukeratutako lerroak opari polita egin zien bosgarren luzean: diedro eder bat, bukaeran splitter ikusgarri bat zuena. Eskuak ahokatzeko tarte doia eskaintzen duten arrakalei esaten zaie splitter. Gorago, sabai moduko bat gainditu behar izan zuten: 7b graduko 45 metro inguru. «Horixe da lerroko tarterik zailena. Sabai horretatik, beste bi luze eta tontor ingurunera atera ginen. Bai frantsesen eta bai holandarren bidea tontor nagusira doaz, eta guk erabaki genuen ezkerreko tontorrerantz jarraitzea».

Urko Zabala, Ander Uria eta Aritz Aparicio Peruko Esfinge mendiaren tontorrean
Urko Zabala, Aritz Aparizio eta Ander Uria Esfinge mendiaren tontorrean. Han beste bi bide ere eskalatu dituzte: 'Via del 85' eta 'Cruz del sur'.

Zortzi luzeren eta 300 metroko eskaladaren ondoren, 15:30 aldean jo zuten tontorra. Lortu zituzten bi helburuak: basaltozko frontoi hartan bide bat zabaltzea eta egunean egitea. Igoerako lerro beretik rappel eginez, eguneko azken argi izpiekin heldu ziren lurrera. Pozik, oso pozik, lortutakoarekin: «Estilo klasikoko bide bat da, eta bere indarra dauka. Seguru finkorik sartu gabe zabaldu dugu bidea, guri gustatzen zaigun moduan; ez genuen txapaz jositako lerrorik ireki nahi, gure estiloa ez baita hori», azaldu dute. Nahi izanda ere, ezingo zuten seguru finkorik sartu, goitik eroritako harri batek birrindu egin baitzien zulagailua.

Huarazera bueltan, Añube taldearen Auzo zaharra abestia entzuten, Galdu eta irabazi izena eman zioten bideari; izan ere, zulagailua ez zen izan galdutako trepeta bakarra. Krokiserako argazkiak ateratzeko dronea hegaldatu, eta horma jo zuen makina hegalariak; beraz, zirtzilduta geratu zitzaien. Mandazainak iruzur egiten ere saiatu zitzaizkien... Gauza franko galdu dituzte Puscanturpako eskaladan, baina kontuak egiten hasita, irabazitakoa hagitzez gehiago izan da: «Han bizi izandako esperientzia, ikasitako guztia, lekuaren xarma, abenturaren plazera...». Ondare immaterial hori, irabazien kontuan betirako geratzen dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.